MAITE DITUT MAITE. Beñat Gaztelumendi. Bertsolaria

«Bertsoak kantatzean, inprobisatzeko ariketak ere asko du magiatik»

Astebete baino ez du behar izan Beñat Gaztelumendik 'Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak' liburua irakurtzeko. Askotariko ahotsak nahasten ditu, eta ahots horiek eratzeko modua gustatu zaio.

JON URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Balkoirik gabeko etxe batean pasatu du konfinamendua Beñat Gaztelumendi bertsolariak (Donostia, 1987). Ez da «ez kirolariagoa, ez pertsona hobea eta ez irakurle izugarria» atera itxialditik, baina irakurtzeko astia izan du; baita gerora ere. Azkena irakurri duen liburua Irene Sola katalanak idatzitakoa da: Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak. Asko gustatu zaio.

Zergatik da Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak zure liburu kuttuna?

Kuttuna denik ez nuke esango. Nik uste dut momentu bakoitzak daukala bere liburua, eta justu orain bukatu berri dudan liburua hori da. Lagun batek gomendatu zidan, etaerosi egin nuen. Han egon da hilabete pare bat-edo zain, eta azkenean astebetean irakurri dut.

Hasi eta berehala irensten duzun liburua da, ala patxada eskatzen du?

Liburu motza da, baina erritmo handia dauka. Ahots desberdin dezente nahasten ditu, eta kapitulu bakoitza narratzaile batek kontatzen du. Ahotsak ez dira gizakienak bakarrik, naturako elementuek ere kontatzen dute istorioa; tximistak, esaterako. Ni gustura hasi nintzen irakurtzen, eta liburuak harrapatu egin nau.

Zu ere bertsotan ahalegintzen al zara ahots desberdinak kontuan hartzen zure ahotik?

Bertsolarien kasuan, pertsonaia desberdinak jartzen dizkigute kantatzeko gaietan, normalean. Pertsonaia bat izan zaitezke eta maskara bat eraiki, baina maskara horren atzean jendeak beti zu ikusten zaitu. Kontua da ea gorputz guztiak izan gaitezkeen edozein pertsonaia, ea ni izan naitekeen etorkin bat, adibidez, eta ea zenbateraino dagokidan niri etorkin baten ahotsa hartzea eta hori kapitalizatzea. Hori da nire zalantza.

Zer da liburu honetan gehien gustatu zaizuna?

Bereziki gustatu zait nola dauden eraikita pertsonaia eta ahots diferenteak. Oso korporala da denbora guztian liburua: usainak, koloreak eta soinuak nabari dira. Eta ahots bakoitzak dauka bere izaera oso berezia; uste dut askotan hori falta zaigula:askotan, sentsazioa daukat oso diskurtso onberak egiten ditugunean ere ez ote garen aldarrikatzen dugun horren gainetik kokatzen. Uste dut biak direla garrantzitsuak: bai esaten dena, eta bai nork, nola eta nondik esaten duen.

Zuk kantatzen duzunean, dantza egiten al du mendiak?

Egia esan, ez naiz oso fantasia zalea inoiz izan. Abstrakziorako joera badut, baina errealitateari kantatzea gustatzen zait. Hala ere, uste dut magia puntu hori beti bilatzen dugula nahi gabe. Liburu honekin gertatu zait: mendiak dantza egiten du, baina dantza egiten duen mendi hori ez zait mendi fantastiko bat iruditu. Ikusi egin dut benetako mendi bat dantzan, eta hori gustatu zait bereziki eleberri honetan.

Kantatzen dudanean, gustatzen zait magia puntu bat sortzea, baina nik uste dut hori baino gauza lurrekoagoa dela nik egiten dudana.

Zer du bertsolaritzak magiatik?

Nire ustez, sormen lan guztiek dute magiatik. Batetik, hartzailearentzat beti dauka magia puntu bat plazan egoteak eta komunitate baten parte izateak. Magia estetiko bat ere sortzen du hitzen jolas horrek; soinuak, doinuak... Diskurtsoak ere sor dezake zirrara bat, magia bat... eta bertsoak kantatzen ari zarenean ere inprobisatzeko ariketa horrek ere asko du magiatik.

Eta eguneroko bizitzan, non aurkitzen duzu zuk magia?

Horretan ez naiz batere erromantikoa. Etengabe jotzen dugu egiten dugun guztiari garrantzia eta zentzu bat ematera, magia eta epikotasun bat ematera, eta uste dut gauzak bizi behar direla datozen bezala: lasai, eta gozatuz.

Zer du bertsolaritzak literaturatik?

Gauza asko da bertsolaritza. Literatura bada, hitza daukalako eta helburu artistiko batekin erabiltzen delako hitz hori; poesiatik zerk bereizten duen jakitea, berriz, ez da erraza. Bertsolaritza ahozkoa da, bat-batean egiten da, jendaurrean performatzen da, eta parean dauzkazun gorputz horiek eragiten dute zure sorkuntza prozesuan. Hori da bertsoaren definizioa.

Behar du bertsolariak hartu-eman hori entzulearekin bertsoa osatzeko?

Etxean ere idatzi ditzaket bertsoak, baina bat-bateko bertsolaritzak niri beste zerbait sortzen dit. Askotan esaten da txaloak behar ditugula... ez da hori. Nik, kantatzen ari naizenean, ondoko bertsolariaren presentzia fisikoa behar dut:laguntzen dit nire diskurtsoa osatzen. Parean dagoenaren presentzia hutsak ere eragiten dio sortzen ari naizenari, eta hori interesgarria iruditzen zait: oso kolektibo bihurtzen du dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.