Berriz ere, Zubizar Fest

Bost urteko etenaldiaren ostean, Zubizar Fest antolatu dute berriz ere. Gaur izango da, Azpeitian, 19:00etan. Herriko taldeek 'punk-oi!' doinuak eskainiko dizkiete ikusleei.

Azpeitiko Labankada musika taldeko kideak; gaur Zubizar Festen izango diren taldeetako bat da. ZUBIZAR FEST
Azpeitiko Labankada musika taldeko kideak; gaur Zubizar Festen izango diren taldeetako bat da. ZUBIZAR FEST
2024ko uztailaren 24a
05:00
Entzun

Bueltan da Zubizar Fest. Azpeitiko (Gipuzkoa) Zubizarreko lokal txikiko kideek 2019an antolatu zuten azkenengoz jaialdia, eta aurten berriz antolatzea erabaki dute. «Pandemiaren eta beste gorabehera batzuen eraginez» bost urteko etenaldia egin ostean, Zubizar lokaleko kide guztiak —lokal handikoak eta lokal txikikoak— elkartu egin dira, «jaialdia berreskuratzeko eta ikuspuntu kulturalago bat emateko» asmotan, Andoni Olaizola BOL taldeko kide eta jaialdiaren antolatzaileak adierazi duenez. Kontzertuak 19:00etan hasiko dira, eta sarrera doakoa izango da.

2000. urtean Zubizarreko lokal txikiko kideak jaialdia antolatzen hasi zirenean, ez zeukan zerikusirik aurten antolatuko duten jaialdiarekin; hala ziurtatu du Olaizolak. «Guk lehen gure festa antolatzen genuen, plangintza handirik gabekoa», azpimarratu du Olaizolak. «Lokal handiko eta lokal txikiko kideak elkartu egin gara; izan ere, lokal txikiko kideok lehen ez genuen ezer egiten lokal handikoekin», gehitu du. Aurten jaialdiari «ukitu kulturalago bat» emateko eta «herriari kultura transmititzeko» asmoa dutela adierazi dute antolatzaileek.

Taldeak

Aurtengo jaialdian BOL, Jipoituak, Labankada eta Z.Z Punk taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango da. Lau taldeak herrikoak dira, Azpeitikoak. Aurreko jaialdietan Azpeititik kanpoko zenbait talde ekarri zituzten —Zarauztik eta Beasaindik (Gipuzkoa), esaterako—, baina aurten herriko taldeen aldeko apustu garbia egin dute antolatzaileek.

Baserriko Ollaxkue Labien taldeak kide aldaketa batzuk egin ostean, BOL izenarekin —siglak— plazaratuko dira. Azken hamabost urtean aritu dira Zubizar lokalean entseatzen, eta «betidanik» gustatu izan zaie bertan jotzea. «Zubizarren antolatu izan diren kontzertu gehienetan egon gara, eta gogoa geneukan honetan ere egoteko», adierazi du Olaizolak.

Jipoituak taldea «talde gonbidatu» gisakoa da jaialdian. Hasieran Zubizar lokaleko hiru taldek eman zuten baiezkoa Zubizar Festen kontzertua emateko, eta, lau talde nahi zituztenez, Jipoituak taldea gonbidatzea erabaki zuten. Besteak beste, atera berri duten maketako abestiak joko dituzte.

Labankada oso talde gaztea da, 16 edo 17 urteko kideez osatua. Antolatzaileen hitzetan, «oraintxe taldean hasi berriak» dira. Punk-oi! doinuak eskainiko dituzte Zubizar Fest jaialdian.

Z.Z Punk taldeak bertsioak jotzen ditu, eta hainbat taldetako kideek osatzen dute. 2000. urtetik gaur arte Zubizarreko lokal txikitik pasatu diren talde guztien —hamabost talde, gutxi gorabehera— abestien bertsioak eskainiko dituzte gaurko jaialdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.