Atzekoz aurrera

Bertakoaren militanteak

XIV. Azoka Ekologikoa ospatu dute Durangon (Bizkaia). Gero eta herritar gehiagok erosten dituzte bertako produktu ekologikoak; zero kilometroaren kontzientzia ere hedatzen ari da.

Durangoko Azoka Ekologikoa Andra Maria Basilikaren atarian egin dute aurten. BERRIA
Durangoko Azoka Ekologikoa Andra Maria Basilikaren atarian egin dute aurten. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Durango
2024ko urriaren 6a
05:00
Entzun

Uribarriko Andra Maria basilikaren egurrezko arkupea bakana da, aparta, zirraragarria... Durangoko hiribilduak hiru kale paralelo ditu, eta kale horien mutur bakoitzean eliz bat dago. Andra Maria basilikaren ondoan, merkatu plaza ere badago, ederra hori ere, baina gaurko azoka eliz atarian egin dute. Jendea harat-honat dabil alboetan dauden postuetan kuxkuxeatzen. Goiz giro ederra dago.

Illart Basetak sagarrak, piperrak, tomateak, kalabazak, letxugak eta lekak ditu saskitan dotore jarrita. Abadiñoko Otzein baserritik etorri da azokara. Aurtengo uzta «txarto» joan dela dio: «Gutxitan daude hau bezalako urte txarrak. Tuta-harrak jota hondatu dira tomateak; tximeleta modukoak dira, eta arrautzak jartzen dituzte». Baserritarra, hala ere, pozik dago salmentarekin: «Ehuneko txikia da, baina gero eta jende gehiagok erosten du ekologikoa. Hau, gainera, zuzeneko salmenta da».

Illart Baseta baserritarra Durangoko Azoka Ekologikoan.
Illart Baseta baserritarra Durangoko Azoka Ekologikoan. Aurtengo uzta oso txarto joan dela dio. BERRIA

Durangoko XIV. Azoka Ekologikoa erreferente bat da ibarrean. Ekolur Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak hamalau azoka ekologiko antolatu ditu udaran. Urriaren 19an eta 27an izango dira azkenekoak, Eibarren eta Villabonan. Durangoko Marisatsa elkarteak ere parte hartu du antolakuntzan. Ana Alberdik elkartearen inguruko informazioa dauka mahai gainean: «Duela 24 urte hasi ginen, eta hura basamortua zen. Orain berrehun bazkide baino gehiago gara. Lehen, ez genuen ezer topatzen, arroza ere 25 kiloka erosi behar genuen; baina, orain, eskaintza askotarikoa da: frutez eta barazkiez gain, kosmetikoak, kontserbak eta haurrentzako litxarreriak ere badaude, dena ekologikoa. Azukrea eta kafea ere bidezko merkataritzakoak dira».

Gero eta gehiago dira zero kilometroko produktu ekologikoak erosten dituzten herritarrak. Aitor Urien artzainak gazta eraman du azokara. Ardiak Alluitzen ditu orain: «Ekainetik azarora arte ditugu mendian. Ekoizpen agroekologikoan ari gara. Supermerkatuetan kanpotik datozen produktu ekologikoak daude, baina hau bertakoa da. Guri erosten dizkigutenak militanteak dira; kontzientziatuago daude». 

Osasungarriagoa

Amagoia Ortuoste da horietako bat. Nerea eta Nile alabekin ari da erosketak egiten. Arrautzak eta piperrak sartu ditu kapazuan. Astero ogi ekologikoa erosten du: «Baserriko alaba naiz, eta ekologikoa eta bertakoa erosteko ohitura daukat. Alabekin, are gehiago, osasuntsuagoa baita. Alabek gainera igartzen dute. Zaporea gozoagoa dela diote».

Oihane Lekunberrik ukenduak egiten ditu.
Oihane Lekunberri sagarrak saltzen. Sendabelarrekin ukenduak ere egiten ditu. BERRIA

EHKOlektiboa agroekologia lantzen eta bultzatzen duen baserritar eta herritarren kolektiboa da. Oihane Lekunberrik eta haren bikotekideak aspaldi egin zuten bat elkartearekin. Axpeko Biezko baserritik gerturatu dira azokara. Lekunberrik sendabelarrak destilatzen ditu. Gaur salbia, izpilikua eta erromeroa ekarri ditu. Hiru sagar mota ere badituzte postuan —fuji, bost kantoi eta errexil sagarrak—, 2,5 eurotan kiloa, eta sagar zukua eta sagar dultzea ere egiten dute. Mantangorri baten irudia duten zigiluak erabiltzen dituzte. «Guztiontzako elikadura osasuntsua eta eskuragarria egitea da gure helburua. Euskal Herri osoko laborariak eta herritarrak daude elkartean, eta urtaro bakoitzean bisita bat egiten dugu». Heldu den larunbatean daukate hurrengoa: Lohitzüneko (Zuberoa) Pedronia etxaldean elkartuko dira. Anita Duhauk piriniotar arrazako 60 ahuntz ditu han. Bisitaren ostean, musika emanaldia izango da: «Maddi Oihenart eta Claudine Arhancet arituko dira kantatzen, eta, gero, herri bazkaria egingo dugu; jaki ekologikoekin, noski». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.