Bertsotan, hobeto kuadrillan

Arabako Bertso Kuadrillen Arteko finala jokatuko dute martxoaren 25ean, Laudion. Izena Pentsau Bida, Errexala eta Muinoko Katuak taldeak lehiatuko dira.

Errexala eta Beeeeertsolariak taldeak Bastidan (Araba), aurtengo bigarren finalaurrekoan. ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA.
unai etxenausia
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Badaude bertsolaritzaz gozatzeko ezin konta ahala modu, testuinguru eta bertso. Doinuak, errimak eta inprobisazioa baino gehiago dira bertsoak; bertsolariak baino gehiago ere bai. Nafarroa Arenan, plazetan, elkarteetan... edonon abestu eta edonora egokitu daitezke. Eta, bertsolariez gain, saioa entzuten edota prestatzen duten bertsozaleak ez baleude, ez legoke bertsolaritzarik: kolektibo barik, ez legoke ezer. Arabarrek badakite hori, eta badakite komunitateak hauspotzen duela lurraldeko bertsolaritza. Bertsotan lehiatzen diren arren, Arabako bertsozaleak biltzea da garrantzitsuena.

2010eko Arabako Bertso Kuadrillen Arteko Txapelketa mugarri izan zen Arabako bertsolaritzarentzat, eta, ordutik hona, bi urtean behin antolatu dute. 2018ko eta 2020ko bideari eutsita, Arabako bertsolaritza urteetan eraikiz joan den mugimendua saretzeko eta indartzeko helburuarekin prestatu dute aurtengo aldia. Fruituak eman ditu egindako lanak; izan ere, 280 pertsonak parte hartu dute zazpigarren aldian. Jada egin dute bidearen parterik handiena, eta azken txanpa geratzen zaie bakarrik: urtarrilaren 27an hasitakoa hilaren 25ean amaituko dute, Laudion (Araba).

Taldekakoa da kuadrilla arteko txapelketa: bat-batekoa eta idatzizkoa. Bat-batekoari dagokionez, hamabi talde apuntatu ziren aurten. 3-6 bertsolari ez ezik, gai jartzaileak, epaileak, argazkilariak, grabatzaileak eta sukaldariak ere badauzka talde bakoitzak. 9-12 laguneko taldeen artean lehiatu dira, eta, guztira, 64 lagun aritu dira bertsotan, 16 epaile lanetan, 16 lagun gai jartzaile, eta gainerakoak bestelako funtzioetan. Horrez gain, beren herriko edo eskualdeko saioak antolatzeaz arduratu dira taldeak.

Murgian (Araba) jokatu zuten hirugarren eta azken finalaurrekoa. Gasteizko Muinoko Katuak eta Arabako Errioxako Txandrio taldeak lehiatu ziren. Talde bakoitzaren hasierako agurraren ondoren, bertsolariek ariketak banatu zituzten: binaka ofizioetan, hirunaka koplan, hirunaka asmakizunetan... Bi taldeek onena eman ondoren, Muinoko Katuak taldeak irabazi zuen, epaileek hala erabakita. Beraz, Aramaioko (Araba) Izena Pentsau Bida eta Gasteizko Errexala taldearekin batera abestuko dute Laudioko finalean.

Bertso poteoarekin hasiko dute eguneko egitaraua, 12:00etan. Herriko institututik hasita, tabernaz taberna ariko dira kantuan. Institutura itzuliko dira ondoren, eta bazkaldu egingo dute 14:00etan. Intxixv taldeak kontzertua emango du bazkalostean. Azkenik, 17:00etan, finalistak kantuan hasiko dira.

Umorea hizpide

Uxue Diaz de Zerio Arabako Bertsozale Elkarteko transmisio eragileak ontzat jo du aurtengo txapelketak orain arte izandako harrera: «Azken lau urte zail hauen ondoren, itzuli da. Hasieran kostatzen da jendea mugitzea, baina lortu dugu txapelketak aurrera egin ahala jendea saioetara bertaratzea. Finalaren atarian gaude orain».

Bi adiera ditu kuadrilla hitzak Araban. Barruti administratiboak izendatzeko hitza izateaz gain, lagun taldeak izendatzeko balio du. «Biak elkartzeko sortu genuen txapelketa hau», nabarmendu du Diaz de Zeriok. Hainbat kuadrillatako taldeek parte hartu dute txapelketan: Aiaraldea, Arabako Errioxa, Mendialdea, Lautada (bi talde), Gorbeialdea (lau talde) eta Gasteiz (hiru talde).

Bakarkako txapelketatik kanpo, bertsolaritza Araba osora gehiago zabaltzea eragin du Arabako Bertso Kuadrillen Artekoak. Jendeari aukera ematen dio kantatzeko, maila edozein izanda ere, edo saioetan beste funtzio bat betetzeko —sukaldari, adibidez—. «Horri esker lortu dugu jendea bertsoaz gehiago interesatzea, eta denek zerbait eman ahal izatea», azaldu du Diaz de Zeriok.

Gauza guztien gainetik, ordea, finalean «giro bikaina»egotea espero du: «Umorea izango da garrantzitsuena, eta urduritasunak eta gorabeherak izango diren arren, bertsoaz gozatuko dute: hori da eguneko garrantzitsuena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.