Marrakexeko Jamaa el Fna plazan eta plazatik kapilar ugaritan hedatzen den zokoan, mila usain, kolore, zapore eta soinu suma ditzake bidaiariak: bat eta bestea deiadarka, hennarekin margorik egitea nahi duzun, lanpararik edo platerik erosi nahi duzun, plazaren inguruko errepideetan auto eta kamioiak anabasan klaxona jotzen, muezzinen otoitzerako deia bozgorailuetatik... Zentzumen guztiak pizten dituen festa da. Itziar Agirrebarrena lizartzarra (Gipuzkoa) eta Enrike Zeberio tolosarra (Gipuzkoa) Marokon izan dira Aste Santuan, eta egon dira Marrakexeko plaza horretan, ibili dira Atlaseko mendietan, Merzougako basamortuan... eta liluratuta etorri dira hango kolore, usain, paisaia eta jendearekin. Aldiz, Jamaael Fna plaza zalapartatsuan edo Merzougako basamortuko bakean, soinu banda berdintsua izan dute biek. Erabateko isiltasuna. Gorrak dira biak.
Isiltasun horretatik nola hautematen da mundua? Nola ote da mundua hotsik eta soinurik gabe? Basoa txorien txiorik gabe, oinpeko orbelaren krakateko leunik gabe edo mendia haize aldaboiaren zizturik gabe? Galdera horiei erantzun nahi diote Agirrebarrenak eta Zeberiok berak eta beste hainbat kidek Isiltasunetik munduari begira proiektuaren bidez. Marokon bizitakoarekin dokumental bat egiteko asmoa dute horretarako, eta, proiektua gauzatzeko, Azpeitiko Udalak, Euskal Mendizale Federazioak eta Lagun Onak mendi bazkunak ematen duten Joxe Takolo beka jaso dute.
Proiektu horren atzean, Agirrebarrena eta Zeberiorekin batera, beste hainbat kide daude: Josu Iztueta bidaiaria, Eskuaire Komunikazio Bitartekaritzako kideak (Bego Gonzalez, Amagoia Osinalde eta Oihana Munduate keinu hizkuntzako interpreteak), Telmo Basterretxea zinemagilea, Koldo Agirre argazki zuzendaria, Juantxo Zeberio musikaria eta Iker Iriarte gidaria. Proiektuari eta taldeari gorputza eta euskarria eman diona, berriz, Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoa izan da.
Taldekideetako batzuk Aste Santuan izan dira Marokon, dokumentalerako irudiak filmatzen. Hala azaldu du Josu Iztuetak proiektua nola sortu zen: «21 urte nituela ezagutu nituen Enrike eta Itziar, 8 eta 7 urteko neska-mutil kozkorrak. Psikomotrizitate eskolak eman nizkien. Gogoan ditut txiki-txikiak biak, gorrak, eta nola komunikatzen ginen nola edo hala. Pentsatu nuen polita izan zitekeela berrogei urte geroago elkarrekin bidaia bat egitea, nik ondo samar ezagutzen dudan Marokora, beste kultura, paisaia eta jende batzuk ezagutzeko, eta, aldi berean, beraien isiltasun horretatik, munduari nola begiratzen dioten gizarteari ikusarazteko».
Zeberiok «esperientzia ederra» izan dela azpimarratu du: «Gorren eta entzumena dutenen arteko bizikidetza, interpreteen zubi lan hori, bertako gorrekin izan dugun hartu-emana...». Agirrebarrenak identitatea aipatu du, gorra izateak, ez entzuteak ematen duen identitatea. «Batzuetan jendeak uste du gorrok ez dugula hitz egiten, ez garela komunikatzen, eta Marokoko esperientziak erakutsi digu nahiz eta hizkuntza eta kultura desberdinak izan, bi pertsona gor elkartzen garenean, identitate bereko bi pertsona elkartzen garela. Haien keinu hizkuntzaren eta gurearen artean badira desberdintasunak, baina gure artean komunikatzean, bi entzuleren artean baino zailtasun gutxiago izan dugu».
Mendira, bake bila
Haien lekuan jartzea, hori lortu nahi dute dokumentalarekin. Jendez lepo beteta eta musika gorgarria jarrita dagoen taberna batean beraiek ez dutela ezer entzuten jabetzea, eta, aldiz, lasai ederrean elkarrekin komunikatzen jarrai dezaketela ikustea, entzuleak eztarria urratu beharrean dabiltzan bitartean. Edo alderantziz, Merzougako basamortuan, iluntasunean, lo zakuan sartuta besteek hizketan jarrai dezaketela, baina beraiek ez, iluntasunean ezin dutelako elkar ikusi eta keinu hizkuntzan komunikatu.
Sarri, isiltasunaren bila jotzen du jendeak mendira. Beraiek ere, isiltasuna ez, baina bakea bilatzen dute mendira eskalatzera, elurretan iraupen eskia edo snowboard egitera doazenean. Zeberio: «Haizeak, elurraren zuritasunak, arnasten ditudan usain horiek, animaliak ikusteak... horrek denak ematen dit lasaitasun eta deskonexio hori».
Telmo Basterretxea eta Koldo Agirre taldekideak hasiak dira Marokotik filmatuta ekarritako 60 orduei forma ematen. Urtearen amaierarako prest izan nahiko lukete dokumentala, han eta hemen erakusteko. Taldekide guztiek uste dute dokumentalak lagundu dezakeela gorren errealitatea ezagutarazten, keinu hizkuntza ikastearen garrantzia azpimarratzen, beren isiltasun hori entzunarazten.
Beren isiltasuna entzunarazi nahi dute
'Isiltasunetik munduari begira' proiektuak eskuratu du aurten Joxe Takolo beka. Gorrek, keinu hizkuntzako interpreteek eta haien lagun batzuek Marokon barna eginiko bidaia dokumental batean jasoko dute, gorren errealitatea ezagutarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu