Bertsozalea eta irakasle ohia

Begoña Iturriza: «Bertso eskolen sorreran, dena zen kolektiboa: ezer gutxi egin genuen geure kabuz»

Euskara ikasteko bertsozaletu zen Iturriza, nerabezaroan. Ordutik, bertsolaritzaren hainbat mugarri ezagutu ditu; besteak beste, emakumeen ahalduntzea.

(ID_13439673) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2023-12-19, Bilbo. Begoña Iturrizak, irakaslea,  aurtengo Bizkaiko Bertsolari txapelketan...
Begoña Iturriza Bilboko Plaza Barrian, astearte goizean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Bertso eskolen goraldiak bete-betean harrapatu zuen Begoña Iturriza bertsozalea eta irakasle ohia (Bilbo, 1949). 1980an, Xabier Amurizak bertsoa irakats zitekeela defendatu zuen, ordura arte berezko dohaintzat jotzen baitzen, eta bertso eskolak ugaritzea ekarri zuten haren ideiek. Tartean, Santutxukoa sortu zen Bilbon, eta sortzear zela izan zuen haren berri Iturrizak. Hark jantzi dio aurten txapela Nerea Ibarzabali, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazleari.

Nolakoa izan zen txapela janzteko momentua?

Esan zidatenean txapela jarriko nuela, ez nuen espero. Hiru astean egon naiz hori onartzen. Txapela ipintzea oso garrantzitsua zen, baina, gainera, oholtzara atera behar nuen, eta kantatu... Egunean bertan, elkarteak asko babestu ninduen, eta uste baino hobeto joan zen. Baina, hasieran, larritasun pixka batekin bizi izan nuen. Lan baten ardurarekin-edo egin nuen; momentu horretan ez nuen pozik sentitu, ardura baino. Emozioa gerorako utzi nuen, etxean egongo nintzen momenturako.

Zer iruditu zitzaizun finala?

Egia esan, txapela janztearen arduragatik, ez nuen entzun behar bezain arretatsu. Momentu oso onak egon ziren, animosoak, barre egitekoak; eta, beti bezala, beste batzuk serioagoak eta transzendenteagoak. Tira, nik umorea entzun eta ikusi egin nahi nuen. Izan ere, saio hauek luzitzeko izaten dira, baina astun samarrak, serioegiak. Eta estimatu nuen umorea. Bertsolariek esan zuten akatsak egin zituztela, eta, pentsa, ni ez nintzen konturatu... Saioa berriro entzuteko asmoa daukat, gozatzeko eta iritzi bat osatzeko. Giroa oso ederra izan zen, jendea gozatzera joan zen. Eta saioa oso ona izan zen.

Noiz bertsozaletu zinen? Txikitako afizio bat izan zen?

Nik euskara galdu nuen, nahiz eta etxean ikasi nuen. Eta Euskaltzaindian berriro ikasten hasi nintzen, orduan ez baitzegoen AEKrik. Pentsatu nuen ikasteko beste aukera bat izango zirela bertsoak: lehen, bertsolaria Jaungoikoaren modukoa zen, halako hitzak esaten zituen, halako arrazoiak... Misterio bat zen, eta misterioak erakargarriak izaten dira askotan. Euskara hobetzeko asmotan entzuten nituen bertsoak. Hasieran, ez nuen asko ulertzen —euskara batuaren aurreko garaiak ziren—. Baina, gero, moldatzen zara.

«Bertsoa misterio bat zen, eta misterioak erakargarriak izaten dira askotan. Euskara hobetzeko asmotan entzuten nituen bertsoak»

Garai hartan hasi zinen ikastolan lanean?

Euskaldundu nintzenean, ikastolan lana eskaini zidaten, 1967an. Garai hartan, jende euskaldunaren bila zebiltzan, ez irakaskuntza ikasketak zituztenen bila; loteria bat ginen.

Etxean jaso zenuen euskara. Nola galdu zenuen?

