Donostiako Aste Nagusia bukatu berri da, baina hiria jai giroan dago oraindik. Izan ere, gaur hasiko dira euskal jaiak, eta irailaren 11ra arte luzatuko dira. Euskal jaiak Euskal Herriko ohitura eta errituak nabarmentzen ditu, kutsu tradizionalari jarraituz.
Nekane Arzallus Donostiako jarduneko alkateak azaldu du Kontxako Banderako emakumezkoen eta gizonezkoen sailkapenarekin hasiko direla euskal jaiak, eta estropadak jokatzen diren bi kategorien irabazleei banderak emanez amaitu. «Gure kulturaren eta historiaren inguruko 11 programazio egun izango dira, eta mota guztietako ikusleentzat 61 jarduera egingo dira».
Aurtengoan nobedadeak agerikoak izango direla adierazi du Arzallusek: «Euskal jaietako ekintza klasikoena edo ohikoena Sagardo Eguna da». Larunbatean izango da, Konstituzio plazan, 11:00etatik 13:45era bitarte.
Olatz Mitxelena Gipuzkoako sagardogileen elkarteko koordinatzailea da, eta haientzat ere oso urte berezia izan dela adierazi du. «Zorionez, bi urteren ostean, Donostiako Udalari eta Donostiako Festak-i esker, Trinitate plazan sagarren aurkezpena egin genuen». Egun, elkartean 53 sagardotegi dituzte, baina 38 izango dira Konstituzio plazan Sagardo Egunean.
Larunbatean, lau sagardogile omenduko dituzte elkartekoek. Gainera, sektoreak plan estrategiko bat gauzatutako du: sagardo dastatzea kopan egitea. «Edalontzia guretzat oso elementu kuttuna da, baina kopak beste aukera bat ematen dio sagarrari. Dastatzeko oso erreminta aproposa da».
Aurtengo euskal jaien beste nobedade batzuk hauek izango dira: Elkanoren eguna egingo dute, irailaren 6an, portuan; izan ere, duela 500 urte, irailaren 6an, Elkano eta haren itsasgizonak lehorreratu ziren, lehen mundu bira eman eta gero. Irailaren 7an eta 9an, berriz, poesia orduak egingo dira; nobedade gisa, 1813-2022 Ate Zaharberriak oroimenezko ikuskizunarekin. Irailaren 10ean, aldiz, Gaztelu Eguna izango da. Gastronomian, marmitako lehiaketa eta sardina jatea egingo dira. Kiroletan, badia igerian zeharkatuko dute, eta pilota txapelketak eta estropadak egingo dira. Kultur arloan, euskarari lotutako jarduerak izango dira; esaterako, Donostia Bertsotan, irailaren 10ean, 22:30ean.
Berrikuntzak
Euskal jaiekin batera, jaietako kartela aurkeztu zuten atzo. Anjel Blanco izan da aurtengo euskal jaien kartelaren egilea. 2020. urtean erabili behar zen kartela, baina, egoerak baldintzatuta, bertan behera gelditu ziren azken bi urteetako euskal jaiak.
Blancok adierazi du bere ideia bi inizialak berreraikitzea izan zela: E eta J. «Bi inizialen egiturarekin jolasteko modu bat da, euskal tipografia tradizional bat erabilera estetiko eta ez-testualera eramana». Bi hizkiak elementu geometrikoen bidez osatuta daude, eta elementu horiek kolore berde, gorri eta zuriarekin erlazionatzen ditu, «kolore horiek euskal jaiekin lotura handia duten elementuak direlako».
Donostiako euskal jaiak
Gaurtik hasita, irailaren 11ra arte, Donostian.
PROPOSAMENAK
Berrikuntzak euskal jaietan
Donostiako euskal jaien barruan, Elkano Eguna ospatuko dute. Larunbatean, Sagardo Eguna egingo dute Konstituzio plazan, eta, berrikuntza gisa, kopan emango dute sagardoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu