'Errio' dokumentalaren aurkezlea

Nagore Urdapilleta: «Bere txikitasunean Orio zeinen handia den erakutsi nahi izan dugu»

'Errio' dokumentalaren aurkezlea da Urdapilleta. Lan horrek Oria ibaia du ardatz, eta Orioko herriko plazan proiektatuko dute gaur, 22:00etan. Ondoren, egileekin hitz egiteko aukera izango da.

Nagore Urdapilleta, 'Errio' dokumentalaren aurkezlea, herenegun, Orion. BERRIA
Nagore Urdapilleta, 'Errio' dokumentalaren aurkezlea, herenegun, Orion. BERRIA
unai etxenausia
2024ko irailaren 27a
05:00
Entzun

Ibon Gaztañazpi Orioko kazetariak (Gipuzkoa) zuzendutako eta Nagore Urdapilleta arraunlariak (Bidania-Goiatz, Gipuzkoa, 2000) aurkeztutako dokumentala da Errio. Urdapilletak errioak gordetzen dituen altxorrak deskubrituko ditu hamaika protagonistari egindako elkarrizketen bidez. «Herriko adinekoei» hitza ematearen garrantzia azpimarratu du.

Zure lehen dokumentala grabatu duzu.

Hala da, aurretik sekula ez naiz horrelako ezertan ibili. Espero ez nuen aukera bat izan zen, baina, Orioren inguruan zela ikusi nuenean, baiezkoa eman nuen. Arraunak ekarri ninduen Oriora, eta hemen jarri naiz lehenbizikoz kamera baten aurrean.

Arraunak erakarri, eta herria mirestera iritsi zarela dirudi...

Uste dut arraunean talde berezi bat dela Oriokoa. Azken hiru urteotan ikusi dut herriak arrauna nola bizi duen, eta oso berezia izan da hemen bizi izan dudana. Kaletik noanean edo ogia erostera joandakoan, adibidez, jendeak esaten didanean: «Aurrera, neskak: sinistu, aurten bai!». Horrelakoetan sentitzen dut zein berezia den Orioren parte izatea.

Bertako biztanleei eman diezue hitza, eta haiek dira dokumentaleko protagonistak. Zubi lana izan da zuena?

Bere txikitasunean Orio zeinen handia den erakutsi nahi izan dugu. Zubi lana egin dugu guk, elkarrizketatu ditugunen istorioak transmititzeko. Tamalez, zaila da protagonista guztiek esandako dena sartzea, baina saiatu gara ordubetean ahalik eta informazio gehien sartzen. Orio nondik datorren eta gaur egun nolakoa den erakustea izan dugu helburu.

«Ezinezkoa da dena biltzea, baina lerroburu handien barruko detaile txikiak bilatzen saiatu gara»

Zein da muntaketatik kanpo geratu den eta ez sartzeak pena eman dizun istorio edo pasadizo hori?

Ez dakit... Elkarrizketatu nuen pertsona bakoitzarekin ordubete edo gehiago igaro nuen, baina azken emaitzan hiru minutu inguru baino ez da agertuko bakoitza. Oso zaila da bat esatea. Garrantzitsuena da herriko adinekoei ahotsa eman diegula, konturatu gaitezen zein garrantzitsua den haiei entzutea. Horrek ematen dio balioa dokumentalari, eta egunerokoan egin beharko genukeen zerbait ere bada.

Dokumentalak ertz asko ditu: soziala, historikoa, ingurumen arlokoa eta abar. Ikusleak zer hausnartu izango duela uste duzu?

Galdera askoren erantzuna aurkituko dute dokumentalean, baina beste askoren erantzuna bilatzen hasteko bidea ere irekiko die; horretarako gogoa piztea espero dut. Alor pila bat lantzen ditu dokumentalak, herri batek dena baitauka. Era guztietako pertsonek osatzen dute herri bat, eta gu saiatu gara ahal bezainbeste batzen. Hala ere, ezinezkoa da dena biltzea, baina lerroburu handien barruko detaile txikiak bilatzen saiatu gara.

Estreinaldiko kartela. ORIOKO UDALA
Estreinaldiko kartela. ORIOKO UDALA
Nolako esperientzia izan da Ibon Gaztañazpirekin lan egitea?

Plazera izan da. Telebistatik ezagutzen nuen aurretik, eta oso eskertuta nago egin dugun bideagatik. Sekulako balioa duen esperientzia izan da, eta oso eroso sentitu naiz beti.

Adin arrakalak eragina izan du lan egiteko orduan?

Aldea badago, baina bakoitzak bere ekarpena egin du. Edozertarako hartzen ninduten kontuan; lantalde osoa anabasa bat zen.

Gaurko estreinaldirako prest?

Ni neu lasai nago. Nire ustez, hori da aurretik horrelako proiektu batean lan egin ez izanaren gauza onetako bat. Taldekoak aztoratuago daudela ikusten dut, badakitelako nola funtzionatzen duen honek guztiak. Aste osoa daramat lasai, baina Ibon ez dut uste hain ondo lo egiten ari denik [barrez]. Oso pozik gaude egindako lanarekin, eta uste dut lasai geratuko garela dokumentala ikusten dugunean.

lotsabako

Orioren gauzarik onena?
Herriaren babesa, arraunlarioi ematen digutena, behintzat.

Kamera aurrean agertzearen onena?
Kamera atzean daudenak lanean ikustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.