Tira, erraza da: amarengandik jaso nuen etxean, baina ele bitan egiten genuen, zeren aita hemengoa zen, baina ez euskalduna. Eta hezkuntza erdaraz jasotzen baduzu, lagunak erdaldunak badira... Azkenean, gaztelania gora doa, eta euskara murriztu egiten da. Eta 14-15 urterekin, ez nekizkien hiru esaldi batera egiten. Gero enteratu nintzen Euskaltzaindia bat zegoela, eta hara joan nintzen; San Antonen euskarazko mezak zeudela jakin nuen —orduan mezetara joaten ginen—; apaiz bat, Don Claudio famatua, oso euskalduna zen, eta haren inguruan ere jendea biltzen zen, oso indar handia baitzeukan. Bilbon, halako ghetto edo toki batzuk zeuden euskaldunak biltzeko, eta horrela ezagutzen genuen elkar.

Zergatik erabaki zenuen euskara berreskuratzea? Hautu politiko bat izan zen?

Ez, ez; 16 urte nituen... Nik idazkari izateko ikasi nuen. Orduan, takigrafia, mekanografia eta halakoak ikasten ziren. Hortik bideratu ninduten gurasoek, gero idazkari izateko bulegoren batean; ohikoa zen. Ikasketak bukatutakoan, Madrilera joan nintzen, praktikak egitera. Nora, eta Madrilera. Han, Athleticen inguruan hitz egiten zidaten hasieran, baina gero, berehala, euskaldunak ginela eta ez dakit zenbat gauza; eta, garai hartan, oraindik ez zegoen ETA... Tira, zirikatu egiten ninduten. Baina hango mutil batek euskal kanten liburu bat oparitu zidan handik joan nintzenean, gerraurrekoa. Harribitxi bat. Anekdota bat izan zen, ezta? Baina uste dut herrimin edo kontzientzia handiagoarekin etorri nintzela Madrildik, zirikatze horrengatik.

Inoiz aipatu duzu zuretzat mugarria izan zela Xabier Amurizak irabazi izana 1980ko bertsolari txapelketa, beste bertsokera bat erakutsi zuelako. Nolakoa zen ordura arteko bertsokera?

Landa eremukoa zen, baserri ingurukoa, eta oso tradizionala; Bilbon ez ziren bertsoak egiten. Iruditzen zitzaidan gaiak eta formulak errepikatu egiten zirela: «Jaungoikoari esker» eta ez dakit zer... Hogei bat gai izango ziren, eta beti mezaren ostean edo jaietan errepikatzen ziren; bertsolariek ere bazekiten, baina gizarte bati erantzuten zioten. 1980an, Amurizak irabazi zuen, baina hizkuntza berri bat asmatu zuelako irabazi zuen: Amurizak teorizatu egin zuen bertsolaritza.

Nola?

Lehen, pentsatzen zen Jaungoikoaren dohain bat zela, dohain berezi bat eduki behar zenuela bertsotan egiteko; batzuek bazuten, eta beste batzuek ez. Ideia hori zegoen: jaio egin behar zen bertsolaria izateko; baina, gero, Amurizak esan zuen ikasi egin behar dela, edo ikas daitekeela, eta ez dela Jaungoikoak emandako halako opari handi bat. Errima hiztegi bat egin zuen, eta errimak nola landu behar ziren azaldu. Lehen, esaten zen ikusten, erosten, amesten... Aditzak, adibidez. Horri beste dimentsio bat eman zion: erakutsi zuen hizketaldia aberatsagoa izan zitekeela tartekatzen baziren adjektiboak, izenordeak, izenlagunak... Abanikoa zabaldu zuen. Denak ez zeuden konforme Amurizaren bertsokerarekin, berria baitzen; bertsolaritzako arau guztiak betetzen zituen, baina, bat-batean entzuten, behin ere entzun gabeko gauza batzuk entzuten hasi ginen.

«Lehen, uste zen bertsolaria jaio egin behar zela; baina, gero, Amurizak esan zuen ikasi egin behar dela, edo ikas daitekeela, eta ez dela Jaungoikoak emandako opari handi bat»

Nola heldu zinen Santutxuko bertso eskolara?

Jakin nuen Amurizak berak bere teoriak irakatsiko zituela Bilbon, eta izena eman nuen. Horren ondorioz jakin nuen Santutxuko bertso eskola egitear zegoela: hor zeuden Joserra Etxebarria, Joserra Bilbao eta beste hainbat. Ni ere haraxe joan nintzen, eta han egon nintzen beste hogei urtez. Horren ondorioz, bertso eskolak sortu ziren...

