Gabiltza elkartearen eskutik, eskulangileen produktuak bultzatzeko hainbat saltoki jarri dituzte, Perla inguruan. Ehuna, alanbrea, beira, larrua, zura, papera, burdina, zeta, zeramika eta beste hainbat materialekin eskuz eginiko orotariko produktuak eskura ditzake eskulangintza azokara biltzen denak: «Adur zapiak, jolas mantak, txupaki lokarriak, aldatzaileak... saltzen ditut, haurren beharrei egokitutako produktuak, hain zuzen. Oro har, kotoizkoak dira, haurrentzako ehun leun eta goxoak izan daitezen», azaldu du Kabikumeko Muxika Lopetegik. Saltokian dituen eskaintzez gain, eskari pertsonalizatuei ere erantzuten die. Hazi eta Hezi salgunearen ezaugarria ere haurrentzako arropak saltzea da, ekologikoak: igeriketarako fardelak, zaku termikoak, amantalak... Kromosoma tailerrak, berriz, eskuz eginiko zurezko eta koloretako jolasak saltzen ditu, haurrentzako.
Idoia Amunarrizek, Idoiamusa tailerrean, bitxiak eta eskulanak egiten ditu CD birziklatuekin: «Erdiko zuloak gauza askotarako ematen du aukera, arrain irudi baten begia osatzeko, esaterako. Azoketan beti esaten dut CD bilketa egiten dudala, eta bezeroek ekartzen dizkidatenak produktu bilakatzen ditut; materiala berotzean, urtu egiten da, eta beira itxura hartzen du». Gainera, gaineratu du jendea «zur eta lur» geratzen dela lortzen dituen emaitzekin. «Iraunkortasuna du, eta papera, pintura, oihalak, botoiak... edozer gehitzen diot materialari».
Bestelako produktuak ere eskura ditzake azokara hurbiltzen denak. Garbi salguneak eskuz eginiko xaboi naturalak saltzen ditu, baita gorputzerako olioak ere: «Kalitatezko produktu naturalak ditugu, mosketa arrosa olioa, erlaxatzeko olioa, zetazko eskuak lortzeko gatzak, artilea eta xaboia uztartzen dituen esponjak...», gehitu du Ane Gragertek.
Nekazaritza produktuen usainak erakartzen ditu bisitariak, Loiola kalera. Lur Lan baserritar elkarteak garaian garaiko Euskal Herriko produktuak eskaintzen ditu, baserrietan ekoitzitako produktuak kontsumitzaileari zuzenean eta bitartekaririk gabe banatzeko. Produktu aukera zabala eta aberatsa eskaintzen du. Orotara, 84 ekoizle txikik egiten dute lan, elkarlanean, Lur Lan elkartean. Produktuak saltzeaz gain, zuzenean dastatzeko aukera ere eskaintzen dute salguneek. Erosleen artean, saski bat zozketatzen dute, azokako salgune bakoitzeko produktu batez osatuta.
«Txartelak saltzen ditugu euro batean, dastatzeko aukera izan dezan bezeroak: barazki tostak, Ibarrako piperrak, Euskal Herriko gaztaren ohola, txakolina, ardo zuri zein beltza...», azaldu du Leire Ormazabalek.
Gazta eskaintza «zabala» dela argitu du Irantzu Gallego gazta saltzaileak: «Turisten salmenta kopurua geroz eta handiagoa da, eta komenigarria da dastatzeko aukera eskaintzea, haiek ez baitituzte produktu hauek ezagutzen, ez eta bereizten; dastatutakoaren arabera hautatzen dute».
Bertako produktuak, eskura
Euskal produktuak sustatzeko azokak egin dituzte, Donostiako Aste Nagusian: eskulangintza azoka, Binuesa plazan; eta Euskal Herriko nekazaritza produktuen azoka, Loiola kalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu