Kixki, Mixki eta Kaxkamelon izenarekin hasi ziren haurrei irribarrea eragiten, baina Txirri, Mirri eta Txiribiton gisa hartu zuten sona eta oihartzuna urte batzuk geroago. Euskal Herriko haur askoren idolo izan dira, geroztik. Belaunaldi batzuen oroimenean betiko geratu dira Pintxo Pintxo, Paristik natorren, Zapi zuria eta halako abestiak. Dagoeneko berrogei urte bete dituzte pailazoek.
1972ko martxoaren 25ean igo ziren taula gainera lehendabiziko aldiz, Donostiako Kresala elkartean. Ez ziren gaur egungo berak. Xabier Otaegik, Jose Inazio Ansorenak eta Andoni Ezeizak osatzen zuten hirukotea: Kixki, Mixki eta Kaxkamelon. Garai hartan ez zegoen haurrentzako euskarazko ikuskizunik, eta bidea ireki zuten. «Hirurak kuadrillakoak ginen, Kresalako bazkideak, eta 18-19 urte genituen. Kezkatuta geunden ikastolan ikasten zuten haurrek ez zutelako handik kanpora giro euskaldunik. Ez zegoen aisialdirako ezer euskaraz», oroitu ditu hastapenak Xabier Otaegik, Txirrik. Urtero martxoan kulturari eskainitako astea antolatzen zuen Kresala elkarteak, eta orduan bururatu zitzaien haurren jaialdia egin eta pailazo hirukote bat osatzea. «Guk geuk prestatu genuen guztia: publizitateaz arduratu ginen, ikuskizuna pentsatu genuen...». Emanaldia txokolate janarekin amaitu zuten.
Pako Etxebeste apaizak asko lagundu zien hasieran. Apaiztegian pailazo gisa jardundakoa zen bera, gaztelaniaz antzezten zuen arren. «Hainbat gidoi pasatu zizkigun; guk gero euskarara egokitzen genituen, eta Mixkiren galtzak ere berak eman zizkigun». Nolanahi ere, Otaegik dio nabaritzen zuten hutsunea bete nahian hasi zirela, baina luzera begirako inolako asmorik gabe.
«Kresalako emanaldia Aieteko ikastolako guraso batzuek ikusi zuten, eta eurek eskatu ziguten handik hilabetera Aietera joateko. Gainera, Ataunen Jose Migel Barandiarani egin zitzaion omenaldi erraldoian geure burua eskaini genuen», jarraitu du. Egun hartan kultura munduko jende ugari zebilen, eta horrek eragina izan zuen gerora haien izena Euskal Herriko bazterretara zabaltzeko.
Hasierako emanaldi horiek antz gutxi zuten gaur egungoekin baliabideen aldetik. Ansorenak, Mixkik, saxofoiarekin eta Ezeizak, Kaxkamelonek, bonbardinoarekin jotzen zituzten abestiak taula gainean. Otaegik, Kixkik, abestu egiten zuen. Hizkuntza zen, hala ere, berrikuntza. «Gogoratzen naiz nola aurkeztu ziguten Bilbora joan ginenean. 'Lehenengo aldiz Bilbon pailazoak euskaraz!'».
Autoz batetik bestera zihoazela, poliziek ematen zizkieten arazorik gehienak, kontroletan geratuta. «Autoaren barruan pelukak, eskopetak eta horrelakoak ikusita nahiko susmagarri ginen haientzat». Pailazo profesionalen baimena ateratzea pentsatu zuten orduan, lagun baten gomendioari jarraituz. Sindikatu Bertikalak antolatzen zuen urtero Donostiako Perlan azterketa, eta ondo gogoan du Otaegik egun hura. «Ikusleen txaloekin jolasteko prestatu genuen emanaldia, eta hara iritsi eta esan ziguten debekatuta zegoela ikusleei txaloak eskatzea. Entzun izan ez bagenu bezala egin genuen, eta epaimahaikoek txalokaamaitu zuten».
Behin pailazo profesional bilakatuta, txartela erakutsi, eta eurek zirela poliziak irmo jartzen zituztenak esan du Otaegik txantxetan.
Herriz herri hamabi urteko ibilbidearen ondotik, telebistara egin zuten jauzi pailazoek, 1984an.«Andoni Ezeizak hirukotea uztea erabaki zuen, ez zuelako telebistan lan egin nahi». Txema Vitoria sartu zen eta Kixki, Mixki eta Kaxkamelon izatetik Txirri, Mirri eta Txiribiton izatera pasatu ziren. Larunbat arratsaldero ordubeteko saioa egiten zuten: «Telebistan hamabost egunean ospetsuago egin ginen herriz herri hamabi urtean baino».
Izen aldaketak ez zuen hiru pailazoen izaeran aldaketarik eragin. Kaxkamelon mutua zela, eta Txiribiton ere halaxe izatea erabaki zutela aitortu du Otaegik. «Turutarekin hitz egiten zuen mutu bat pertsonaia goxoa izan zitekeela pentsatu genuen». Vitoriak Txiribitonekin antz gutxi duela dio Otaegik, ordea, egunerokoan izugarri hiztuna baita. «Haren lagunek ikusten gintuztenean beti esaten ziguten: zuek duzue bai meritua, gizon hau taula gainean mutu mantenduta».
Jaialdi handiak
Telebistako ospeak jaialdi handietara joateko bidea ireki zien. Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko jaialdi erraldoian parte hartu zuten, esaterako, Donostiako Belodromoan, 1990ean. Geroztik, makina bat saio egin dute telebistan:Barrebusa, Altza, Porru eta Trikitraka trikitron, adibidez. Pailazokeriak marrazki bizidunetako filma ere egin zuten. Azken urteetan, Txirri, Mirri eta Txiribiton juniorrak agertu dira, eta haiek ibiltzen dira, batez ere, herriz herri.
Haurrak aho zabalik ikusteak, erne-erne sentitzeak, betetzen omen du gehien Otaegi. «Frontoietan isilunea lortzea zaila izaten da, normalean, beti egoten da murmurioa, baina, tarteka, emanaldia aurrera joan ahala, isiltasuna nagusitu eta haurrak adi sentitzea izugarria da».
Berrogeigarren urteurrena ospatzeko, ekitaldi bereziak antolatu dituzte aurten. Martxoaren 25ean, Donostiako Kresala elkartean emanaldi berezi bat eskainiko dute, 17:00etan. Horrez gain, Euskadiko Orkestrarekin batera ibiliko dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Ezarian
Berrogei urte haurrei begira
Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek berrogei urte bete dituzte. Ibilbide oparoa dute; telebistan nahiz herriz herri ibili dira. Aldaketa batzuk izan dituzte bidean; tartean, izenak eta kideak aldatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu