Iruñeko Txantreako konpartsako sortzailea

Blas Subiza: «Berria zen auzo batek erraldoiak izatea, eta, gainera, pertsonaia mitologikoak izatea»

Mitologian oinarrituta sortu zituen Subizak Iruñeko Txantrea auzoko erraldoiak. Auzolana izan du bere bizitzan oinarri: «Auzoko bizitzan murgiltzeak poz handia ematen du». Sanferminen eta auzoen historia ere ikertu ditu.

Blas Subiza Iruñeko Txantrea auzoko konpartsaren sortzailea, auzoko erraldoiekin, ostegunean. IÑIGO URIZ / FOKU
Blas Subiza Iruñeko Txantrea auzoko konpartsaren sortzailea, auzoko erraldoiekin, ostegunean. IÑIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2025eko martxoaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iruñeko Txantrea auzoan erraldoiak atseden hartzen ari dira. Armonia Txantreana peñako txoko batean ditu gordeak Blas Subiza Txantreako konpartsako sortzaileak (Iruñea, 1945), altxor bat balira bezala. Erraldoi berriak daude, baina baita 1984ko apirilean dantzatu ziren erraldoiak ere, lehenbiziko aldiz Txantreako Felix plazara atera zirenak. Lau erraldoi eta lau kiliki; erraldoiak 70 kilo ingurukoak dira. Erraldoien gordelekua argazki zaharrekin apainduta dago: konpartsako sortzailea erraldoiak eraikitzen agertzen da, igeltsuz josita. Erraldoiak eraikitzeko gogoaz gain, Iruñeko auzoen historia ezagutzeko jakin-mina piztu zitzaion. 2012an bere haurtzaroko Arrosadia auzoko kontakizunak bildu zituen Historias y recuerdos del Mochuelo (Mozoloaren istorioak eta oroitzapenak) liburuan. Prozesu berari jarraitu zion La gran fiesta de la calle: Los Sanfermines del siglo XX (Kaleko festa handia: XX. mendeko sanferminak) liburua idazteko.

Iruñeko Alde Zaharrean jaio zinen?

Bai. 1950eko hamarkadan, gerraostean, nire aitona-amonak Iruñeko Alde Zaharrean bizi ziren. Baina etxea ez zen haiena, Elizarena zen, eta aitona-amonek errenta bat ordaintzen zuten. Gu haiekin bizi ginen, baina garai batean ezin ginen denak kabitu, eta Mozoloaren [Arrosadia] auzora joan ginen. Aitona hil zenean, jaun katolikoak amonarekin hitz egitera joan ziren, eta bi aukera eman zizkioten: etxea erosi ala joan. Amona gurekin etorri zen, eta karitatea egiten duten gizon horiei etxea eman behar izan zien.

Nola gogoratzen duzu haurtzaroko Arrosadia auzoa?

Auzora iritsi nintzenean, Mozolo goitizenez zen ezaguna, besterik ez. Zorua oso txarra zen: ez zegoen ezer, dena lurra eta lokatza zen. Etxeetako ateak irekita egoten ziren beti, eta haur guztiok kalean jolasten ginen futbolean. Lau etxe besterik ez zeudenez, auzoa bideetan banatzen zen: lehenengo bidea, bigarrena... 

Noiz hasi zinen lanean?

14 urte nituela hasi nintzen. Radio Frias irrati enpresan hasi nintzen lanean, irratiak etxeetara eramaten. Normalean, irratiak zituztenak aberatsak ziren, eta irratiak haraino eraman behar nituen. Etxe horietan atezainarekin egiten genuen topo, eta ez zigun uzten eskaileretatik edo igogailutik igotzen: karga jasogailutik igo behar genuen. Hor erabaki nuen hori ez zela nire bizitza. Lan batzuk izan nituen gero, eta azkenean Txantreako auto tailer batean hasi nintzen lanean. Bertan egon nintzen erretiratu arte.

Nondik jaio zen erraldoiak sortzeko ideia?

1980ko hamarkadan ez zegoen erraldoi askorik, eta zeudenak elkarren berdinak ziren. Txantreako Armonia peñako lehendakaria nintzenean, bilera bat egin genuen auzoko txikientzat zer egin erabakitzeko, zaku lasterketak eta zezensuzkoa ez zen zerbait. Beste zerbait nahi genuen. Erraldoi batzuk egiteko ideia bikaina bururatu zitzaigun.

Tartalo, Basajaun, Mari eta Sorgina erraldoiak egin zenituzten. Zergatik erabaki zenuten mitologian oinarritzea?

Ez genuen nahi erraldoiak errege edo erreginak izaterik. Oso ohikoa zen, eta ez genuen horrekin bat egiten. Gaiari buruz ideiarik ere ez izan arren, pertsonaia mitologikoen erraldoiak egin nahi genituen: pertsonaia handiak direlako, erraldoiak bezala. Hurrengo egunean gutako batek Barandiaranen liburu bat lortu zuen, eta horretan oinarrituta aukeratu genituen pertsonaiak. Baina zalantzak izan genituen.

