Asteburuko proposamenak

Bertsoa bizirik atxikiz

Alkhat, Arrosagarai eta Mihura bertsolariei omenaldia egingo diete bihar, Xalbador Egunean, Urepelen. Hamabosgarrenez ospatuko dute

Bihar, bazkariaren ostean, bertso saioa egingo dute. BERRIA.
Andoni Imaz
2018ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Xalbador Eguna du izena, baina asteburu osora luzatzen da Urepelen (Nafarroa Beherea) bertsolariaren omenez egiten duten ospakizuna. Hamabosgarrena da aurtengoa, 2004. urtean sortu baitzen eguna antolatzeaz arduratzen den Deiadarra elkartea. Gaur, 21:00etan, kontzertua egingo dute, Baigorriko (Nafarroa Beherea) Lagun Alai koruarekin, baina biharkoa da ospakizun egun garrantzitsua. Urepeleko bertsolariaz gain, euskal kulturaren inguruko beste pertsona batzuk ere omendu izan dituzte urtero, eta hiru bertsolari oroituko dituzte aurten: Ernest Alkhat (1951-2008), Joanes Arrosagarai (1949-1998) eta Fermin Mihura (1946-2013).

Hasierako asmoa bere hartan mantentzen du Deiadarra elkarteak, Itxaro Bethart kidearen esanetan: «Gure sustraiak eta nortasuna bizirik atxikitzea, sorrerako indar berberarekin». «Xalbadorrek utzitako mezua» mantentzen eta zabaltzen egiten dute lana, Euskal Herri osoari begira.

Fernando Aire Xalbador da eguneko protagonista nagusia, baina ez bakarra. Betharten ustean, hiru omenduek badute beren lana omentzeko adina meritu: «Xalbadorren ibilbidean ibilitako pertsonak dira hirurak, aski lan egin dute gure lurraldeetan». Iholdikoa (Nafarroa Beherea) zen Alkhat, Aintzilakoa (Nafarroa Beherea) Arrosagarai, eta Azkainekoa (Lapurdi) Mihura. Bat-bateko bertsolariak ziren, eta bertso idatziak ere utzi zituzten. Besteak beste, Auspoa sailean daude Ene ezkilen dangak (Auspoa 207, Alkhat), Bihotz barneko solasak (Auspoa 303, Arrosagarai), eta Bertsuaren eremua (Auspoa 335, Mihura).

Gainera, hiru bertsolarien inguruan gehiago jakiteko, hitzaldi bat emango du goizean Joxe Mari Iriondok. «Elkarrekin ibiliak dira; Iriondok ondo ezagutzen ditu», Betharten hitzetan. Haien bizitzaren inguruko hainbat istorio kontatuko ditu.

Bertsotan ariko dira bazkalostean, eta «berezia» izango da, omenduko duten bertsolari baten semea ariko baita kantuan: Ernest Alkhaten seme Xan, hain zuzen. Erreserba egin gabe ere, bazkarirako egongo da azken unean izena emateko aukera.

Xalbador Eguna



Bihar, 09:00etan, Urepelen (Nafarroa Beherea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.