BERRIAk bi finalista izango ditu Rikardo Arregi kazetaritza sarietan

'Ahomentan' elkarrizketa sorta eta Urtzi Urrutikoetxearen 'Leku-lekutan' atala hautagaiak dira

Urtzi Urrutikoetxeak Leku-lekutan iritzi-artikulu sorta idazten du BERRIAko Mundua sailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Hilaren 19an egingo dute Rikardo Arregi kazetaritza sariak emateko ekitaldia, Andoainen (Gipuzkoa). Iaz bezala, Kazetaritza saria eta Komunikazio saria banatuko dituzte. Kazetaritza sariko lau finalisten artean, BERRIArenak dira bi: Ahomentan elkarrizketa serieaeta Urtzi Urrutikoetxea kazetariak Mundua sailean idazten duen Leku-lekutan atala.

Ahomentan atala egunkariaren paperezko edizioaren azala eta mamia berritu zirenean sortu zen, 2014. urtean, udako igandeetako eskaintza berezi gisa. Elkarrizketatu batek baino gehiagok parte hartzen dute —gehienetan bi dira, baina gehiago izan daitezke—. Arlo bereko elkarrizketatuak elkartu ditzake kazetariak, baina alor desberdinetakoak ere bai. Sail guztietako kazetariek egiten dituzte Ahomentan-eko elkarrizketak. Diseinu berezia izaten dute.

Urrutikoetxeak, bestetik, estaturik gabeko herrialdeen eta hizkuntza gutxituen errealitatea aztertzen du maiz Leku-lekutan iritzi sortan. ETBko kazetaria da Urrutikoetxea, eta aspalditik kolaboratzen du egunkariarekin. Eszedentzian da gaur-gaurkoz, AEBetan.

Beste finalista bat Beñat Zaldua kazetariak Gara egunkarian idatzitako Nola iritsi gara honaino seriea da; koronabirusaren krisia klima aldaketarekin eta beste zenbait gertaerarekin lotu zituen Zalduak zortzi artikulutan. Euskadi Irratiak Zaballako (Araba) espetxean egindako Faktoria saioa ere finalisten artean dago. Iñaki Guridik gidatu zuen irratsaio hori, irailaren 8an.

Komunikazio sarian, bestalde, hauek dira finalistak: Oier Aranzabalen Barruan gaude podcasta —Zuzeu podcast-en hasi zuen bidea, eta aurten EITB Podkast plataformak argitaratzen du—; Basilika podcast taldea —Gorka Bereziartua kazetariak, Pablo Marte artista eta ikerlariak, Kepa Matxain kazetariak, Lur Olaizola zinemagileak, Beñat Sarasola irakasle, editore eta idazleak, Jone Uriarte kultura kudeatzaileak, eta Irati Urrestarazu artistak osatzen dute—; 3000twitz kolektiboa—Twitch sare sozialak euskara hizkuntza gisa onartzeko eskatu dute 4.000 lagunek—, eta Pantailak Euskaraz egitasmoa—ikus-entzunezkoak euskaratzeko lanean ari dira zenbait herritar talde eta ikus-entzunezkoen sektoreko eragile—.

Martin Ugalderi aitortza

Aurtengo sari banaketa ekitaldiak gogoan izango du Martin Ugalde kazetari eta idazlea, haren jaiotzaren mendeurrenean; Andoainen bertan, kazetariari eskainitako erakusketa bat ikus daiteke, Bastero kulturgunean, abenduaren 4ra arte.

Iaz, Euskadi Irratiko Osasun etxea-k irabazi zuen kazetaritza arloko saria. Codesyntax enpresari eman zioten Komunikazio saria, Egunean Behin jokoagatik.

Andoaingo Udalak antolatzen du Rikardo Arregi saria, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta diru laguntzarekin. 33. aldia izango da aurtengoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.