Nola argitu zenituzten zalantza horiek?

Pertsonaiekin zalantzak izan genituen, eta ez genuen gaizki egin nahi. Beraz, Berara [Nafarroa] joan ginen, Julio Caro Baroja ikustera. Goiz batean joan ginen, eta harekin hitz egin genuen; primeran hartu gintuen, eta oso ideia ona iruditu zitzaion. Oso pozik atera ginen, dena martxan zegoen!

«Ez genuen nahi erraldoiak errege edo erreginak izaterik. Oso ohikoa zen, eta ez genuen horrekin bat egiten»

Nola eraikitzen dira erraldoiak?

Nolakoak ziren erraldoiak? Ez genuen ideiarik ere. Iruñeko Udalera joan ginen laguntza bila, eta Francisco Apeztegia Iruñeko Erraldoi eta Kilikien Konpartsako arduradunarekin jarri gintuzten harremanetan. Oso atsegina izan zen eta erraztasun guztiak eman zizkigun: Iruñeko erraldoien planoak utzi zizkigun. Baina baldintza bat jarri zigun: erraldoiak erregeak eta erreginak ez izatea. Guri zoragarria iruditu zitzaigun.

Erraldoien planoak lortu ondoren, zein izan zen hurrengo pausoa?

Berehala elkartu ginen dozena bat pertsona, lanerako prest. Obra hondakinak eta eskaiola erabili genuen; aurkitzen genuen guztia. Baina arazo bat zegoen. Burua eta molde batzuk eginda geneuzkan, baina ez genekien ondo zeuden. Beraz, laguntza eske joan ginen eskaiolarekin modu profesionalean lan egiten zuten batzuengana, baina traba ugari jarri zizkiguten. Dena errepasatu behar izan genuen.

1984ko apirilaren 29an dantzatu ziren erraldoiak lehenbiziko aldiz, Txantreako Felix plazan. Nolakoa izan zen lehen dantza? 

Erraldoiak eskurik gabe aurkeztu genituen, ez genuelako astirik izan eskuak amaitzeko. Latexezko eskularruekin aurkeztu genituen. Testu bat irakurri genuen erraldoi bakoitza zer zen azaltzeko, eta jende asko etorri zen; plaza beteta zegoen. Ez genuen astirik izan dantzatzen ikasteko; beraz, hiru dantzarik lagundu ziguten. Erraldoien lehen mugimendua izan gara, sortu eta dantzatzen hasi zen lehenengoa. Berria zen auzo batek erraldoiak izatea, eta, gainera, pertsonaia mitologikoak izatea. Inork ez zuen erraldoirik.

Erraldoiak auzoko ikur bihurtu dira?

Baietz uste dut. Tartalo agertzen da jai batzordearen logotipoan, Sorgina ostatua ere badago, eta Tartalo parkea dugu. Uste dut oso auzo desberdina dela besteekin alderatuta, eta gustatzen zait ikustea erraldoiak ongi hartzen dituztela. Auzoko edozer ekitalditan parte hartzeko prest gaude.

Txantreako plazara bakarrik ateratzen dira erraldoiak?

Ez. Leku askotatik deitzen digute. Ene Kantak proiektuan hasi ginenetik, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri askotatik deitzen gaituzte.

Beste leku batzuetako erraldoiak ere sortu dituzu?

Bai: Tuterakoak [Nafarroa], Gareskoak [Nafarroa] eta Arrasatekoak [Gipuzkoa], besteak beste. Teknika hobetuz joan naiz. Erraldoi zaharrak eta oraingoak alderatuz gero, alde handia dago.

Mitologia eta erraldoiak elkartzen dira Amalur ikuskizunean. Nolakoa izan da harrera?

Julen Aldaz Iruñeko Txantreako erraldoien konpartsako arduradunak idatzi zuen gidoia, eta ipuin musikatua da. Harrera oso ona izan da, baina motz geratu da. Orain, ikuskizuna zabaltzen saiatzen ari gara.

Erraldoiak kalera lehendabiziko aldiz atera zirenetik, asko aldatu da egiten duten ibilbidea?

Hasieran, 1984an, erraldoiekin atera ginenean, Txantrea txikiagoa zen. Orain, auzoa asko handitu da, eta ezin ditugu leku guztiak bisitatu. Lehen, beharbada, kale batean bi edo hiru aldiz dantzatzen genuen. Baina, auzoa baino gehiago, gazteria aldatu da.

Zer esan nahi duzu?

Bizimodua aldatu da. Uste dut parte hartzaileagoak ginela lehen, interesik gabe auzolanean gehiago aritzen ginela. Gaur egun gazteak gehiago joaten dira nor bere gauzetara. Horrekin ez dut esan nahi lehen hobeak ginenik. Gizartea indibidualistagoa da orain.

Zergatik da garrantzitsua zuretzat auzolana?

