Birziklatzea 

Berrerabiliz biziberritu

Nork bere kasa edozer konpontzeko aukera eskaintzen du Emausko trapuketarien 'Hemen konpon' tailerrak. Birziklatuz hondakin gutxiago sortzea dute helburu.

Juanjo Iriarte eta Iosu Gulina, bizikleta bat eta zezentxo baten gurpila konpontzen. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2016ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Birziklatzeko tailerrak berpiztu egiten du Berriozartik (Nafarroa) igarotzen den trenbidearen ondoko industria-nabe zahar eta ahantzia. Iruñerriko mankomunitateak eta Emausko trapuketariek egindako hitzarmenaren ondorioz sortu da egitasmo hori. Objektuen balio-bizitza luzatzea du helburu, eta, hartara, murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen aldeko apustua egitea eta hondakin gutxiago sortzea. «218 kide gara. 2015ean, bederatzi milioi kilo hondakin jaso genituen, eta horien %83 berreskuratu, birziklatuta nahiz berrerabilita», azaldu du Amaia Olaberri komunikazio arduradunak.

Norberak bere kasa edozer doan konpontzeko baliabideak eskaintzen ditu tailerrak. Hango langileak dira Iosu Gulina eta Juanjo Iriarte; bisitariek eramaten dituzten objektu apurtuakkonpon daitezkeen edo ez aurreikusten dute. «Askotan, jendea beldur da iragarpena egiteko teknikariarengana jotzeaz, horrek dirua balio baitu. Hortaz, asko hona etortzen dira. Konpon daitekeela esaten diegunean, haien aurpegia guztiz aldatzen da. Oso polita da jendea bere kasa konpontzera animatzen dela ikustea». Iriartek argitu du jendea oso pozik ateratzen dela, oro har: «Gauzak konpontzeko gai direla ikusten dute. Haiek hautematen dute arazoa non dagoen, eta hori oso gogobetegarria da», dio langileak.

Gunea bi zatitan dute banatua: mekanika eta elektronika gunea batetik, eta zurgindegia eta tapiztegia bestetik. Hala ere, jendearen eskariaren arabera antolatzen dituzte txokoak: etxetresna elektrikoak konpontzeko txokoa txikitu behar izan zuten, jende gutxik erabiltzen baitzuen. Iriartek adierazi duenez, lasai dabiltza, eta ez dute arazorik eremuaren antolaketa moldatzeko. Segurtasun neurriak direla medio, bada eskaini ezin dutenik ere: ezin dute margotu, bernizik erabili eta soldatu. Konpontzeko eramaten dutena ezin da bertan gorde, erantzukizun handia baita: «Gauzak puskatu edo gal daitezke; beraz, guk ez dugu ardura hori hartzen», dio Iriartek.

Bai Iriartek, bai Gulinak azpimarratu dute haien lana aholkatzea dela, zenbaitetan esku hartzen duten arren: «Batzuk nahiko galduta etortzen dira, eta laguntza handia behar dute. Beste batzuek uste dute guk konpondu behar ditugula gauzak, baina hau norberak konpontzeko tailerra da. Beste batzuek ordaindu nahi izaten digute, baina hemen ez dugu dirurik onartzen», azaldu du Iriartek. Halaber, esku hartzea gustatzen zaiela aitortu dute biek, eta asko ikasten dutela erabiltzaileengatik: «Arazo berriak sortzen dira aldiro, eta konponbide berriak bilatu behar izaten ditugu».

Egunero dago zabalik tailerra, bai igandeetan eta bai jaiegunetan. «Jende gutxi etorri da orain arte. Hala ere, behin etorriz gero, errepikatu egiten dute denek. Behin etorri, eta gustua hartzen diote, eta jendeak elkarri laguntzen dio», nabarmendu du Iriartek.

Emakumezkoak nagusi

Tailerrera joaten diren lagunen erdia baino gehiago emakumezkoak dira. «Egurrezko objektuak, altzariak eta bizikletak konpontzera etortzen dira gehienbat. Elektronika ez da horren ohikoa, zailagoa da, jakitun izan behar baita. Normalean, ile lehorgailuak eta etxetresna elektriko txikiak konpontzera etortzen da jendea», adierazi du Iriartek.

Atzerritar ugari ere joaten dira, bai eta Iruñera egun-pasa joaten diren asko ere: «Inguruko bulgariarrak, ukrainarrak eta frantsesak biltzen dira batzuetan. Donostiatik eta Errioxatik hiria ikustera etorri, eta tailerretik pasatzeko aprobetxatu duenik ere izan dugu bertan», dio Gulinak.

Iriartek aditzera eman duenez, jendea gauzak konpontzera joateaz gainera, birzikla daitezkeen materialekin sortu eta saiakuntzak egitera ere joaten da. Sormen tailer gisa erabiltzen dute gunea, askok etxean tokirik ez dute eta. «Paletak asko erabiltzen dituzte, eta egurrak moztera etortzen dira. Horiekin altzariak sortzeko aukera ugaria da. Beste bizi bat ematen diete, eta hori ere berrerabiltzea da», esan du Iriartek. Bada mikrouhin labe baten transformadorearekin soldagailu bat egin duenik ere: «Elektromagnetismo bitartez dabil, ez dago kontaktu elektrikorik. Materiala berrerabiliz, soldagailuak balio dituen seiehun euroak aurreztu ditu», argitu du Iriartek.

Halaber, biologo batentzako txoriak harrapatzeko mekanismo bat diseinatzen ari da erabiltzaileetako bat. «Hodiak erabiliz, ariete bonba hidrauliko bat egiten ari da beste pertsona bat, eta, horrela, baratzerako ura ekartzen du erreka batetik. Hego Amerikan, aski normala da ura ateratzeko mekanismo hori erabiltzea», azaldu dute langileek.

Konpontzeko egurrezko altzariak eta bizikletak nagusi izan arren, bitxiagoak diren objektuak ere eramaten ditu jendeak: zezentxoa, biolontxeloa, ultramore lanpara, musika karrusela, kulunka, urdaiazpiko baten hezurra... Iriarte eta Gulinak kontatu dutenez, delta hegalean ibiltzeko arnesak konpondu eta ziurtatzera azaldu ziren batzuk behin; bizikletak zintzilikatzeko erabiltzen duten euskarri sendoa behar zuten ondo zeudela ziurtatzeko.

Etorkizunean, Saratsan (Nafarroa) dagoen denda eraman nahi dute industria-nabera, eta, han, berrerabiltzeko prestaketa gunea jarri nahi dute martxan: «Ez dugu kanpo finantzaketarik; poliki ari gara dena lekualdatzen. Denda hemen zabaltzean, espero dugu jende gehiago ibiliko dela, bigarren eskuko dendan erosirikoa hemen konpontzeko aukera izanen dute eta», dio Olaberrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.