Berriz pentsatu, hobeki jostatzeko

Anabasa itxura badute ere, ikastetxeetako jolastokiak biziki ordenatuak dira, eta, haurrei askatasun sentimendua pizten badiete ere, desorekak sortzen dituzte umeen artean.

Haur batzuk, Baionako Poloko Hiriondo ikastolan, 2021eko urrian. GUILLAUME FAUVEAU
Haur batzuk, Baionako Poloko Hiriondo ikastolan, 2021eko urrian. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
2025eko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Tirrinta aditu da: haurren pausaldia da, airea hartzeko denbora. Haurrek elkarren arteko harremanak indartzen dituzte, irudimena garatzen dute, indarra xahutzen dute, edo pausatzen dira. Kanpoko tenoreko txirrinaren esperoan izaten dira haurrak, eta, behin tenorea ailegaturik, berrogei bat minutu pasatzen dituzte eskolako korralean, batez beste.

Eskolako jolastoki bati so eginik, uste izaten ahal da ez dela ordena berezirik; haurrak nahasiak dira elkarren artean, mugimendu anitz bada, haurrak denetan korrika, saltoka, kantuka, oihuka, irrika... Anabasa dela dirudi. Alta, ez da arras egia; eremu horiek ordena berezi bat izaten dute. «Gizarte ttipi bat» direla erraten da, eta, oharkabean bada ere, haurrek gizarteko jarrerak eta estereotipoak kopiatzen dituzte. Adituek uste dute patioaren diseinu klasikoak desorekak sortzen dituela haurren artean.

Ikastetxeko patioak «gizartearen isla» direla uste du Haizea Egiarte irakasleak. Irakasle izan baino lehen, Egiartek aztergai izan zuen eskoletako jolaslekua eraldatzeak zer ondorio dituen haurren jarreran eta harremanetan. 2018an, Durangoko (Bizkaia) Kurutziaga ikastolan, burasoek, haurrek eta ikasleek jolastokia berriz pentsatu eta eraldatu zuten, elkarbizitza eta natura ardatz hartuta. Futbol zelaia zentrotik kendu, eta beste gisa bateko guneak gehitu zituzten: maldak, belar zelai handiagoak, erreka bat... Haurrei beste jolas eremu bat proposatu zieten.

Zaintza bakarrik ez

Eskoletako jolaslekuei arreta handiagoa jarri behar zaiela uste du Egiartek, ez zaintza lanari, baizik eta haurren arteko jarrerei eta patioaren antolaketari. Uste du irakasleek beren praktika gelako eremura «mugatzen» dutela, eta jolastokia zaintza eremu gisa baizik ez dutela ikusten. «Kasu egiten diegu haurrek gela barruan dituzten harremanei eta jarrerei, baina kanpokoei ez. Eta, askotan, gizartean gertatzen diren gauzak gertatzen dira jolastokian ere». Hain zuzen ere, neska eta mutilen arteko desorekak aipatu ditu Egiartek. Eskolako jolastokian, aztertu duenez, mutikoak «erdigunean» egoten dira, eta neskak, aldiz, «periferian». «Egunerokoan bezala da, gizonezkoak dira lehen planoan egoten, eta emakumeak beti atzeko aldean», azaldu du irakasleak.

«Patioa gizartearen isla da. Egunerokoan bezala da, gizonezkoak dira lehen planoan egoten, eta emakumeak beti atzeko aldean»

HAIZEA EGIARTEIrakaslea

Edith Maruejoulsek uste du eskolako patioa ez dela «egiazko askatasun gune bat». Generoaren geografoa da Maruejouls, badu hamabost bat urte eskoletako jolastokiak behatzen eta ikertzen dituela, eta 2014an horri buruzko tesi bat idatzi zuen. Arobe berdintasun behatokiaren sortzailea da, eta hartan lan egiten du egun. «Horrelako eremu bati so egiten badiogu, haurrak denetan dira, iduri du denak elkarrekin ari direla, iduri du denak aske direla, eta nahi dutena egin dezaketela. Alta, nahiz eta lehen begi kolpetik ez ikusi, leku horretan ez da berdintasunik. Haur batzuek indar harremana dute besteekin, eta, beraz, besteen askatasuna murrizten dute», esplikatu du Maruejoulsek. Gehienetan, mutikoek izaten dute indar harreman hori, neskekin.

Maruejoulsek eta Egiartek uste dute harreman mota hori patioen diseinu tradizionalari lotua dela gehienbat, baita eremuei ematen zaien izenei ere. Gehienetan, futbol zelaia da patioaren erdigunea, eta hark du handiena hartzen. «Futbol zelaia da patioaren bihotza. Izen eta itxura hori eman zaio, haurrak ekintza bakarrean mugatzen dira, eta, beraz, haurrak futbolean arituko dira. Eta hor dira estereotipoak sartzen: mutikoak azkarrak dira futbolean, eta neskak, txarrak. Ondorioz, mutikoek dute eremu hori okupatuko». Eta klixe hori ohituretan sartzen da: tirrinta jo, eta menderatzen duten kirol horretan arituko dira mutikoak, elkarren artean, eta neskak edo futbolean txarrak direnak eremu horretatik kanpo egonen dira, ez baitira ausartuko edo zilegi sentituko.

