Gertuko Komunikabideen Pirinioarteko Kongresua egingo dute gaur eta bihar La Seu d'Urgellen (Herrialde Katalanak), eta parte hartzaileen artean BERRIAko IKT arduradun Pello Urzelai egongo da. Bihar emango du hitzaldia Urzelaik: komunitatean oinarritutako hedabideentzat egindako metrika eredu bat aurkeztuko du.
Nazioarteko kongresua Herrialde Katalanetako komunikabideen Amic elkarteak antolatu du, eta laguntzaileen artean Hekimen eta Tokikom daude. Bi elkarte horietako ordezkariak La Seu d'Urgellen izango dira. Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behatokiko koordinatzaileak euskarazko komunikabideen kartografia aurkeztuko du gaur. Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak euskarazko hedabideen laguntza publikoei buruz hitz egingo du.
Bihar, Tokikomeko zuzendari komertzial Iraitz Elgezabalek, Eta Kitto! aldizkariko koordinatzaile Ana Aizpuruak, CodeSyntax enpresako proiektu buru Josu Azpillagak, Euskal Irratietako erredaktore buru Jose Luis Aizpuruk eta Goienako ikus-entzunezko zuzendari Oihane Agirrek hitz egingo dute. Elhuyarreko ordezkari Xabier Saralegik ere parte hartuko du, emakumeen presentzia neurtzeko sistema automatiko baten berri emateko.
BERRIAk metrika eredu baten berri emango du Pirinioetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu