Bertsolarien arteko derbia urtarrilaren 3an izango da

Igor Elortza eta Amaia Agirre izango dira, hurrenez hurren, Athletic eta Realeko kapitainak

Araitz Muguruza.
Donostia
2013ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Bertsolaritzak badu lehiatik, eta ez txapelketa garaian bakarrik, edozein saiotan aritzen baitira bertsolariak ondokoa zirikatzen. Errimekin jokatzen dute, eta futbolarien eran golak sartu ere bai. Futbolaren eta bertsolaritzaren antzekotasuna kontuan hartuta, eta Athletic eta Realaren arteko derbia aitzakiatzat hartuta, Sartu dimentsio berri batean lelo duen bigarren Bertso Derbia egingo da. Urtarrilaren 3an izango da, futbol derbia jokatuko den asteburuaren atarian, Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan.

Iaz egin zuten lehengo Bertso Derbia, eta orduko baldintza eta ezaugarri berak izango ditu aurtengo saioak ere. Kapitain lanetan Igor Elortza eta Amaia Agirre arituko dira, lehenengoa Athleticen izenean; bigarrena, aldiz, Realarenean. Haiekin batera, beste hiru bertsolari arituko dira, baina oraindik ez dute haien berri eman, publikoaren esku baitago zeregin hori. Talde bakoitzaren sare sozialen bitartez eta abenduaren 8a baino lehen aukeratu beharko dituzte zaleek derbian kantatzen ikusi nahi dituzten bertsolariak.

Realeko hautagaiak Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Sebastian Lizaso, Nerea Elustondo, Jexux Mari Irazu, Ane Labaka eta Agin Laburu dira. Athleticekoak, berriz, Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Miren Amuriza, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Fredi Paia eta Nerea Irazabal.

Realaren Fundazioak antolatu du 2D betaurrekoak irudi dituen edizioa. Bi futbol taldeei egiten diete erreferentzia betaurrekoek, begi banatan baitoaz bi taldeen koloreak. Joseba Ibarburu fundazioko kideak azaldu du fundazioaren helburuekin bat datorren ekitaldia dela Bertso Derbia. «Funtzio soziala ere badugu, eta garrantzi handia ematen diogu ekitaldi honetan parte hartzeari, kultura eta kirolak bat egiten dutelako». Bestalde, bi taldeen arteko harremana indartzeko balio diela gaineratu du Realeko ordezkariak. Bertsolaritza kirolarentzat «eredugarria» dela gehitu du Joxe Angel Iribar jokalari ohiak: «Bertsolaritzaren izaera begirunean oinarrituta dago; horrelako ekitaldi batean parte hartzea, gainera, gizarte sanoago bat lortzeko bidean aurrerapauso bat da».

Sarrera doakoa izango da, eta Athleticen, Realaren eta Donostia Kulturaren atarietan eskuratu ahalko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.