Irakats zitekeelako ideia hark hauspotuta, ezta?

Ideia horiek hedatzeko, bai. 1980-1990eko urteetan, bertsoa hiritartu egin zen, Bilbon indarra hartzen hasi zen. Eskolak zabaldu ziren Algortan, Mungian, Durangaldean, Markinaldean... leku askotan. Hau da, dinamika bat hasi zen, bertsoa irakastea posible zela, eta harreman handia egon zen eskolen artean, fotokopiak trukatzeko edo bide bat irekitzeko. Kantatu, ariketak egin... ahal zena egiten genuen. Hilean behin edo, afari bat egiten genuen [Bilboko] Erronda kaleko La Gernikesa tabernan, eta Bizkai osotik etortzen zen jendea: berrogei lagun inguru batzen ginen, bertsotan egiten genuen, baita afalostean ere, kalean... Garai hartan, indar handia hartu zuten bertso eskolek.

Nolakoa zen ikasleen soslaia?

Euskaldun berri asko sartu ziren, igual gehiago ikasteko edo... Oso ludikoa zen. Batez ere gazteak ziren, gizonezkoak; bazeuden emakumeak ere: Algortan, pilo bat; Santutxun, batzuetan ni bakarrik egon naiz, beste batzuetan bi edo hiru andre...

Eta gizonak, zenbat?

Gizonak, 98... Tira, motibazioa badaukazu, ez diozu begiratzen gizonen eta emakumeen kopuruari; hor zaude, eta listo.

Bertso saioak antolatzeaz ere arduratzen zineten.

Bertso eskola ez zen bakarrik bertsoak ikasteko. Hasieran, bertso saioetara lau katu joaten ziren; gero, Santutxuko bertso eskola udaberriko saioak antolatzen hasi zen, Bilboko jaietan ere aste osoan egiten genituen saioak... Indarra hartu zuen poliki-poliki, ohitura bihurtu arte. Eta eskolak hori dena kudeatzen zuen. Ekitaldi guztietarako eskatzen zituzten bertsolariak eta txalapartariak: Korrika zela, ez dakit zer zela... Bilbon ez zeuden hainbeste bertsolari, baina tokatzen zitzaizuna egiten zenuen, bertso batzuk buruz ikasi eta kantatu...

«Hilean behin, afari bat egiten genuen [Bilboko] Erronda kaleko La Gernikesa tabernan, eta Bizkai osotik etortzen zen jendea: berrogei lagun inguru batzen ginen, bertsotan egiten genuen, baita afalostean ere, kalean...»

1983an, Bizkaiko Bertsozale Elkartea sortu zuten —hasieran, beste izen batekin: Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartea—.

Eskolak bazeuden, eta horri halako eite ofizial bat eman nahi izan zitzaion. Gu eskolan geundela sortu zen elkartea. Gogoratzen naiz batzar asko egiten genituela, paper asko idatzi, irakurri... Ni zurrunbilo horretan ibili nintzen, baina behin betiko urratsak Santutxuko beste batzuek egin zituzten. Dena zen kolektiboa: nik eta besteok ezer gutxi egin dugu geure kabuz; talde moduan egin dugu dena.

1987an, lehenengo Araba eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa antolatu zuen elkarteak. Antolakuntzan parte hartu zenuen.

Gu antolakuntzan aritu ginen, bai. Aspaldi, bertso txapelketak Euskaltzaindiak antolatzen zituen; gero antolatzeari utzi zion, baina ika-mikarik egon gabe. Dena egiten genuenez, hori ere tokatu zitzaigun...

Nola joan zen?

Ez ginen geldirik egon: kartelak ipini, irratira deitu... Orain, kazetariek interesa duzue, baina lehen guk joan behar izaten genuen azalpenak ematera... Txapelketa hartan, transkripzioak egitea tokatu zitzaidan, kantatu ahala; nik ez nekien ordenagailua erabiltzen, abentura itzela izan zen... Beharrak zeuden, eta azkenean ikasi egiten zenuen. Orain dena dago instituzionalizatuta: liberatutako jendea dago, soldatak dituzte... Lehen, dena zen militantzia, baina ez zenekien zer tokatuko zitzaizun ere; gazteagoak ginen, eta egiten genuen.

