Zientzia

Bertako herritarrenak dira Tarimgo momiak, ez migratzaileenak

Genetikoki bakartuta egon zen populazio batenak dira momiak. Basamortuko baldintzek oso ondo kontserbatu dituzte

Momietako bat. WENYING LI, XINJIANG INSTITUTE OF CULTURAL RELICS AND ARCHAEOLOGY.
jakes goikoetxea
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Txina mendebaldeko Tarim ibaiaren arroko momien jatorria misterioa izan da hainbat urtetan. Pixka bat argitu dute: bertako jatorrizko herritarrak ziren, ez migratzaileak. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Modu naturalean iraun duten ehunka momia dira, duela lau mila urte lurperatuak, itsasontzi formako hilkutxetan. Taklamakan basamortuan aurkitu zituzten, duela mende bat. Basamortuko baldintzek babestu dituzte, baita ileak eta arropak ere. Batzuek uste zuten mendebaldetik joandako migratzaileak zirela, eta nekazaritza eraman zutela eskualdera.

Zetaren bidean dago Tarim ibaiaren arroa. Bizitzeko leku zailean: beroa, idorra eta gazia. Xinjiang-eko Uigur Eskualde Autonomoan, Ekialdeko eta Mendebaldeko kulturen topalekuan. Nazioarteko ikerketa talde batek hamahiru lagunen genoma sekuentziatu du, duela 4.100 eta 3.700 urte artean bizi izan zirenak. Baita handik ehunka kilometrora, iparraldean bizi izan ziren beste bostena ere, duela 5.000-4.800 urtekoak.

Momia horien genomak alderatu egin dituzte lehendik sekuentziatutako hainbat genomekin: antzinako 100 taldetakoak eta 200 populazio modernoetakoak. Iparraldeko momien genomek Brontze Aroko migratzaileen genomen zati batzuk partekatzen dituzte. Tarim ibaiaren arroko hamahiruek ez. Horien genometan aurkitu duten lotura bakarra Siberia hegoaldeko ehiztari-biltzaileekin izan da, baina duela 9.000 urtekoak. Beraz, ondorioztatu dute bertako herritarrak zirela eta ez zirela nahastu inguruko edo bertatik igarotzen ziren beste populazio batzuekin. «Genetikoki bakartuta zeuden, baina kulturalki kosmopolitak ziren», nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.