Bertso jarriekin dantzan

Haatik dantza konpainiak 'Errimak oinetan' ikuskizuna taularatuko du gaur gauean Elorrion

Onintza Odriozola, Gotzon Poza, Aiert Beobide eta Unai Elizasu. JON URBE.
urtzi urkizu
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Bertsolariek sentipen eta emozioak harilkatzen dituzte entzuleengan. Baina entzule horiek dantzariak balira? Nola adieraziko lukete belarrietatik jasotako zirrara errimatua oin puntetan menperatzen duten dantzaren bidez? Galdera horren erantzuna da Haatik dantza konpainiaren Errimak oinetan ikuskizuna, bertsolaritza oinarri duen dantza emanaldia.

Ikuskizunak bertso saio baten egitura formala du: hasierako agurrak, bakarkako nahiz binakako askotariko saioak eta azken agurra. Baina oholtza gaineko artistak, bertsolariak barik, isilik dauden dantzariak dira. Aiert Beobideren zuzendaritzapean, Maitane Mujika, Onintza Odriozola, Garazi Lekuona, Gotzon Poza eta Iurre Aranburu dira dantzariak. Entzuten diren bertso guztiak grabatuak daude, gehienak Sustrai Colinak ikuskizunerako beren-beregi sortuak; horiek Olatz Prat, EƱaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Saroi Jauregiren ahotsetan entzuten dira.

Unai Elizasuren ideia izan zen emanaldia sortzea, eta Elizasu bera eta Aiert Beobide dira zuzendariak. Konpainiaren estreinako lana da Errimak oinetan. Aurrenekoz ekainean oholtzaratu zuten, Leioan. Ordutik, hainbat emanaldi egin dituzte, eta ikusleen harrera beroa jaso. Uztarketa ederra proposatzen du, ikuskizunaren azpi-izenburuak dioen bezala: Dantza berriak bertsoei jarriak.

'ERRIMAK OINETAN'

Noiz. Gaur, 22:00etan.

Non. Elorrioko Arriola antzokian (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.