Auzoko bizitzan murgiltzeak poz handia ematen du. Erraldoi batzuk egiten dituzu lagunekin, eta 50 urte igaro ondoren plazan dantzan ari dira oraindik. Oso polita da hori. 75 urte pasatuta hor jarraitzea espero dut.

«Uste dut lehen parte hartzaileagoak ginela, interesik gabe auzolanean gehiago aritzen ginela»

Zuretzat nolako esperientzia izan zen Historias y recuerdos del Mochuelo (Mozoloaren istorioak eta oroitzapenak) liburua idaztea?

Zoragarria izan zen. Ezagutu ere egiten ez nituen gauzak gogoratu nituen Arrosadia auzoaren inguruan. Liburua idazteko, 36ko gerra sufritu zuten pare bat pertsona elkarrizketatu nituen, eta oso interesgarria izan zen. Oso gaizki pasatu zuten familien testigantzak jaso nituen.

Aurretik ez zenekien zerbait jakin duzu auzoaren inguruan?

Bai. Gaur egun, haurtzaroan ezagutu nituen bi gauza baino ez daude auzo horretan. Bada etxe bat guretzat bosgarren bidea zen lekuan; zokoraturik utzi dute, baina oraindik zutik dago. Aldapan behera suziri fabrika bat zegoen, eta barruan pinu handi bat. Dena bota zuten, baina pinua bertan dago oraindik. Oso espezie berezia izan behar du, eta hor geratu da; ezin da bota.

Zergatik da garrantzitsua auzoetako historia ikertzea?

Hiriko bizitza da. Auzoetako mugak ez daude oso argi, eta gaur, inoiz baino gehiago, dena nahasita dago; bata bestearekin desegiten da: oraintxe batean zaude, eta bost minutu barru, bestean. Garrantzitsua da gure historia ezagutzea. Testigantzak jasotzeko orduan, garrantzitsua da elkarrizketatu bitxiak aukeratzea, orain arte entzun duzun istorioaren beste ikuspuntu bat jasotzeko.

Aldatu egin zen sanferminak aztertzen dituen liburua idazteko prozesua?

Ez. Urte asko daramatzat liburu hori egiten. Aitarekin izaten nituen solasaldietatik jaio zen liburu hori, bere gaztaroko sanferminak nolakoak ziren ikusita. Datuak biltzen joan nintzen, eta, zerbait egitea erabaki nuenean, Cruz Juaniz Zabalza Iruñeko La Veleta peñaren sortzailea eta nire aita elkarrizketatu nituen.

Kaleko festak direla diozu liburuan. Oraindik ere hala dira?

Dena aldatu da, baina sanferminen oinarria kalea da oraindik. Iruñeko peñek pixka bat aldatu beharko lukete.

Zer aldatu beharko lukete peñek?

Peñak oso eroso daude, eta, betiko eran, egoerara egokitu dira. Sanferminetan egun guztiak oso antzekoak dira, eta inork ez du bere izaera asko aldatzen. Abesti berak abesten dituzte oraindik, eta, gauzak zalantzan jarri gabe, bata bestearen atzean mugitzen dira.

Zer izan da liburua idazteko orduan aurkitu duzun zailtasun nagusia?

Oso informazio gutxi dagoela. Ikertzen hasi nintzenean, ohartu nintzen ez dagoela ia ezer. Sanferminen arazoa da oso informazio gutxi dagoela, eta peñek, euren jatorria ikertzen hasten direnean, ez dute ezer aurkitzen: kalearen historia da dena, hitzez transmititu den historia. Argazki eta artxibo gutxi daude; Nafarroako Artxibo Orokorrean ez dago ezer, adibidez.

Informazio gutxi dagoenez, datak zehazteko arazoak daude?

Bai. Iruñeko La Unica peñari hori gertatu zaio. Peñak 2003an ospatu zuen mendeurrena, baina, beste ikertzaile askok zioten bezala, nik ere uste nuen peña geroago sortu zela, 1932an. Liburua amaitzean, peñako kideei bidali nien idatzitako guztia, eta oker nengoela erantzun zidaten, 1931ko argazki bat zutelako. Argazkia bidali zidaten, lupa hartu nuen, eta ez nuen data ikusten. Argazkia aztertzerakoan konturatu nintzen denak zuriz jantzita zeudela, eta arropa zuria erabili zuten lehenak Veleta peñakoak izan ziren, 1931n. Jai dute!

Ba al dago inor Txantreako erraldoien lekukoa hartzeko prest?

Bai. 1992an auzoko konpartsa txikia sortu zen, eta funtsezkoa izan zen hori. Zorte handia izan dugu, egun batean ume txiki bat konpartsa txikian ilusio handiz sartu zelako. Hortik konpartsa handira pasatu zen, eta orain Txantreako erraldoien konpartsako arduraduna da. Julen Aldaz da. Egia esan, erraldoien konpartsa familia bat da. Hasieran guk eramaten genituen erraldoiak hainbat lekutara, eta belaunaldi berriek eramaten dituzte orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.