Mendizalea

Andoni Barbarin: «Beriain mendiak erabat liluratuta nauka; 3.159 alditan igo naiz»

Barbarin kateatuta dago mendiarekin, bereziki Beriainekin. Lizarratik Sakanara doa ia egunero mendia igotzera: «Hainbat bide daude tontorrera igotzeko, baina niretzat bat da bereziena: Ihurbaingo arrakalakoa. Horma ikusgarri bat da».

ANDONI BARBARIN
Andoni Barbarin, asteazkenean, atzean Beriain mendia duela, Arbizun (Nafarroa). AITOR KARASATORRE / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Lizarra
2024ko otsailaren 17a
05:00
Entzun

Andoni Barbarin Jaurrieta (Lizarra, Nafarroa, 1953) ia-ia egunero igotzen da Beriainera; elurra mara-mara aritu, lanbroa izan, euri xehea edo langarra bota, haizete zakarra edo eguzki akigarria izan... 2006an abiatu zuen zenbaketa. Ordurako makina bat aldiz igota zegoen mendi kuttunera —«susmoa dut beste 170 bat alditan igo nintzela»—, baina egun hartatik aurrera agendan apuntatzen du igoera bakoitza. 2017an 297 egunetan igo zen. Gaurkoa 3.159koa izango da.

Beriainera igo zinen lehen aldiaz akordatzen al zara?

Bai. Blas Elkanorekin igo nintzen. Franco hil berritan izango zen. Lizarran bi erreferente izan ditut mendian: Blas Elkano eta Juan Saenz. Mendizale apartak biak.

Zergatik Beriain?

Erabat liluratuta nauka. Ermita 1.493 metroan dago. Ez da igoera luzea, baina bai oso bizia. Kateatuta nago mendi horrekin. Oso dotorea da. Ez noan egunean zerbait falta zait. Beste bat naiz han nagoenean. Mendiak lasaitasuna ematen dit, ideiak ordenatzen laguntzen dit. Irribarre batekin itzultzen naiz beti menditik. Pentsioaren erdia uxatzen ari naiz, baina, tira. Lizarratik Unanura [Nafarroa] 40 kilometro daude; beraz, 80 kilometro egiten ditut egunean.

Beriain mendi kuttuna daukazu, baina tontorrera igotzeko bide kuttun bat ere ba omen duzu...

Bai. Hainbat bide daude tontorrera igotzeko, baina niretzat bat da bereziena: Ihurbaingo arrakalakoa. Horma ikusgarri bat da. Arrakalatik 2.199 alditan igo naiz. Bide guztietatik igo naiz. Gauez ere igo nintzen behin. Ermitatik ikusi genuen egunsentia. Itzela izan zen.

Harri guztiak ezagutuko dituzu.

Uste dut harriek ni ezagutzen nautela. Esaten didate jada paisaiaren parte naizela [barrez]. Egun bakoitza desberdina da. Beriain bera beti dago desberdin, eta ni neu ere bai.

«Ermita 1.493 metroan dago. Ez da igoera luzea, baina bai oso bizia. Kateatuta nago mendi horrekin. Oso dotorea da».

Udaberria, uda, udazkena, negua; zein urtaro duzu nahiago?

Denak dira ederrak, baina, akaso, udaberria. Unanutik joaten naiz normalean, eta basoan sartu aurretik pago eder bat dago, handia; lehenengo pagoa da. Iaz, apirilaren 6an hasi zen ninikatzen.

ANDONI BARBARIN
Andoni Barbarin Beriain mendian, atzean ermita duela. Beriain 1.493 metro garai da. BERRIA
Erritualik ba al duzu?

[Barrez] Bai. Ermitaraino joaten naiz. Ondoan daude puntu geodesikoa eta buzoia. Biak eskuz ukitu, musu bana eman eta buelta ematen diet. Hori da errituala.

Nortzuk dira Donato eta Kaietano?

Santuak. Hantxe daude, ermitan, biak mitrarekin: Donato ezkerrean, mitra handiagoarekin, eta Kaietano eskuinean. Antza, xumeagoa zen azken hori. Mendia San Donato izenez da ezaguna ibarrean. Abuztuaren 8an egiten dute erromeria.

Ederra izango da ikuspegia tontorretik...

