Komunikazioa

Bertsolaritza, uhinetan hedatzen

Arabako bertsolaritzari buruzko irratsaioa gidatzen du asteartero Beñat Zamalloak Radio Vitorian, 20:30etik aurrera. Gonbidatu baten bueltan, ordu erdiz bertso saio bati buruz jarduten dute, era «entretenigarri eta dibulgatiboan».

Beñat Zamalloa, Errota bertsolaritza saioko gidaria, Ruben Sanchez lehen gonbidatuarekin. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Abel Enbeitaren Errota baserrian hasi zen, orain dela 30 bat urte, Arabako bertsolaritzaren hazia ereiten. Euskarak egoera soziolinguistiko zaila du lurraldean, eta hor ahozko bat-batekotasuna ez da garatu Euskal Herriko beste herrialde batzuetan beste. Halere, Enbeitak eta beste askok egindako ahaleginak fruituak eman ditu, eta pisua hartzen ari da bertsolaritza Araban. Horren erakusgarri da Radio Vitorian gaiari buruzko saio bat hasi izana. Asteartero entzun daiteke, 20:30etik 21:00etara, eta Beñat Zamalloak gidatzen du. Errota izena jarri dio irratsaioari, Enbeita Arabako bertsolari askoren maisuaren omenez.

Bertsolaritzari buruzko beste saio batzuk egon dira Radio Vitorian, baina «era gordinean» lantzen duten lehen aldia da, Zamalloak dioenez. Irratiko euskarazko saio bakarrenetarikoa da, gainera, Errota; larunbat iluntzeko Gure musika;Hirinet FM, zeina datorren astean hasiko den,eta Aldapeko saio elebidunean ere entzun daiteke euskara.

Arabako bertsolaritza jorratuko du asteartero ordu erdiz Zamalloak. Gonbidatu bat izango du lagun, eta harekin batera, bertso saio bat aztertuko du. «Gonbidatua bertso saio horri lotuta egongo da». Zamalloak dioenez, ez du zertan beti bertsolaria izan; gai-jartzailea, antolatzailea edo bertsozale bat ere izan daiteke.

Irratsaioa Araban bertsolaritza zabaltzeko bitarteko bat izatea nahi dute, eta, beraz, ez dituzte alor teknikoak «oso zorrotz» landuko. «Gonbidatuaren aitzakian, hark bertsolaritzan eginiko ibilbidearen inguruan jardungo dugu». Bertso saio baten inguruan hitz egingo dutenez, bertsoak entzuteko aukera ere izango dute, baina gonbidatua izango da ardatza. «Araban askotan gertatzen da normalean bertsolaritzan ari dena beste ekintza artistiko edo kultural batean ere badabilela, eta horretaz ere jardungo dugu».

Ruben Sanchez izan zuen saioak lehen gonbidatua, The Arlotes marrazki bizidunen egilea. Izar Mendiguren kazetari eta bertsolariak hartu zion lekukoa iragan astean, eta Asier Otamendiren txanda izango da etzi. «Asier bertsolari beteranoa da, hainbatetan txapela irabazitakoa». Hurrengo saioetan Zigor Enbeita Abelen semea hartuko du Zamalloak irratian. «Aita-semeen ibilbideari buruz arituko gara».

Saio dibulgatiboa egitea da Zamalloaren asmoa. «Kontuan hartuta normalean Radio Vitoriaren entzuleak erdal hiztunak direla, modu erraz eta entretenigarrian saiatuko gara bertsolaritzak Araban duen hedapena eta izaera kontatzen».

Zamalloari ez zaio «kasualitatea» iruditzen orain Radio Vitorian bertsolaritzari buruzko saio bat ematea. Izan ere, azken boladan asko hedatu da bertsolaritza lurraldean.«Mugimendu indartsu samarra du bertsolaritzak Araban; ez bakarrik Gasteizen, gainontzeko eremuetan ere bai».

«Hedatze fasean»

Bertsolaritzaz idazten du Zamalloak BERRIAn, eta, dioenez,Arabako bertsolaritzak ezaugarri propioak ditu. «Deskubritzen ari naizen mundu bat da. Uste nuen baino hedatuago dago», dio. Beste lurraldeekin alderatuz, «berezia» dela dio, plazako horrenbeste jaialdi ez daudelako. «Bertso poteoak eta lagunarteko afari asko daude». Testuinguru soziolinguistikoa kontuan hartuz, Araban bertsolaritza «aurrera egiten» ari da. «Bertsolari batzuek nahiko lituzkete plazetako saio gehiago, baina hedapen fase batean dago». Saio «fresko eta erakargarriak» egiten dituzte, Zamalloaren hitzetan. «Agian, ez die bertsolariei sakontzeko aukera asko ematen, baina bertsolari zailduak eta berriagoak batera egin ditzaketen saioak dira».

Bertso saioak zaleak dauden tokietan egiten dituzte, eta «saioz saio zale gehiago ari dira bereganatzen». Azkeneko Arabako Bertsolaritza Txapelketan eduki zuen Zamalloak aldaketaz jabetzeko aukera. «Zaleak eta bertsolariakgaztetu egin dira, kopurua ere igo egin da». Hazten ari da Arabako Bertsolaritza Txapelketa. «Harrigarria da ikustea nola eskualde guztietan gutxienez bertsolari taldetxo bat dagoen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.