Gastronomia

Bertako hanburgesak

Urte gutxian, izugarrizko arrakasta lortu du Arrasateko Bim Bam Bum Burger jatetxeak. Bertako produktuak erabiliz sortzen ditu hanburgesak William Veroesek: 'Amerikarra', 'La Potola'...

Bim Bam Bum Burger hanburgesa
unai etxenausia
2024ko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Duela hamahiru urte, Venezuelatik Arrasatera (Gipuzkoa) etorri zen William Veroes. Haurtzaroa eta gaztaroa sukaldean pasatu bazituen ere, pandemian berreskuratu zuen berriz hanburgesekiko grina. Tokiko komunitateari benetako sukaldaritza esperientzia emateko ideian inspiratuta, «hanburgesa artisauen munduan murgiltzea» erabaki zuen.

Bere etxeko sukaldeko esperientzia baten moduan hasi zena, proiektu arrakastatsu bihurtu da. Veroesek, bere dedikazioari eta sukaldaritzako trebetasunari esker, etxeko hanburgesaren errezeta hobetzea lortu zuen. Arrasateko auzo bateko baserri bateko haragi freskoak eta establezimendu berean «maisutasunez» egindako ogia izateak lagundu zion. «Etxean lagunentzat kozinatzen hasi nintzen. Ahoz aho zabaldu, eta jende askorentzat kozinatzen amaitu nuen. Jatetxe bat irekitzea beharrezkoa ikusi nuen orduan», azaldu du.

William Veroe
William Veroes, artxiboko irudi batean, Arrasateko Bim Bam Bum Burger jatetxean hanburgesen saltsak prestatzen. BIM BAM BUM BURGER

Poliki-poliki, eta hainbat hobekuntza egin ondoren, hamaika hanburgesa dituen karta osatu du. Ahosabai guztiek gozarazteko aukera eskaintzen du; gaztak nagusitasuna hartzen duen La Potola hanburgesa klasikotik hasi, eta sorkuntza berritzaileagoetaraino. Hanburgesa bakoitza «kontu handiz» egiten du, osagai freskoekin. «Aipatzekoa da Amerikarra, jatetxearen funtsa den harribitxia. Best seller izendatu dugu. Gozamen honek baserriko haragi mamitsua aurkezten du, gazta urtuarekin eta saltsa magikoak izeneko saltsarekin batera. Aukera gehiago ere baditugu, noski». Veroesek, baina, ezin izan du bere plateretako baten alde egin: «Norberaren gustuak bakarrak dira, eta alda daiteke. Nik ere ezin dut gustukoen dudan hanburgesa bat aukeratu».

Bim Bam Bum Burger hanburgesa
Bim Bam Bum Burger hanburgesa. BIM BAM BUM BURGER

Beti izango da berezia

Hala eta guztiz ere, dena ez da jana. Bezeroekin gertukoa izatea eta komunikatzen jakitea ere jatetxearen arrakastaren zati bat da, Veroesek azaldu duenez. «Eskaintza gastronomiko bikainaz gain, Bim Bam Bum Burgerrek giro atsegina eta familiarra sortzea lortu du, bezeroak etxean bezala sentitzera gonbidatzen dituena».

Orain arte izandako arrakasta ikusita, etorkizuna du begiz jota Veroesek. Hanburgesen benetako zaporea herriko mugetatik harago eramatea eta hanburgesa artisauekiko grina beste publiko batekin partekatzea pentsatu du. «Jatetxe hau, Arrasatekoa, beti berezia izatea nahi dut. Hau da nire lehen negozioa, hemen hasi dut nire bidea, eta beti izango du leku berezi bat nire bihotzean. Egunen batean beste hanburgesa jatetxe bat irekitzea erabakitzen badut, Bim Bam Bum Burger bakarra izango da artean ere», nabarmendu du.

Bim Bam Bum Burger jatetxea, Arrasaten (Gipuzkoa)
Bezeroak, jatetxeko jangelan. BIM BAM BUM BURGER

Ameriketako Estatu Batuetako jaki asko bezala, hanburgesak mundu osora hedatu ziren duela urte asko. Veroesek berrasmatu egin nahi ditu orain: «Begira, venezuelar bat Euskal Herrian hanburgesak egiten ari da», amaitu du, barrez: «Amets bat errealitate zaporetsu bihurtu duen ekintzaile baten dedikazioaren, sukaldaritzako talentuaren eta pasioaren emaitza da Bim Bam Bum Burger».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.