Jaiak. Bergara

Bergarako mendekosteak, ate joka

Egitarau zabala prestatu dute Bergarako jaiak ospatzeko.Besteak beste, Gose, Esne Beltza eta Emon taldeak izango dira jaietan

Bihar eta etzi bigantxak izango dira zezen plazan. BERGARAKO UDALA.
Ainhitze Ruiz.
2014ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Mendekoste jaiak hasteko prest daude bergararrak. Gaurtik asteartera bitarte, ondo pasatzeko aukera bikaina izango da Bergaran (Gipuzkoa), ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu baitute. Udal Musika Bandaren kalejira, sokamuturrak, kontzertuak, txosnak, bakailao lehiaketa eta umore ona izango dira Bergarako protagonistak datozen bost egunetan.

Aurten, gainera, kanpotik etorritako hainbat erraldoi talderen konpartsak izango dituzte Bergaran, Maider Osak, Bergarako Udaleko Kultura teknikariak azaldu duenez. «Beste berrikuntzetako bat xaboi ponpen ikuskizuna eta tailerrak izango dira; lehen aldiz egingo ditugu», azaldu du Osak.

Gaur, 20:00etan, festen hasiera irudikatzen duen Bitorianatxo panpinaren jaitsiera egin eta suziria botako dute San Martin plazan. «Udaletxearen aurrean dagoen seminarioko teilatutik jaisten da Bitorianatxo panpina, jaien hasiera dela adierazteko», azaldu du Osak. Reyes Azkoitia Bergarako pilota elkarteko arduradunak botako du jaiei hasiera emango dien suziria. Sorpresaz hartu du Reyesek udalak txupinazoa botatzeko egin dion proposamena. Azaldu duenez, harentzat ohore handia izango da txupinazoa botatzea, eta berekin batera pilotaren alde lan egin duten guztien izenean botako du suziria. Horrez gain, pilota mundua goraipatzeko suziria izango dela ere esan du. Udaletxeko balkoian, baina, ez da bakarrik egongo Azkoitia; pilotari gazteek botako dituzte handik bota ohi diren puxika erraldoiak.

Txupinazoaren segidan, Udal Musika Bandaren kalejira izango da herriko kaleetan, eta, ondoren, Elektrotxarangak hartuko du kalejiraren erreleboa. Iluntzean, txosnak eta barrakak irekiko dituzte, eta, segidan, Imuntzo eta Beloki taldearekin, dantzarako aukera izango da San Martin plazan. Bestelako musika nahiago dutenek ere izango dute gorputza astintzeko aukera. Izan ere, Bideberriko txosnagunean, Glaukoma, Kashbad eta Adams Party taldeek joko dute.

Bihar, goizean goizetik izango da ekitaldietan parte hartzeko aukera. Haur eta gazteen plastika txapelketa egingo dute San Martin plazan, 10:00etan. Sukaldean trebeak direnek 11:00etan erakutsi ahal izango dituzte beren abileziak. Izan ere, urteroko bakailao lehiaketa egingo dute. Horren ondoren, mendekosteetan tradizio bihurtu den beste ekitaldi bat egingo dute: iazko mendekosteetatik hona jaio diren bergarar txikiei ongietorria egingo diete udaletxeko pleno aretoan.

'Iparraldea Bergaran'

Bihar, kantaldi berezia egingo dute: Anje Duhalde, Erramun Martikorena, Mixel Ducau eta Caroline Philips kantariak arituko dira, herriko plazan. «Iparraldea Bergaran izena jarri diogu kantaldi horri. Jendea erakarriko zuen kantaldi indartsu bat egin nahi genuen», esan du udaleko Kultura teknikariak. Txosnetan, berriz, La Jodedera, McOnak eta Arkada Social taldeek kontzertua emango dute, bihar.

Igandean ere ez da festarako aitzakiarik faltako. Gose eta Esne Beltza taldeak izango dira San Martinen. Txosnetan, berriz, Emon taldeak joko du. Gainera, haurrentzat bereziki antolatutako hainbat jarduera ere egingo dituzte igandean; arratsaldean, Irrien Lagunak-en ikuskizuna izango da txosnetan.

Astelehenean kuadrillen eguna izango da, eta herri bazkaria egingo dute ospatzeko.

Jaien azken egunean, asteartean, ume eta helduen eguna egingo dute. Goizetik eguerdira bitarte, jolas parkea irekiko dute, eta, 12:00etan, herri kirolen erakustaldia egingo dute. «Aurten, izen handiko aizkolariak etorriko dira: Joxe Mari Olasagasti eta Donato Larretxea, horien artean», azaldu du Osak. Astearte arratsaldean, iaz egin zuten bezala, herri bingo erraldoia egingo dute Munibe plazan. Gauerdian, Bitorianatxo igo eta jaiak amaitutzat emango dituzte bergararrek.

Bergararrez gain, inguruko herrietako jende mordoa erakartzen dute mendekosteek. «Bailarako lehen jaiak dira, eta, alde horretatik, oso erakargarriak dira inguruko guztientzat», dio Osak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.