Berriz taulara itzuli direnak

Aspaldiko kontua den arren, azken boladan iraganeko talde ugarik itzultzea erabaki dute. Iraganean itzuli ziren musikariek euren bizipenak kontatu dituzte bigarren etapa horretan sentitu zutenari buruz. Garai baten ordezkari gisa itzultzen direlako maiz talde horiek, beste garai batean.

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Iraganean ospea izan zuen musika taldeak maiz bueltatu dira agertokira azken urteetan. Ez da joera berri bat, aspalditik errepikatzen ari baita hori nazioartean, nahiz Euskal Herrian ere. Azken hilabete hauetan, ordea, hainbat euskal taldek taula gainera itzultzeko erabakia adierazi dute. Hatortxu Rock-ek horietako ugariren berri eman berri du, eta uztailaren 27tik 30era bitarte egingo den jaialdian iraganeko talde ugari itzuliko dira agertokira, kontzertu bakar bat ematera. Horien artean daude Des-Kontrol, Kerobia, Bizardunak, Ekon eta Ehun Kilo euskaldunak, eta Inadaptats kataluniarrak. Horiez aparte, PiLT eta Akelarre taldeek ere kontzertu batzuk egingo dituzte apirilean eta maiatzean.

Lakuntzan (Nafarroa) egiten den Hatortxu Rockeko antolatzaileak itzulera horietako ugari sustatzen aritu dira, aurten hogeigarren jaialdia izango dela aprobetxatuz. «Jaialdi hau zerbait berezia eskaintzeko baliatu nahi dugu, guk antolatutako jaialdi hau borondatezko lanarekin egiten delako, eta ekonomikoki ezin garelako beste jaialdi handiekin lehiatu. Hasieratik planteatu genuen zerbait berezia edo handia antolatu nahi genuela, eta hori guztia izpiritu jakin batekin: hemen ikusiko dena ez dela beste inon ikusiko», azaldu du Aitor Agirrezabal jaialdiko bozeramaileak. Horregatik, euren jarduna alboratuta zeukaten hainbat musikarirekin bildu dira jaialdiko arduradunak, kontzertu esklusibo horiek lortzeko garaian. «Lehen aurrerapen horiek ematearekin batera, sekulako oihartzuna lortu dugu», eta horregatik bakarrik gustura azaldu da. Baina kontua ez da hor amaituko, oraindik beste talde batzuen itzuleraren berri ematekoak direlako. «Sorpresa gehiago egongo dira oraindik», dio.

Itzulerek beti sortu ohi dute halako ilusio berezi bat ikusleen artean, eta horren ondorio izan daiteke Hatortxu Rockeko baieztapen horiek sortutako oihartzuna, edo PiLTren lau kontzertuetako sarrerak amaitzear egotea. Nostalgiatik eta mitifikaziotik asko edaten delako halako kasuetan. Eta hori bertatik bertara bizi izan dute iraganean taulara itzuli ziren hainbat musikarik. Hala azaldu du Roberto Moso Zaramako abeslariak: «Nolabait iragana saltzen duzu, jendearen oroitzapena eta jende gaztearen mitifikazioa; baina, aldi berean, musikariak ere iraganera egiten du salto, nolabait gazte sentitzen da berriz ere. Niri dagokidanez, esperientzia positiboa izan zen itzulera hura». 1995. urtean eman zuen azken kontzertua Santurtziko bandak, eta 2009. urtean itzultzea erabaki zuten. «Last Tour-ekoek bira txiki bat egitea proposatu ziguten, proba egin nahi baitzuten ea nostalgiaren bidetik ezer egin zitekeen», dio. Eta euren kasuan, bederen, zerbait egin ahal izan zen, bira txiki horren ondoren emanaldi gehiago, zuzeneko disko bat eta hiru abesti berri iritsi zirelako. «Lortu genuen antzinako giro hura berreskuratzea, eta hori polita izan zen», dio.

Askotan hori izaten baita itzulera askoren arrazoia: taldekide ohiekin elkartu, eta gustuko zuten hori berriz egitea. Hala gertatu zitzaien, esaterako, Deabruak Teilatuetan taldeko kideei. Denak kuadrillakoak izanik, harremana ez dute galdu elkarren artean, baina aukera izan zuten guztietan kontzerturen bat emateko elkartu izan dira. Hala azaldu du Haritz Mendieta taldeko abeslariak: «Iñigok [Arruti, bateria jotzailea] kanpora joan behar izan zuen, eta itzuli zenean halako saioren bat egin genuen; 2007an itzuli zenean zerbait egitea pentsatu genuen, elkarrekin oso ongi pasatzen genuelako, eta hori berreskuratu nahi genuen». 1973 izeneko diskoa argitaratu zuten, eta 2010. urtera arte kontzertuak ematen jarraitu zuten. «Jendeak sekulako harrera egin zigun, ez genuen pentsatzen oraindik gutaz oroituko zirenik ere!», dio. Baina berriz elkartzearen alde positiboena bestelakoa izan zen, Mendietarentzat: «Elkarrekin oso ongi pasatzen dugu, eta hori izan zen helburu nagusia; horrez gain, lagun zaharrekin berriz elkartzeko aukera ere izan genuen, eta hori ere aberasgarria da».

