Ikaztegian denbora nahikoa igaro ostean, Olentzero aurki jaitsiko da menditik Mari Domingirekin batera. Jesus jaio delako edo negua heldu delako, lasterka etorriko dira bataren edo bestearen berri ematera. Olentzero abestiaz gain, badira letrak aldatu dizkieten beste hainbat abesti: erlijioari egindako erreferentziak edo hitz matxistak kendu dituzte horietatik.
Gabon kantek eztabaida sortu dute. Batzuek diote sortu zituzten garaiko testuingurua ulertzeko balio dutela, eta hori ere azaldu behar ikasleei kantak irakastean: «‘Begira, horrela kantatzen zen, giroa ere horrelakoa zelako’», esan dio Kontxi Aizarna Xirula Mirularen sortzaileak BERRIAri. Beste batzuk tradizioak eguneratzearen aldekoak dira. Hau esan du Amelia Barquin Huheziko irakasleak: «Ondo ikusten dut hitz batzuk aldatzea edo egokitzea; irauteko, tradizioak aldatu egin behar dira».
Iritzi gehiago biltzearren, inkesta bat abiatu du BERRIAk, eta honako galdera hauek bota dizkie bere irakurleei sare sozialetan: zer egin behar da gabon kantekin? Bere horretan utzi, moldatu, ala kanta berriak sortu?
Guztira 1291 boto jaso ditu BERRIAk, eta, 496 irakurlek (%38,4) abesti berriak sortzearen alde eginagatik ere, emaitza ez da aho batezkoa izan: gertu geratu da abestiak bere horretan mantentzearen aukera (436 irakurle; botoen %33,8); hitzak aldatzearenak, berriz, 359 boto jaso ditu (%27,8).
Sare sozial bakoitzeko inkestek joera bera izan ohi dute, baina, honetan, aldeak daude inkesta batetik bestera. BERRIAren Telegrameko kanalean, abesti berriak sortzearen alde egin dute, eta hitzak aldatzearen aukerak jarraitu dio:
Whatsappeko kanalean, berriz, gehiengo handi batek kantu berriak sortzea bozkatu du:
Xn, irakurleen ia bi herenek kantetako letrak mantentzearen alde egin dute, eta pareko geratu dira beste bi aukerak:
Gabon kanten letrak aldatzen hasi dira: hitz erlijiosoak eta matxistak kendu dituzte. Batzuek uste dute beharrezkoa dela tradizioak eguneratzea, eta besteek, sortu ziren garaiko testuingurua ulertzeko balio dutela.
— Berria.eus (@berria) December 19, 2024
Bozkatu eta utzi zure iritzia.https://t.co/XS1LKAwJ4D
Instagramen, letrak aldatzearena da gehien bozkatu duten aukera (63 boto; %43), gertu geratu da berriak sortzearena (57 boto; %39), eta atzean geratu da abestiak bere horretan uztearena (26 boto; %18).