Oso. Pirinioak hortxe, mendebaldean, eta gero, jiratuz, hegoalderantz Moncayo, Montejurra, Joar, Ezkarai. Ekialdean, berriz, Aratz-Aizkorri, Anboto, Udalatx, Oiz, Malloa... Itzela da. Beriain munduaren erdi-erdian dago.

Euskal Herriko erdigune geografikoa, behintzat, gertu dago...

Bai. Tontorretik berrogei minutura oinez, mendebalderantz. Harri batzuk jarri zituzten duela hainbat urte, lurrean, zirkuluan, eta erdian harri bat zutik: EH eta lauburu bat marraztuta dauzka. Urtean behin han elkartzen gara.

Une latzen bat ere biziko zenuen, ezta?

Bai. Okerrena 2022ko abenduaren 5ean izan zen. Ihurbainetik gora ari nintzen, eta lau metrotik erori nintzen. Orkatilan min handia hartu nuen, eta hala nola iritsi nintzen. 112koak maiz ibili dira hemen, eta beti esaten zidaten ez emateko sustorik; beraz, ez nien deitu. Etxekoak etorri ziren. 121 egunez ezin izan nuen igo. 

Mendiari beti zor zaio errespetua. Monte Perdidon geratzekotan egon nintzen behin, 1994an, Javier Astizekin. Egun horretan berriz jaio nintzen. Mendiak beti jartzen zaitu zure lekuan. Beriain erraza dela dirudi, baina ez da hala. Azken urteetan zortzi lagun hil dira.

Mendia irakurtzen ere jakin behar da.

Bai. Eta buelta ematen ere bai. Nik behin bakarrik egin dut hori. 2015eko urtarrilaren 21ean. Tontorrera iritsi nintzen, baina ermitara, ez. Elurra ari zuen, haizea zakar zebilen, eta lainoa oso trinkoa zen, ez zen ezer ikusten, ez nuen bidearen arrastorik topatzen.

ANDONI BARBARIN
Broken espektroa bezala ezaguna den fenomenoa. Baldintza zehatz batzuetan bakarrik sortzen da fenomeno bitxi hori. ANDONI BARBARIN
Eta une magikorik?

Bai. Broken espektroa maiz ikusi izan dut. Lehenengo aldian izutu egin nintzen. 1997. urtea zen. Orduan sakelakorik ez genuen. Ikusi eta beldurtu egin nintzen. Gerora jakin nuen zer zen. Ikusgarria da, ezin da hitzez azaldu. Baldintza batzuetan bakarrik sortzen da fenomeno hori. Eguzkia atzean behar du, eta lanbroa behar du. Orduan, halako ortzadar zirkular moduko bat sortzen da, eta zure irudia ageri da erdi-erdian. Watsappeko profilean daramat irudia, pentsa!

3.000. igoera berezia izango zen...

Bai. Egun ahaztezina izan zen. Lizarrako mendizale elkarteko kideekin, lagunekin eta senideekin igo nintzen egun hartan, iazko ekainean. Bilobak ere igo ziren: Joar eta Saioa. Ederki pasatu genuen. Etxarritik [Nafarroa] lagun bat ere etorri zen eskusoinuarekin: Juanjo Mintegi.

ANDONI BARBARIN
Andoni Barbarin, erdian, lagunekin eta senideekin Beriainera igo zen 3000. aldia ospatzen, 2023ko ekainaren 18an. BERRIA
Asteko astelehen burusoil batean ez duzu inor topatuko.

Ez pentsa. Gero eta jende gehiago dabil mendian. Azken hamabost urteetan aldea izugarria da; bereziki, gero eta emakume gehiago ikusten dira.

Ezagunak ere topatu izan dituzu bidean, ezta?

Bai, ugari. Politikariak, pilotariak, artistak... Jagoba Arrasatek [Osasuna futbol taldeko entrenatzailea] kamiseta bat oparitu zidan. Mendizale ezagunekin topatzea izan da hunkigarriena; Patxi Eguillorrekin topatu izan naiz. Asko miresten dudan mendizalea da.

lotsabako

Beriain ez den mendi bat?

 Vignemale. Xarma berezia dauka. Midi ere ederra da.

Bakarrik edo lagunekin?

 Beriainera, bakarrik.

Hamaiketakorik? Platano bat eta sagar bat. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.