Baina ez hori bakarrik, ikusleekin harremana berrezartzeko balio baitute itzulera horiek. 2001. urtean, Kashbad taldea, jotzeari utzi eta hamahiru urtera, Arrakala izeneko disko berriarekin itzuli zirenean, euren garaiko ikusleak ere itzuli zitzaizkiela gogoratu du Gorka Lazkano baxu jotzaileak. «Ez genuen lortu harreman hori gazteekin; akaso,itzulera oso puntuala izan zelako; gehienbat gure belaunaldiko ikusleak etorri ziren gure kontzertuetara». Halakorik ez zitzaien gertatu, ordea, Latzen taldekoei. Aitor Uriarte abeslariak dioenez, itzultzea erabaki zutenean beldur apur bat ere izan zuten, euskal heavyaren eszena itzalita sumatzen zutelako, eta akaso harrera epela izan zitekeelako. Baina halakorik ez. «Harrera beroa izan zen, eta gazteek helduagoekin bat egin zuten, gainera». Nostalgiak eta mitifikazioak bat egin zuten euren kasuan.

Gaztetzeko formula

Mito eta nostalgiatik asko edaten da talde ezagun batek bere jarduna uzten duenean. Akaso, nostalgia horrek bultzaturik, talde batek berriz ere taula gainera salto egiten duenean, taldekideak gaztetu egiten dira kolpean. Hala dio Lazkanok: «Gure kasuan, denok jarraitu dugu musikan, baina egia da talde gisa itzultzeak esperientzia batzuk itzultzen dizkizula, eta gaztetu egiten zarela». Irri artean dio, ordea, euren belaunaldiko musikari askori gertatu zaiela berdina: guraso izatean taldea utzi, eta ondoren horiek handitzen direnean, berriz ere itzultzen dira euren jatorrizko taldearekin «gaztetzeko-edo». Edozein modutan dela ere, horretarako balio dezake.

Hala baieztatu du Uriartek ere: «Iraganeko sentsazioak hartzen dituzu berriz ere, garai hartan musika hori egin genuelako eta hori gogorarazten duzulako taula gainean». Bere kasuan, gainera, heavy metalera itzultzea izan zen Latzen-ekin agur bira egitea, eta horrek gaztetu egin zuela dio. «Gustura sentitu nintzen kantu horiek berriz interpretatzeko garaian, azken finean horiek zure bizitzaren parte direlako, eta zuk egindako zerbait berriz tiraderatik ateratzea bezala delako».

Edozein modutan, edozein modutan itzultzea ere ez da kontua, Mosok dioenez. «Batzuetan, 17 urterekin idatzitako kanturen bat 50ekin kantatzea lotsagarria izan daiteke, beraz, kontuz ibili behar da nola egiten den itzulera hori». Euren kasuan, Zaramak «garaiko kronikak» kantatzen dituela dio bertako abeslari eta letren egileak. «Ez zait sekula panfleto gisako letrak idaztea gustatu, ez naizelako inori zer egin behar duen esateko gai sentitzen». Horregatik uste du letra askok ondo eutsi diotela urteen gora beherei, nahiz eta beste garai bateko gizartea irudikatzen duen. «Hala ere, Maiatzaren lehena abestian dioenarekin nolabaiteko distantzia hartu nuen, ez nuelako bertako baieztapenekin neure burua identifikatuta ikusten». Horregatik, taldea utzi eta hamalau urtera itzuli zirenean ez zuten kantu hori berriz kantatu.

Kantatzen denarekin halako distantzia hartu liteke denborarekin, baina Mendietari ez zaio hala gertatu. Berari kezka gehiago sortzen dio balizko itzulera batean gorputzak behar bezala ez erantzuteak. «Agian, okertuta geratuko ginateke lehengo mugimenduren bat eginez gero; akaso, irudi lazgarri bat eman genezake», dio irri artean. Azken finean, zalantza nagusia hori izaten baita musikari askorentzat: noiz arte dauka zentzua garai bat markatu zuen talde batekin itzultzeak? «Horri bakoitzak jarri behar dio muga, eta norberak ikusi behar du», dio Mendietak. Baina Mosok ondo asko daki berak zer pentsatzen duen Hombres G taula gainean ikusten duenean: «Zentzurik badu nerabezaroko kantuak oraindik kantatzen jarraitzea?». Hala amaitu nahi ez zutelako utzi zuten Zaramaren bigarren fase horretan. Garai bat ordezkatu zuten, eta, ondoren, garai hartako nostalgia eraman zuten taulara. Beste askok bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.