ATZEKOZ AURRERA. Gemma Sangines. Psikologoa

«Berdintasuna izan behar dugu helmuga»

TELP tailerren sortzailea eta 'Irten hizkuntzaren armairutik' liburuaren egileetako bat da Sangines. Psikologoa da, eta, orain, EHErekin batera hizkuntza aktibismorako tailerrak prestatu ditu.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2016ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herrian Euskaraz-ek gonbidatuta, Iruñean izan da Gemma Sangines (Bilbo, 1970), hizkuntza aktibismoari buruzko tailerrak ematen. Arrasaten (Gipuzkoa) eta Durangon (Bizkaia) ere emanen ditu tailerrak, otsailaren 27an eta martxoaren 12an, hurrenez hurren.

Iruñean zaude, eta nonbaiten euskaraz eskatu duzu. Erantzuna: «No te entiendo» (Ez dizut ulertzen).

Lehenengo gauza eroso sentitzea da. Geure buruari esan behar diogu: «Saiatuko naiz, lehenengo hitza euskaraz izango da, eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den». No te entiendo esaten badu zuzenean, proba daiteke mantsoago hitz eginda. Edo joan gaitezke beste toki batera. Norberak ikusi behar du zer komeni zaion. Bezero bezala jokatu behar da, besterik ez.

Amore eman daiteke?

Bai. Uste dut ez dugula geure burua jipoitu behar. Amore ematen baduzu, gutxienez, hausnartu: «Uko egin dut, hurrengoan zer egin dezaket?». Pentsatu zein izan daitezkeen baliabideak hurrengoan hobeto egiteko.

Hori da hizkuntza aktibismoa?

Aktibismo eraginkorrean sartzeko, lehenbizi oso argi izan behar dugu gure jokaera. Eredu ona izan behar dugu. Aurretik oinarrizko kontua da gure hizkuntza asertibitatea oso ondo elikatua izatea, eta hortik aurrera aktibismoan sartzea.

«Erosoagoa da erdarara pasatzea», pentsatuko dute askok.

Kirolean, konfort egoeratik ateratzen zarenean ezerosotasuna etortzen da: agujetak, oinetan mina... Baina badu alde onik: endorfinak sortzea eta halakoak. Gauza bera gertatzen da hizkuntzarekin. Zenbat eta praktika gehiago, erosoago egongo zara. Ikusi behar duzu epe luzera zein eragin izango duen zure jarrerak. Normalean merezi du.

Euskalduna izateko entrenamendua behar da?

Tristea da esatea, baina hemen bigarren mailako biztanleak gara. Orduan, horri aurre egin behar diogu. Tokatzen zaiguna da entrenatzea, eta oztopoei aurre egitea.

Aktibismoa da bide bakarra?

Euskaraz aritzeari uko egin diezaiokegu, baina ez da doan, beste prezio bat ordaintzen dugu: sentimendu txarrak izatea, euskaraz geroz eta gutxiago jokatzea, ikusten dugu nola desagertzen den eremu euskalduna gure inguruan...

Herritarrak aktibaturik ikusten dituzu, baina?

Nire harremana beti da jende aktiboarekin; beraz, nire ikuspegia seguruenik okertuta dago. Orokorrean, uste dut jende gutxi dela oso-oso aktiboa. Jakin behar da nola bideratu mugimendu hori gauzak aldatzeko. Nafarroan, Valentzian bezala, egoera pixka bat aldatu da, baina oraindik bide luzea dago berdintasunera iristeko. Hori izan behar da gure helmuga: berdintasuna.

Zer da errespetuz jokatzea?

Bestea ondo tratatzea, bere lekuan jartzen saiatzea, eta gero zure lekura bueltatzea. Askotan, hiztun gutxituek bide erdia egiten dugu; hau da, beste aldean jartzen gara, baina gero ez gara gurera itzultzen. Errespetuz tratatu behar da bestea, baina kontuan izanda nolakoa zaren: euskalduna bazara, euskaraz. Ez da inperatiboa erabili behar; adibidez, «Háblame en castellano» [Hitz egidazu gazteleraz] hori errespetu falta da. Errespetuak ez du zerikusirik egiten duzun hizkuntzarekin.

Nola egiten zaio aurre inposizio hitzari?

Lehenengo gauza da marko horretan ez sartzea, gu txarto sentiarazteko sortu dutelako. Hitz hori oso gogorra da. Marko hori desegin behar da. Orduan, guk geuk hitz horiek beste batzuengatik aldatu behar ditugu: babesa, izaeraren defentsa, gurea besteei eman...

Nola ulertarazi elebakarrari hori?

Galderekin. Zergatik diozu hori inposizioa dela? Erantzuna eskatu behar diogu.

Nafarroako oposizioak euskara erabiltzen du gobernatzen ari direnen aurka.

Hizkuntzek beti gehitzen dute, eta haien diskurtsoa kontrakoa da. Ez da benetako diskurtso bat. Kontua da haiek sentsibilitate falta dutela kulturarekin, eta altxorrekin, baita Euskal Herriko biztanleen izaerarekin ere. Galdetu beharko diegu zergatik. Harridura erabili behar dugu, agerian utzi ez dela ulergarria.

Jaurlaritzarentzat txori txiki eta ahul bat da euskara. Horrelako mezuek zein eragin dute?

Hori kaltegarria da. Nik uste kanpaina honek —beste askok bezala—ardura osoa hiztunaren gainean jartzen duela. Eta ahula eta txikia bada, hiztunok babestu behar dugu? Gainera, beldurrarekin. Beldur horrek geldiarazi egiten gaitu.

Hizkuntza afera politikoa da?

Denda batean goxoki bat erosterakoan ere politika egiten ari zara. Gure jokaera gizarte honetan bizitzen politika da; ezer ez egitea ere politika da. Kontua da haiek kontzeptu neutroa erabiltzen dutela diskurtsoa haiengana eramateko. Ezin gara hor erori. Jokaera neutroa eta politizatuarena ez da existitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.