ATZEKOZ AURRERA

«Berriz ere egingo dugu»

Ongietorri beroa jaso dute Begoña Huarte eta Mikel Zuluaga errefuxiatuen eskubideen aldeko ekintzaileek Greziatik itzuli berritan. «Hilketa» geratzeko deia egin diete Europako gobernuei.

Begoña Huarte eta Mikel Zuluaga atzo Greziatik bueltan, Loiuko aireportuan antolatu zieten harrera ekitaldira iristen. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Loiu
2017ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Aireportuko ate automatikoak zabaldu, eta aurrez aurre 200 pertsona inguru topatu zituzten atzo euren zain Begoña Huarte eta Mikel Zuluaga errefuxiatuen eskubideen aldeko ekintzaileek. Familiakoei lehen besarkadak, muxuak, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako bandera horiak dantzan. Lehen oihuak ere bai orduantxe: «Ongi etorri errefuxiatuak!». Igartzen zen poza Loiuko aireportuan (Bizkaia), eta, halere, ez zen hori bi ekintzaileek buruan zuten itzulera. Berez, furgonetan egin nahi zuten Atenastik Euskal Herrirainoko bidea, eta, batez ere, Ali, Rahin, Behrouz, Basil, Awais, Natasha, Morteza eta Muaied errefuxiatuak alboan zituztela. Mugan harrapatu zituen Poliziak, ordea, eta, egun batzuk atxilotuta pasatu ostean, hegazkinez eta bakarrik egin dute buelta, azkenean. Horregatik pena, eta horregatik arreta fokua errefuxiatuek jasaten duten egoeran jartzeko seta ere haien lehen hitzetan. «Europako gobernuek eraiki duten harresi handi horretan harri koskor bat kentzea besterik ez dugu egin», Huartek. «Gobernuek ez badituzte giza eskubideak errespetatzen, desobedientziarako eskubidea dugu», Zuluagak. Eta biek argi: «Berriz ere egingo dugu».

Orokorrean alai joan zen harrera ekitaldia: lore eskaintza hasieran, Harkaitz Estiballes bertsolariaren esker oneko bertsoa ondoren, eta txistulari bat ere bai prentsaurrekoa amaitzean; baina salaketarako baliatu nahi izan zuten hedabideen arreta plataformako ordezkariek eta bi ekintzaileek. «Hilketa bat da hau, ez dago hau izendatzeko beste hitzik». Mugak zabaltzea premiazkoa dela adierazi zioten Europako Batasunari horregatik. «Ez dago itxaroterik; 2016an, 5.000 pertsonatik gora hil dira Mediterraneoan Europara iritsi nahian». Errefuxiatuak hartzeko orain urtebete ezarri zituzten kupoak bete gabe jarraitzen dutela gogorarazi zuten, eta desobedientziarako deia egin zuten. «Giza eskubideei obeditzen diegu guk». Azkenik, Euskal Herriko herri eta auzo bakoitza «harrera gune» bihurtzeko deia egin zuen plataformak.

Elkartasunaren garrantzia defendatu zuen Zuluagak. «Munduaren historiaren parte bat gerrek, hilketek eta pertsekuzioek eraiki dute, baina bada beste parte on bat ere, eta parte on hori elkartasunak, kolaborazioak eta pertsonen eta herrien arteko afektuak eraiki dute. Bigarren parte horretakoak gara gu, eta bigarren parte horretakoak izan behar dugu, ezin dugulako onartu halako deuseztatzerik».

Hurrengo bi gidariak

Esker on hitzak izan zituen Huartek. «Zuen erantzunak bihurtu du gure frustrazioa eta sufrimendua poz, eta gure porrota garaipen». Halere, ezerosotasun puntu bat ere azaldu zuten bi ekintzaileek. Izan ere, nagusiki euren egoeraren gain sentitu dute arreta egunotan, eta errefuxiatuek duten egoera da haiek salatu nahi zutena. Horregatik behin eta berriz aipatu zuten muga zeharkatu ezinik dabilen jendearen estutasuna atzo, eta horregatik egin zuten deia etorkizunean plataformak antolatutako deialdiekin bat egiteko.

Koloretsu bilakatu zuten harrera argazkia Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko bandera eta zapi horiek aireportuan, eta ezker eta eskuin ikus zitezkeen giza eskubideen aldeko eta errefuxiatuen egoera salatzeko egindako afixak. Hegaldien informazio pantailen azpian pankarta handi bat ere zabaldu zuten ondorengo leloarekin: Elkartasuna ez da delitua. Nik ere egingo nuke. Ongi etorri errefuxiatuak. Txaloak eta oihuak.

Umorerako tarte bat ere topatu zuen Zuluagak. «Gizatiarrago sentitzen gara orain, eta berriz ere egingo dugu». Eten solemnea ekintzaileak azken hitz horien ostean, eta txalo orduan jendeak. Zuloagak berriz hitza gero: «Baina, hori bai, hurrengoan beste bi pertsona jar daitezela gidari, mesedez». Barre ozenak, eta barre horien artean, mobilizazioekin jarraitzeko gonbita ere. «Sarraski hau geldiarazi behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.