Jon Unhasobiskai Seaskako Bizi Jolas saileko langilea da. Bizi Jolasen badu bost urte kanpoko garaien inguruko lanketak egiten ari direla, Ipar Euskal Herriko ikastoletan generoa eta adinen arteko nahasketa sustatzeko eta euskara erabiltzen dela bermatzeko. Unhasobiskaik erran du nesken eta mutikoen artean harremanak izatea ezinbestekoa dela haurren heziketarako. Ez badira nahasten, ondorioak izan daitezke jarreretan eta harremanetan: «Ez badira elkarrekin jostatzen, ez dute elkar ezagutuko. Haien artean arroilak sortzen dira, eta batzuetan bortizkeria ere izaten da».

«Ez badira elkarrekin jostatzen, ez dute elkar ezagutuko. Haien artean arroilak sortzen dira, eta batzuetan bortizkeria ere izaten da»

JON UNHASOBISKAI Seaskako Bizi Jolas saileko langilea

Hausnarketan

Kanpoko garaiak informalak badira ere, Unhasobiskaik uste du «koadro» bat ezarri behar zaiela, eta «helburu pedagogiko batzuk» ere finkatu behar direla. «Helburu horiek landu ditugu, eta oraindik lantzen ari gara. Denek tokia ukan behar dute, eta kirolzentrismoa desegin behar da. Kirolari beste ikuspegi bat eman nahi diogu, lehiakortasuna desberdin kudeatuz eta lehiaketaren eragin negatiboak uxatuz, denei gogoa emateko jolastokian parte hartzeko», esplikatu du Unhasobiskaik.

Horregatik, Bizi Jolasen proiektua da haur guziei egokiak eginen zaizkien jolasguneak pentsatzea. Talde pedagogikoak eta burasoek dute eraldaketa nola egin erabakitzen, haiek dute erabakitzen osorik aldatu nahi duten ala bakarrik gune batzuk gehitu edo kendu. Ondotik, aldaketen maketa bat egiten dute, eta, ahalmen ekonomikoak aukera ematen badu, obrak egiten dituzte burasoen laguntzarekin. Mementokotz, sei ikastolatan egin dute lanketa hori.

Hirurek uste dute jolastokiak berrantolatzeak manera eman dezakeela sortzen diren arazoak konpontzeko. Berrantolaketa horretan, eremuen izena aldatzea ezinbestekoa da. Egiartek dioenez, leku ez-determinatuak proposatu behar dira, eta futbol zelaiari, adibidez, beste izen bat jarri: antzokia edo elkarlan gunea, erraterako. «Azkenean, aukerak eman behar zaizkie haurrei. Ez dira mugatu behar. Irudimena landuko dute, eta elkarrekin jostatzea sustatuko da». Kiroletako erreferente famatuak ere aipatu ditu Egiarte irakasleak. «Futbolean diren erreferenteak edo famatuak gizonezkoak dira. Beraz, haurren irudietan mutilak baizik ezin dira aritu. Aldiz, sokasaltoan ez dago erreferente famaturik. Haurrek ez dakite neska edo mutil jolasa den». Gune ez-determinatuak proposatuz neskak eta mutikoak gehiago nahasten direla uste du Egiartek, eta indar harremana leuntzen dela.

«Zer diozue erraten badut neskak ahulagoak direla mutikoak baino? Zer dira estereotipoak? Zer da azkarra izatea? Azkarra banaiz, edozein egoeratan azkarra izanen naiz?»

EDITH MARUEJOULSGeneroaren geografoa

Maruejouls usu eskoletara joaten da haurrei patioan diren desorekak aipatzera. Denek elkarrekin hausnartzea izaten du helburu. «Haurrei galdetu eta esplikatu behar zaie, adibidez, zergatik kanpoko eremua ez den berdinzalea. Zertan badiren desorekak, eta desorekak nola orekatzen ahal diren. Haurrentzat hain agerikoak ez diren oinarrizko nozioak eman behar zaizkie». Indar fisikoaren nozioa aipatzea ere ezinbestekoa dela uste du generoaren geografoak: «Zer diozue erraten badut neskak ahulagoak direla mutikoak baino? Zer dira estereotipoak? Zer da azkarra izatea? Azkarra banaiz, edozein egoeratan azkarra izanen naiz? Berdin, uste dut azkarra naizela ona bainaiz futbolean, baina, beste kirol batean hasten banaiz, nire azkartasunaren nozioa aldatuko da».

Egiartek azaldu duenez, neskentzat hasieran zaila eta arrotza da erdigunera joatea. «Mutikoek ez dute zertan erdian izan. Neska batek marrazkiak egin nahi baditu patioaren erdigunean, eskubide osoa du. Edo, sokasaltoan aritu nahi badute, erdigunera joan daitezke. Motibatu egin behar dira neskak, ohituta baitaude periferian egotera», finitu du Egiartek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.