2000. urtera arte egon zinen Santutxuko bertso eskolan. Zergatik utzi zenuen?

Nekatu egin nintzen pixka bat, hogei urtez egon nintzen... Ez dakizu nola sartzen zaren, eta ez dakizu nola irteten zaren: motibazioa aldatu egin zen, gutxitu, eta banituen beste proiektu eta zaletasun batzuk. Ailegatu zen momentua; beste batzuk ere joan ziren: lehengo batzuek jarraitzen dute, baina beren kabuz, talde txikiagoetan... Galdetzen badidate Santutxuko bertso eskola existitzen den, bada, igual bai: ez bada eskola moduan existitzen, eskolakoak behintzat existitzen dira, joaten dira saioetara, eta egiten dute lana. Garaiak aldatu dira, pertsonak sartu eta irten egin dira.

ETB1eko Hitzetik hortzera saioko elkarrizketan, esan zenuen lehen ez zegoela «emakumeen diskurtso bat egiteko hizkuntzarik». Nola aldatu da bertsoaren hizkuntza?

Tira, guztiz aldatu da. 1980ko urteetan, oso emakume gutxi zeuden bistan, publikoki. Esate baterako, Arantzazu Loidik bertsolaritza utzi egin zuen. Egon zen Kristina [Mardaras], Durangokoa [Bizkaia]... Egon bazeuden, baina ez zeukaten plazarik, eta bakartuta zeuden: bertsolaritza gizonezkoen kontua zen, eta hor sartzen zen emakumeak oso ausarta izan behar zuen. Eta zer kantatuko zuen? Kantatzeko modua ere gizonezkoena zen: mundua gizonezkoena da. Zer txiste egingo zuten? Zu gizonezkoen elkarrizketa batean sartzen bazara, nabaritzen duzu ez zarela mundu horretakoa, txarto sentitzen zara; bada, bertsotan ere berdin, ze eginda zegoen jada hizkuntza bat, hitz egiteko modu bat, erlazionatzeko modu bat... Bakarrik badago, emakumea galduta dago, ez dauka lagunik bere kezkak kontatzeko. Garai hartako emakumeei hori gertatu zitzaien: ez zeukaten non babestu bertso munduan, eta utzi egin zuten.

«Emakume bertsolariak bazeuden, baina ez zeukaten plazarik, eta bakartuta zeuden: bertsolaritza gizonezkoen kontua zen. Kantatzeko modua ere gizonezkoena zen»

Noiz aldatu zen egoera?

1990eko urteetan, Iratxe Ibarrak kantatzen zuen, baina bakarra zen: jarraitu nahi baduzu, funtzionatzen ikasten duzu, baina deserosoa da. Eta Maialen [Lujanbio] eta haiek denak hasi zirenean, jada talde moduan hasi ziren, hamar bat agertu ziren; onak ziren, gero eta gehiago deitzen zieten, eta gauzak aldatzen hasi ziren. Haiek ere indarra hartu zuten, eta askotan biltzen ziren emakumeen arazoa lantzeko. Horrek hizkera berri bat ekarri zuen, emakumeen gaiak kantatzen hasi ziren, emakumeen ikuspegitik... Bertsozaleok ohitu egin ginen emakume gehiago entzutera. Ahalduntze lan izugarria egin zuten, elkarrekin babesa hartzeko. Tira, bertsolaritza beti ari da gizartearen moduan aldatzen. Eta, orain, gizonak ere ez dira lehen bezalakoak: hizkuntza berri bat ikasi dute.

Bizkaierari dagokionez, zein izan da euskalkiaren erabilera Bizkaiko bertsolaritzan?

Ez da entzun. Egia esan, hori beste borroka bat da, eta batzuek oso argi daukate, eta ahalegin batzuk egin dira Bizkaiko Txapelketan bizkaieraz kantatzeko. Uste dut bizkaieraren alde egin beharko litzatekeela; arlo guztietan, ez bakarrik bertsotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.