Nafarroak eta EAEk EITB zerbitzua Nafarroan emateko hitzarmena berritu dute gaur, Iruñean. Felix Taberna Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak, eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak sinatu dute akordioa, Nafarroako Jauregian. 2016. urtetik dute hitzarmena, eta hurbileko edukiak indartzeko eta zerbitzua lurralde osora iritsiko dela bermatzeko helburuz berritu dute.
Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du EITBk bere programazioen zati bat Nafarroako edukiei eskaintzeko, herrialdeko errealitatea islatzeko asmoarekin. Eduki horiek sentsibilitate politiko eta ideologiko desberdinak errespetatu beharko dituela adierazi dute.
Halaber, zerbitzuaren emisioa zabaltzeko eta hobetzeko neurriak hartuko dituztela adierazi dute, batez ere haurrentzako euskarazko edukietan jarriz atentzioa. Gainera, Nafarroak ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu publiko bat izango balu edukiak EAEn emateko konpromisoa hartu dute.
Bengoetxeak nabarmendu du ez dela elkarlan berria, eta hitzarmenaren bitartez EITBk Nafarroan duen presentziari eutsiko diotela aurrerantzean ere. Tabernak, berriz, adierazi du «hurbileko komunikabideak, publikoak eta kalitatezkoak» sustatu nahi dituztela. Kezkaz hitz egin du desinformazioaren inguruan, eta esan du «gertuko edukiak indartzea» dela desinformazio horren aurkako neurririk eraginkorrena.
Hitzarmenak bi urte iraungo du, eta urtero berritu ahalko da; beste bi urtez, gehienez ere.
Hitzarmena, baina, ez da denen gustukoa. Bezperan, PPk eta UPNk hitzarmena kritikatu zuten Espainiako Senatuan, akordioa «iruzurtzat» joz. «Nafarroako nortasuna ezabatzeko» helburua duela adierazi zuten. Bestalde, EH Bilduk, PSOEk, Geroa Baik eta EAJk gogorarazi zuten aurrez zegoen akordioa berritu besterik ez dutela egin.