ATZEKOZ AURRERA. Abdelfattah Cherbak. Harakina

«Bertakoak direnekin euskaraz egiten dut lehenengo hitza»

Ama hizkuntza arabiera du, baina harategiko kartelak arabieraz eta euskaraz jarri ditu Cherbak marokoarrak. Tolosan du harategia, eta euskara ikasten ari da orain. Lehen hitza euskaraz egiten saiatzen da.

JON URBE / FOKU.
Iraia Irazusta Mujika.
Tolosa
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Duela hemeretzi urte etorri zen Euskal Herrira Abdelfattah Cherbak (Benimellal, Maroko, 1979). Euskara ikasten ari da, eta bere harategian produktuak identifikatzeko kartelak bi hizkuntzetan jarri ditu: euskaraz eta arabieraz.


Zergatik jarri dituzu kartelak bi hizkuntzetan?

Bi arrazoirengatik jarri ditut bi hizkuntzetan. Lehenengoa: Euskal Herrian gaudelako, eta, bertako hizkuntza euskara denez, hala jartzea erabaki dudalako. Bigarrena: nire ama hizkuntza, arabiera, ez ahazteko. Gustatzen zait biak kartel berean uztartzea.

Azkenaldian, Twitter sare sozialean harategiko argazkia zabaldu da. Harrituta zaude argazkiak izan duen harreragatik?

Egia esan, ez nekien argazkia zabaldu zenik ere [barrez]. Nahiko lanpeturik ibili naiz azkenaldian, eta ez dut ezer ikusteko aukerarik izan. Pozten naiz harrera ona izan duelako.

Norbaitek lagundu dizu kartelak itzultzen, edo zuk zeuk itzuli dituzu?

Lagun batek laguntzen dit itzulpenak egiten. Bera tolosarra da, eta, hizkuntza ondo menperatzen duenez, berak laguntzen dit.

Zergatik da garrantzitsua kartelak bi hizkuntzetan jartzea?

Garrantziagatik baino gehiago, niri gustatzen zaidalako jartzen ditut. Ondoren, bezeroek modu batera edo bestera hartzen dute, eta haiek dira garrantzia ematen diotenak. Egia da horrela egitean iritzi desberdin asko entzuten direla, eta guztiei ez zaiela gustatzen, baina erabakia nirea da.

Euskara ikasten ari zara. Noiz hasi zinen? Zer puntutan zaude?

Bai, lau hilabete inguru daramatzat euskara ikasten. Oraindik hasieran nago, baina jarraitzeko gogoa dut.

Lehenengo hitza euskaraz egiten duzu harategian? Eta bezeroek?

Bezeroaren arabera. Nazioarteko jende asko etortzen da, eta euskaraz hitz egiten ez dutela dakidanekin, zuzenean beste hizkuntza batean hasten naiz. Hala ere, bertakoak direnekin euskaraz egiten dut lehenengo hitza. Bezeroek ere berdin egiten dute nirekin. Ehuneko berrogei inguruk egiten dute lehen hitza euskaraz.

Jendea harritu egiten da zu euskaraz entzutean?

Bai, harritu egiten dira, ez dutelako espero. Batzuek lagundu egiten didate hizkuntza erabiltzen, eta, horrela, hobetuz noa pixkanaka-pixkanaka.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira? Nondik?

Marokon jaio nintzen, Benimellal-en, eta duela hemeretzi urte etorri nintzen handik, 22 urte nituela.

Noiz ireki zenuen harategia?

2011n ireki nuen.

Zein da zure ama hizkuntza? Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?

Arabiera da nire ama hizkuntza. Horrez gain, frantsesa, gaztelania eta berberea hitz egiten ditut. Azken hori pixka bat ahaztua dut, baina oinarria oraindik ere hor dago. Laster euskara ere gehituko dut zerrenda horretara, baina, momentuz, hobetzen jarraituko dut.

Erraza da Tolosan euskara erabiltzea?

Esango nuke baietz. Gainera, konturatu naiz euskararekin dendak hobeto funtzionatzen duela. Jende heldu asko dago beste hizkuntzarik ez dakiena, eta euskarazko zerbitzua emanda jende gehiago etortzen da.

Zerk harritu zaitu Euskal Herritik?

Hasieran, lanerako bakarrik etorri nintzen, eta ez nuen ezer espero. Denborarekin, jendea ezagutuz joan naiz, eta oso jatorrak dira; asko gustatzen zait bertako jendea. Bestalde, natura ere asko gustatzen zait, eta mendiak hain berdeak izatea zoragarria da. Espainiako hainbat toki ikusteko aukera izan dut, eta hemengoa iruditzen zait paisaiarik politena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.