«Dilistek dilisten zaporea duten sukaldaritza dut gustuko», aldarrikatu du Angelita Alfaro sukaldariak (Cervera del Rio Alhama, Errioxa, 1941). Angelita Alfaroren sukaldea da haren azken liburua, eta, bertan, egunerokoan ohikoak diren produktuak dira osagai nagusiak. Errezeta tradizionalak dira gehienak, baina bere kabuz sortutakoak eta atzerrikoak ere bere egin ditu Alfarok.
Atzo aurkeztu zuen Alfarok, Idoia Arozena Ttarttalo argitaletxeko editorearekin ez ezik, lagun min dituen puntako hainbat sukaldariren babesarekin: Andoni Luis Aduriz eta Luis Irizar sukaldariak, Juan Jose Lapitz gastronomo eta idazlea eta Joxe Mari Gorrotxategi gozogilea. Arozenaren esanetan, egunerokorako zein une berezietarako «berdin» balio dute Alfaroren errezetek.
Hasieratik bukaeraraino, otordu andana egiteko ideiak bildu ditu Alfarok; besteak beste, lehenengoak, barazkiak, arrainak, haragiak, saltsak eta azkenburukoak. Modu erraz eta sinplean azalduta, sukaldean hasiberriak direnentzat zein esperientzia dutenentzat balio du liburuak. Guztira, 250 errezeta ditu, zazpi ataletan banatuta.
Alfarok ez du goi mailako sukaldaritza eskolarik hartu sekula, eta hori du pena, baina harro azaldu zen atzo, liburua Basque Culinary Centerren (BCC) aurkezten zuelako: «Zorte itzela izan dut orain artean idatzitako liburuak leku zoragarrietan aurkeztu ditudalako, baina gaur hemen egotea nire ametsetako bat da».
Urteek ematen duten esperientzia baliatu du sukaldariak liburua idazteko. Ama eta izeben eskutik jaso du Alfarok dakien guztia, eta Gorrotxategik eskerrak eman dizkio, transmisio lana egin duelako Alfarok bere liburuekin: «Emakume ausarta zara, eta dakizun guztia ezin hobeto idatzi duzu». Beste belaunaldi batekoa da Aduriz, eta emakumeek sukaldaritzaren transmisioan izan duten garrantzia azpimarratu du: «Ditudan sukaldaritza liburuen egile asko hilda daude dagoeneko, eta oso pozik nago gu biok garaikideak garelako».
Ildo horretatik, Alfarok baieztatu du ez duela ezer gorde nahi beretzat bakarrik : «Norberak dakizkienak transmititu egin behar dira. Nork idazten du, bada, hil ondoren? Inork ez». Jadanik71 urte ditu Alfarok, eta «bizitzaren ilunabarrean» dagoela barre artean dioen arren, oraindik esaten du baduela «txinparta». Ez da guztiz egia, txinparta baino gehiago, bizitasun handia baitu.
Angelita Alfaroren sukaldea liburua BERRIAren laguntzaz euskaratu da, gastronomia bildumaren barruan, eta Ttarttalo argitaletxeak argitaratu du. BERRIAren irakurle, harpidedun eta BERRIAlagunek erdi prezioan eskuratu ahal izango dute, 12 euroan.
Loreak sukaldariari
Alfarok «herri gastronomiaren bultzatzaile» izateagatik lortu du sukaldaritzan duen izena, Irizarren ustetan. Haren errezetek ez dituzte osagai garestiak izaten; alderantziz, «neurrizko prezioak» dituztela dio Irizarrek. Izan ere, Alfarok ohiko produktuak erabiltzen ditu, eta garaian garaikoak diren barazki eta frutak prestatzen ditu, merkatuan erosita.
Lapitzek loreak besterik ez dio bota, Alfarok egindako ekarpenen harira: «Zure sukaldaritzaren bertuterik onenetako bat zera da, sinpletasunez azaltzen duzula: beharrezko osagaiak erabiliz, eta alferrikakoak baztertuz».
Ezarian. Gastronomia
Berrasmatzearen artea
Batez ere, betiko errezetak eta berak sortutakoak izan ditu oinarri Angelita Alfaro sukaldariak bere azken liburuanBERRIAren gastronomia bildumaren zortzigarren zenbakia da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu