Bertsolaritzaren festa nagusia bueltan da, eta aurten Lesaka (Nafarroa) izango da Bertso Egunaren epizentroa. Etzi, larunbatean, bertsolariek eta bertsozaleek egitarau zabal eta berezi batez gozatzeko aukera izango dute. Antolatzaileek, Bertsozale Elkartearen gidaritzapean, kultura eta festarako proposamenak eskainiko dituzte egun osoan zehar, Lesakako Udalaren, Laboral Kutxaren eta Bortzirietako Bertso Eskolaren lankidetzarekin. Goizean hasi eta gauera arte izango dira jarduerak, besteak beste, bertsoaldiak, poteoa eta afaria sagardotegian. Dagoeneko agortuta daude saio nagusirako eta afarirako sarrerak.
10:00etan ekingo diote egitarauari: Oinak Bidean ibilbidea egingo dute, Harriondoa kultur etxetik abiatuta. Ondoren, bertso poteo bat egingo dute Lesakako kaleetan barrena, eta hainbat bertso eskolatako kideek bertsoak kantatuko dituzte «giro alai eta parte hartzailean». 14:30etik aurrera, luntxa egingo dute Arrano elkartean.
Arratsaldean, bertso jaialdi bat izango da Harriondoa kultur etxean: XXI. mende, 25 (H)ilbeltz. Sei bertsolari arituko dira kantuan: Alaia Martin, Amets Arzallus, Julio Soto, Maddi Ane Txoperena, Nerea Ibarzabal eta Peru Abarrategi. Gai jartzaile lanetan, berriz, Alaitz Rekondo arituko da.
Arratsean, 20:30ean afaria izango da Linddurrenborda sagardotegian. Afariaren ostean, bertso giroa luzatuko dute Manex Pagolak eta Hor gu taldeak —aurtengo Bardoak txapelketako irabazleak—. Amaitzeko, DJ batek girotuko du festa Arrano elkartean. Afariaren prezioa 36 eurokoa da.
Bertso Egunaren bilakaera
Gaur egungo Bertso Egunaren sustraiak 1968. urtekoak dira; garai hartan, Bertsolari Eguna izena zuen ospakizunak. Lehen urteetan, bertsolari ezagunen omenezko ekitaldiak egiten zituzten egun horretan. 1987an, Bertsozale Elkarteak antolatu zuen eguna, Donostiako Udalarekin lankidetzan. Urte batzuk geroago, 1995ean, ekitaldiak eraldaketa sakona izan zuen: omenaldi kutsua baztertu eta Bertso Eguna izen berriarekin aurkeztu zuten, formatu fresko eta irekiagoarekin.
Donostiako kaleetan sustraitutako ekitaldia bertan egin zen urte luzez, baina 2017an geldialdi bat egin zuten. 2018an, Euskal Herriko beste lurraldeetara zabaldu zuten, ekimen ibiltari gisa. Pandemiako urteetan, beste erronka batzuk izan zituzten ekitaldia egiteko; hala ere, Bertso Eguna antolatzeko aukera izan zuten. Izan ere, 2020an, plaza sustatzeko asmoz, hiru Bertso Egun iragarri zituzten, baina azkenean bi bakarrik egin ahal izan zituzten: Iruñean eta Getarian (Gipuzkoa). Hirugarrena, Hazparnekoa (Lapurdi), bertan behera geratu zen.
2022an, Izpuran (Nafarroa Beherea) egin zuten, bertso saio formatu trinkoarekin. Azkenik, duela bi urte, ekitaldiak bere ohiko egutegia eta egitaraua berreskuratu zituen, eta egun osoko festa ospatu zuten Azpeitian (Gipuzkoa). Gernika-Lumon (Bizkaia) egin zuten iazkoa.