ATZEKOZ AURRERA

Bere kantekin omendu dute

Imanol Urbieta musikari eta konpositorea aste honetan hil da, eta Euskal Herrian zehar hainbat modutan omendu dute; Bilboko Zazpikaleetan, atzo eguerdian, kantu-poteo batez.

Imanol Urbietaren omenez Bilbon egindako kantu poteoaren une bat. MONIKA DEL VALLE/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Poteo hitza erabiltzen denean, astero tabernaz taberna egiten diren ibilbideei erreferentzia egiteko izaten da normalean. Era bat baino gehiago dago: triki-poteoa, bertso-poteoa... Bilboko Zazpikaleetan, Imanol Urbietaren kantuekin egindakoa kantu-poteoa izan da, baina ez dira tabernaz taberna ibili. Eta poteoetan normalean nagusi diren helduek ez dute gehiengo absolutua izan. Panorama guztiz aldatu, eta, gurasoekin batera, umeek hartu dituzte Unamuno plazako eta Plaza Barriko erdiguneak, Urbieta berak utzitako ondarearekin omenaldia egiteko; haren abestiekin, alegia.

Iragarrita bazegoen ere, ez du euririk egin, eta, horri esker, lurrean eseri ahal izan dira hasiera-hasieratik dantza egitera animatu ez diren umeak. Baina ez dute asko iraun, borobil erdian zeuden emakumeek bultzatuta, gehien-gehienek ezin izan baitiote eutsi dantza egiteari. Umeen zein helduen ahotsez gain, izan dira musikariak ere, noski: txirulak, biolinak, bonboak, akordeoiak eta bestelako musika tresnek aireratu dituzte Urbietak sortutako notak.

Nork bere etxetik ere zerbait ekartzeko deia egina zutenez gero, baten batek marakak astinduz ere lagundu ditu abestiak. Eta abestien hitzak ez ahazteko eta ahalik eta abesbatzarik koordinatuena sortzeko, paperak banatu dituzte bildutakoen artean, Urbietaren abestien hitzekin, badaezpada ere.

Unamuno plazan, 13:00etan, ordu-orduan hasi dira, Txiki-txiki-txikia abestiarekin, zarauztarraren abesti ezagunenetako batekin. Borobila egin eta, nolabait, zuzendari lanak egin dituzten emakumeek euren sudur, belarri eta begiak ukitu dituzte, abestiaren hitzei jarraituz. Hurrengoa ere, aski ezaguna: Jon Braun.

Kantu-poteoa izan arren, guraso gutxi daude eskuan edalontzi batekin; akaso, tokian bertan diren umeei adibide ona ematearren. Baina mugitu, mugitu da taldea. Unamuno plazatik Plaza Barrira abiatu dira kalejiran, Kalera, kalera abesten, eta Plaza Barriko mahaietan patxadaz aperitiboa hartzen ari ziren bilbotar zein bisitari guztiei lepoa birarazi.

Plaza Barriaren erdian eseri, eta berriro ekin diote kantuz giroa alaitzeari. Hori bai, oraingoan, borobilean dantza egiteaz gain, kate bat ere osatu dute ume eta gurasoek, eta bikoteka ere dantza egin dute. Txomin Iturrioz aita, esaterako, 2 urteko Laida alabari bazkaltzen ematen ari zitzaion hor inguruan, alaba nagusia dantzan ari zen bitartean. «Guk, betikoak abesten ditugu umeekin jolasteko, Ran Rober Ran eta Jon Braun. Nik, euskaltegian eta umeekin ikasi ditut, txikitan gaztelaniaz ikasten nuelako», azaldu du. «Kasu batzuetan, abestia ezagutzen nuen, baina ez nekien nor zen sortzailea», onartu du.

Jon Epelde kasualitatez zegoen plazan bere alabarekin. «Ez genekien omenaldi hau antolatu zutenik. Baina, abestiak ezagutu, bai, betidanik. Ikastolako oroitzapenak dakarzkidate gogora. Ni neu Jon deitzen naiz; hortaz, txikitan ezin konta alditan abesten zidaten Jon Braun», oroitu du irribarre batekin.

Ordu eta erdi kantuan eta dantzan eman ondoren, unea gogoratzeko talde argazki bat egin dute. Betirako oroigarri izango duten argazkia, Imanol Urbietak utzitako kantak bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.