Asteburuko proposamenak

Bertsoaren indarra

Etxahun Barkoxe, Jon Lopategi eta Jon Mugartegi bertsolariak omenduko dituzte, bihar, Xalbador Egunean, Urepelen

Bertso saioa egingo dute, bihar, bazkalostean. BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Asmo jakin batekin sortu zen Deiadarra elkartea, eta helburu berarekin jarraitzen du, Itxaro Bethart kidearen arabera: «Gure sustraiak eta erroak bizirik atxikitzea». Hori dela eta, hamaseigarrenez egingo dute Xalbador Eguna, bihar, Urepelen (Nafarroa Beherea). Bertsolari baxenafartarra gogoratzeko egingo da festa, eta horrelako omenaldiak egitea «garrantzitsua» dela uste du Deiadarra elkarteko kideak. Horrez gain, euskal kulturaren inguruko beste pertsona batzuk omendu izan dituzte urtero, eta hiru bertsolari oroituko dituzte aurten: Etxahun Barkoxe (1786-1862), Jon Lopategi (1934-2019) eta Jon Mugartegi (1933-2018), hain zuzen.

Omenduko dituzten bertsolari horiek euskal kulturan izandakogarrantzia eta eginiko ekarpena azpimarratu du Berthartek: «Gure altxorrak dira hauek ere».Arrazoi ezberdinengatik izan dira hautatuak. Iaz hil zen Jon Mugartegi, eta aurten zendu da Jon Lopategi. Bestalde, argi zuten noizbait Etxahun Barkoxe omendu nahi zutela, eta aurten egitea erabaki dute: «Orain dela urte batzuk Etxahun Iruri omendu genuen. Aurten, berriz, Etxahun Barkoxe omenduko dugu. Jendeak entzunak ditu haien izenak, baina esango nuke ez dutela horren presente nortzuk diren».

Hiru bertsolarien inguruan gehiago jakiteko, Etxahun Barkoxe, Jon Lopategi eta Jon Mugartegi Gogoratuz izeneko hitzaldi bat emango du goizean Joxe Mari Iriondok. Bakoitzaren biografia oinarri hartuta, haien bizitzaren inguruko hainbat esperientzia eta istorio kontatuko ditu.

Bertso saioari ekingo diote, berriz, bazkalostean. Lau bertsolari ariko dira kantuan: Maddalen Arzallus, Juan Jose Eizmendi, Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso.Fernando Aire Xalbadorda eguneko protagonista, eta haren omenez egindako jai batean ezin zuten hutsik egin bertsoek, «logikoena» da, Bertharten iritziz.

Ekitaldi nagusiak bihar egingo diren arren, gaur 20:00etan hasiko da ospakizuna Gaztelondon zer berri? antzerki emanaldiaren bitartez. Bihar goizean, berriz, mendi ibilaldia egingo dute Xalbadorren etxolara, Urepele ezagutuz. Ondoren, meza eta Joxe Mari Iriondoren hitzaldia izango dira. Eguerdi partean, Bilboko Salbatzaile dantza taldeak eta herri kirolek alaituko dituzte kaleak.Bazkarirako tartea izango da gero, eta bertsolariek hartuko dute hitza ondoren. Azkenik, erromeriarekin amaituko da jaialdia, 17:30ean hasita.

Bestalde, bertsopaper lehiaketa ere antolatu du aurten Deiadarra elkarteak. Bi mailatan banatu du: haurrentzat (15 urte arte) Xalbador gogoan izango duten bertsoek osatua; eta helduentzat (16 urtetik gora) Etxahun Barkoxe gai hartuta. Bihar, Xalbador Egunean bertan emango ditu lehiaketaren irabazleen izenak Deiadarra elkarteak.

Xalbador Eguna



Bihar, egun osoan, Urepelen (Nafarroa Beherea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.