Ez dago bertso saiotan egon ohi den isiltasun eta kontzentraziorik publikoan eta ezohikoa da erabat egoera. Orain arteko ohituren aurka doana. Ikusleak aholkuak eta animo oihuak botatzen dizkiete ozen aurrean dituzten bi bertsolariei, eta ahal duten neurrian kasu egiten diete haiek. Andoni Egaña, alkandora dotore bat kenduta, kamiseta hutsean dago, eta Sebastian Lizasok txandala eta zapatilak ditu jantzita. Trontzan ari dira biak jo eta su, gogotsu, guztia eman beharrean. Mendaroko (Gipuzkoa) Kontzezio Azokan apustua dute gaur trontzan Egañak eta Lizasok, eta ostegunean egin zuten entrenamendua.
Ez dute kartzelakoan bezala bakarrik ibili beharko, ordea. Ofiziotan egiten den gisan, lagunarekin osatu dute jendaurreko ariketa. Sonia Garcia, Mendaroko alkatea, izango du bikotekide Lizasok, eta herrian dagoen TokiAlai jatetxeko Nerea Arebalorekin jardungo du Egañak.
«Sagardoak eta txakolinak egin zuten apustua, ez guk. Parranda baten ondorio izan da», esan du txantxetan Lizasok. Mendaron Santa Ana Egunean bertso saioa izan zuten Lizasok eta Egañak, eta hantxe sortu zen trontzan erronka egitearen ideia, festa giroan murgilduta, jan eta edanean. «Herri kirol erakustaldia ikusten ari ginela, Lizasorekin trontzari buruz hitz egiten hasi nintzen. Nerea sartu z,en ondoren eta ea apusturik egingo genuen bota zigun. Sebastian nirekin jarri zen, eta Nereari bikotea falta zitzaion», azaldu du Garciak. Baina berehala konpondu zuten arazoa: «Andoni pasatu zen gure aurretik, eta 'hor datorren horrekin', esan zigun Sebastianek».
Alboan dute Egaña, elkarrizketan sartu gabe, isilik, zigarroari zupada luzeak ematen, etsipen apur batekin bezala: «Ez nengoen erronka bota zutenean. Orain arteko apustu guztiak nik egin ditut. Sebastianek bat pentsatuko, eta nik ere parte hartu behar!».Kubatik itzuli berri da Egaña. Asier Altunarekin batera Bertsolari filma aurkezten izan da, eta oraindik «ordu aldaketara» erabat egokitu ezinda dagoela esan du.
Lizasok gogora ekarri du Egañak Diego Garcia korrikalariarekin egindako maratoi erdiko erronkan bera ere izan zela: «Andonik Diegoren denbora erdian egin behar zuen lasterka, eta nik bizikletan amaitu behar nuen. Lortu nuen».
Omenaldiaren barruan
Erdi txantxetan hasitakoa zerbait «serioa» bihurtu dela adierazi du Lizasok. «Ez genuen espero herri kirol erakustaldi baten barruan trontzan egingo genuenik». Mendaroko Goñati pilotalekuan izango da apustua, gaur 12:30ean. Harri-jasotzaileek, aizkolariek eta trontzalari profesionalek ere jardungo dute. Bi aldiz Euskal Herriko txapela irabazitako Esteban Elorza Kortaberri eta Agustin Larrañaga Agarretxiki trontzalari ohiei omenaldia egingo diete, gainera. Azken horren Mendaroko baserrian bildu dira lauak, bigarren aldiz entrenatzeko, Elorza, Larrañaga eta haien familiako batzuekin batera.
Trontzan egiteko aproposa da lekua. Basoz inguratuta dago, eta, pinudi handi baten erditik maldan gora, bihurgunez beteta doan errepidetik iristen da hara. Zoladura kaskarreko bidea da, ordea, zuloz jositakoa, eta rally bateko gidariaren pareko sentitzen da bisitaria autoz handik doala. Abiadurarekin jauziak etengabekoak dira.
Egañak ezagutzen du aurretik errepidea, eta, autoa behean utzita, Lizasoren jeep dotorean igo dira biak. «Mañukorta ere hemen inguruan bizi da», dio Egañak. «Orain dela bi aste lehendabiziko entrenamendua egitera etorri ginen. Ilunduta zegoen, eta orduan izan genituen komeriak», gaineratu du Lizasok.
Baserriaren atarian prest dute moztu beharreko enborra, eta talde polita bildu da ikustera. Bertsolariak ekinean hastearekin batera,giroa berehala piztu da. Alboan dituzte Elorza eta Larrañaga, aholkuak ematen une oro. Nabari da eskarmentua badutela: «Besoa zuzen jarri. Jarraitu horrela». Familiakoak ere gehitu dira iskanbilara: «Egaña, mesede egin dik lehen erretako zigarroak!», esan dio batek adar joka. Entrenamendua izanagatik, gogoa jarri dute bi bikoteek eta hiru enbor moztuta paretsu bukatu dute, azkenean. «Sukarra al duzu?», esan dio Lizasok Garciari kopeta ukituta, masailak gorrituta dituelako txantxetan.
Irabazleek bazkaria ordaindu beharko diete galtzaileei. Baina ez dute oso argi oraindik zehazki zenbat enbor zati moztu behar dituzten. Eztabaida sortu da. «Lau moztuko al ditugu lasai?», galdetu dio Lizasok Arebalori. «Hirukin nahikoa da!», erantzun dio Egañak. Janzkeraren inguruan ere ez dira erabat ados jartzen. Bi emakumek baserritar jantzita joateko asmoa dute, baina gizonak ez daude konforme: «Lanerako ez ziren horrela janzten. Trontzan ezin da alkandora zuriarekin egin. Ni horrelaxe joango naiz», esan du Lizasok besoak zabaldu eta zapatiletara begira. Erronka guztietan bezala, bakoitzak baditu bere faboritoak, baina Larrañagak ez du busti nahi izan: «Begiz jota badut bikotea, baina ez naiz ausartzen ezer esatera hemen».
Txakolin tragoxka eginda joateko ordua iritsi zaie: «Goazen Sebastian, bertso saioa diat orain eta». Jeepean sartu dira biak. Errepide nagusira iritsitakoan egin du Egañak auto aldaketa, aldatzeko arropa eta zapatak eskuan dituela.
Bertsolarien lehia trontzan
Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek trontzan apustua dute gaur elkarren aurka. Kontzezio Azoka egingo dute Mendaron, eta herriko Goñati pilotalekua izango da erronka bereziaren lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu