Kuadrillen Eguna ospatuko dute bihar Zegaman (Gipuzkoa). Asteartean hasi zituzten herritarrek San Bartolome jaiak, eta prest daude biharko eguna jai giroan hartzeko.
Txarangak, kuadrillen arteko bazkariak, kalejirak, buruhandiek, erraldoiek eta abarrek hartuko dute herria bihar, 10:30ean hasita. Gaurko egunak, ordea, aurretiko prestaketa lan handia izan du. Zegamako Gazte Herexa elkartean, hainbat gazte aritzen dira herriko festak nahiz urtean zehar izaten diren ekitaldiak antolatzen. Gazte horietako bat da Josune Zubizarreta (Zegama, 1995), eta, beste kide batzuekin batera, bazkarirako sarrerak egiteaz, saltzeaz eta hainbat kontu lotzeaz arduratu da, beste urte batez. «Bazkarirako izen ematearen arabera, janari eta edari eskaera egin genuen. Ekitaldietarako gauzak lotu, eta hainbat lan ere egin ditugu», azaldu du gazteak.
Biharko eguna festetako berrikuntza dela adierazi du Zubizarretak: «Duela hiru urte antolatu genuen. Herri gehienetan kuadrillentzako egun bat zegoela eta, pentsatu genuen polita izango zela Zegaman ere horrelako egun bat jartzea». Orain arte ondo joan zaie, eta herritarrek ondo erantzun dute: «Helburua hari horri jarraitzea eta hobetzen ahalegintzea da».
Kuadrillen Egunean 25-30 lagun talde batzen direla adierazi du Zubizarretak: «Herritarrez gain, kanpotik ere etortzen da jendea». Umeak, gazteak nahiz helduak animatzen dira festara, eta herritar gutxi gelditzen dira etxean, Zubizarretaren arabera: «12 urte inguruko gazte kuadrilletatik hasi, eta 45 urte ingurura arteko lagun taldeak batzen gara bazkarian. Horretaz gain, herria beteta egoten da».
Sanbartolomeak Zegaman
Berrikuntza hobetuz
Kuadrillen Eguna egingo dute bihar Zegaman. Hirugarren aldia da aurtengoa, eta, izandako erantzun onaren ondoren, beste urte batez gozatu ahalko dute herritarrek, bihar, lagun artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu