Bertakoa, betiko eran

Baias izeneko garagardoa ekoizten dute Oiardoko baserri batean. Lautadako garagarrarekin eta Baia ibaiko urarekin egiten dute edaria, artisau erara.

Idoia Marañonek eta Joselu Lopezek egiten dute Baias garagardoa. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Oiardo
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herrian egindako produktuen zerrendari beste bat gehitu zaio duela gutxi: arabarra da, eta bertako osagaiekin eta betiko eran landuta dago. Baias du izena, eta Araban egiten den garagardo bakarra da. Idoia Marañonek eta Joselu Lopezek ekoizten dute garagardo berria, Oiardoko baserri batean, Urkabustaiz udalerrian. Gorputza dauka, zaporetsua, usaintsua eta alkohol gutxikoa da, eta betiko eran eginda dagoenez, «kalitate handikoa» da. Merkatuan dauden garagardoen artean beste aukera bat da Baias, egileen arabera.

Duela hainbat urte Argentinara egindako bidaia batean otu zitzaion Lopezi garagardoa etxean egiten hastea. Eta, Marañonekin batera, ideia praktikara eramatea lortu zuten 2007an. Orduan ekin zioten garagardoa ekoizteko azpiegitura guztia sortzeari. Era industrialean ekoizten hasteko aukera segituan baztertu zuten: «Garagardoa betiko eran egin nahi genuenez, ekoizteko lekua ere naturan txertatua egotea nahi genuen», dio Marañonek. Nekazaritza ekoizpenaren aldeko hautua eginda, Oiardoko baserria garagardoa ekoitzi ahal izateko moldatu zuten aurrena. Baserri ondoko lonja bat eraberritu zuten hartarako: alea irintzeko gela bat, makineria, beratzeko, egosteko eta ontzeko tresneria gordetzeko beste bat, eta botiletan sartzeko eta garagardoa ontzeko ganbarak sortu zituzten.

Hemengo produktuekin landutako garagardoa da Baias: Arabako Lautadan hazitako garagarrarekin eta Baia ibaiko urarekin egindakoa da. Kanpotik ekartzen duten osagai bakarra lupulua da, Europatik inportatzen baitute edariari zapore mingots antzekoa ematen dion landare hori. Garagardoa «erabat naturala» denez, kontserbagarri eta koloragarririk ez diote botatzen.

Autodidaktak

Garagardoa ekoizteko prozesuak bost fase ditu: maltaketa, hidratazioa, hartzidura, iragaztea eta ontziratzea. Pauso guztiak beren kabuz ikasi dituzte Marañonek eta Lopezek, inoren laguntzarik gabe. «Autodidaktak gara». Denborarekin prozedura guztia hobetuz joan direla dio Marañonek: «Sukaldean aritzea bezala da; paella ez da beti berdin ateratzen, ezta? Bada, garagardoarekin gauza bera gertatzen da, egin ahala ikasiz goaz».

Garagardoa egiteko lehen urratsak duela hiru urte egin bazituzten ere, lehen botilak joan den urtearen amaieran merkaturatzen hasi ziren. Oraingoz Arabako taberna eta jatetxeetan jarri dute salgai, eta hainbat azokatan ere izan dira jendaurrean saltzen. Izandako harrerarekin pozarren daude. Merkatuan dauden beste garagardoekin bereizten dituen ezaugarrietan datza Baiasen arrakasta, eta euren asmoa ez da marka erraldoiekin lehiatzea. «Beste zapore eta usain bat, aniztasuna, kalitatea eta etxean egindako produktua bilatzen dituen publikoa da gurea».

Garagardoaren ekoizpenari tamaina hartua diotenez, bestelako garagardo mota batzuk lantzen hasi dira Oiardoko baserrian.Hala, hemendik gutxira garagardo beltza merkaturatuko dute. «Garagardoaren mundua interesgarria da, eta gauza berriak aurkitu nahi ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.