Donostiako Aste Nagusia

Berdintasun aldarriaz hasi da festa

Onintza Mokoroak, Luis Mokoroaren alabak, jaurti du kanoikada udaletxeko terrazatik.Aste Nagusiko egitaraua osatzeko lanean aritzen diren elkarteetako ordezkariek abestu dute 'Artillero', herritarren laguntzarekin

Onintza Mokoroak piztu zuen atzo kanoikadaren metxa. Aurreneko aldia izan zen emakume batek Donostiako Aste Nagusiko kanoikada jaurtitzen duela. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Musika, kolorea eta berdintasunari egindako keinu bat izan ziren protagonista Donostiako Aste Nagusiari hasiera eman zion ekitaldian. Berdintasunari egindako keinua Onintza Mokoroak irudikatu zuen, aurreneko aldiz kanoikadaren metxa emakume batek piztu baitzuen. Donostiarrak eguraldiaren beldur baziren ere, eguzkiak irabazi zien hodeiei, eta lepo beteta egon zen Alderdi Eder. Bertaratu zen jendeari festa egarria nabari zitzaion. Gogotsu abestu zuten Artillero aurtengo gonbidatuek, hodeiak uxatzeraino, eta abestia bukatu bezain laster, 19:00etan, kanoiak eztanda egin zuen.

Kanoikadaren aurretik ere festa eta umorea izan ziren protagonista Donostiako kaleetan. Edonon entzun zitezkeen txaranga hotsak, eta haien erritmora dantzan zebiltzan erraldoi eta buruhandien laguntzaz heldu zen jendea Alderdi Ederreko lorategien ingurura. Udaletxe aurrea jendez bete zenean igo ziren oholtzara aurten Artillero abesteko ardura zuten elkarteetako ordezkariak. Ondo bete zuten haien egitekoa, indarrez abestu zuten, eta baita dantzatu ere. «Festari hasiera ematea zirraragarria izan da. Gure elkartea ordezkatzera etorri gara, eta horrek nolabaiteko aitorpena egiten dio egiten dugun lanari», esan zuen Manex Eizmendi Easo saskibaloi taldeko kideak. Gauza bera nabarmendu zuen Ane Fernandino Trebeska taldeko dantzariak ere: «Kultur elkarteok egiten dugun lanak fruituak ematen dituela ikustea oso betegarria da». Artillero abestu ondoren, urtero legez, kanoikadaren txanda izan zen.

Aurtengo kanoikada berezia izan da, baina. Azken momentura arte gordeta izan zuten ezustekoa agerian geratu zen Juan Karlos Izagirre alkateak Onintza Mokoroa txilibiteroen buruari kanoikada jaurtitzeko gonbidapena egin zionean, haren aitak urtero egin ohi duen moduan. Mokoroak ilusio handiz eta dudarik gabe onartu zuen. «Askotan aritu naiz aitarekin txantxetan, noizbait metxa lapurtu beharko niola esanez, eta gaur, nire ametsa egia bihurtu da.» Kanoikadaren aurretik urduri egon zela aitortu zuen, baina «poztasun izugarria» sentitu zuen ordua heldu zenean. «Kanoia arma bat da, eta beldur apur bat ematen du, baina dena primeran prestatu dute, eta oso ondo atera da». Inguruko jende guztia adi zuen Mokoroak, eta ikusleez gain, aitak ere ez zion begirik kendu alabaren lanari. Hura ere pozik, eta «alaba kuttunaz harro».

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea pozik agertu zen ekitaldiarekin. Aste Nagusiari «hasiera hunkigarria» eman ziotela esan zuen, eta bi ideia azpimarratu nahi izan zituen. Alde batetik, elkarte antolatzaileei «merezitako omenaldia» egin zietela, eta bestetik, lehen aldiz kanoikada emakume batek bota izana aipatu zuen:«Badakigu keinu txiki bat baino ez dela, berdintasuna egunero landu beharreko kontua dela, baina urrats bat egin nahi izan dugu». Azkenik, kalera atera eta gozatzeko deia egin zien donostiarrei, festetan parte hartu eta egitarau osagarri guztiez gozatzeko esanez.

Eragozpen bakarra, ekitaldi nagusia amaitzear jazo zen: artillero bati eskopetak eztanda egin zion eskuetan. Bertan artatu zuten Gurutze Gorriko kideek, eta susto bat besterik ez zen izan. Ez du zauri larririk.

Aste Nagusiari hasiera eman ostean, hiri osora zabaldu zen festa. Konfeti txuri-urdinek hartu zuten Alderdi Eder, eta hainbat batukada eta txarangak Parte Zaharreko eta Erdialdeko kaleetan ibili ziren txoko guztiak alaitzen. Bulebarrean, McOnak taldeak kontzertua jo zuen, eta beste hamaika jarduerak bete zituzten Donostiako plaza eta kaleak. Urtero moduan, 22:45ean su festaren txanda izan zen, eta ondoren, zezensuzkoen aurretik egin zuen korrika donostiar ugarik. Ze Esatek taldea indarrez aritu zen Saguesen, 23:45ean, rock, ska eta reggae doinuen erritmoan.

Ezkila eta Matti, kaian

Piratek ere atzo hasi zuten festa. Arratsaldean, hiriaren hainbat tokitatik irten zen kofradia bakoitza. Adibidez, Donostia Pirata aldarrikatzeko, Kalepoza kofradiak bandera pirata kokatu zuen Urgullen, ikurrinaren azpian. La Flamenka gunean elkartu ziren denak gero, kapitainari ongietorria egiteko. Ezkila itsasontziz heldu zen, urtero bezala, Matti lagun zuelarik. Ezkila kapitaina Sardiñeren kofradiakoa izango da aurten, eta Matti pertsonaiak abortuaren aldeko mugimendua ordezkatuko du.

Arratsaldean motorrak berotzen hasi ostean, 22:00 aldera suziriak zerua urratu eta abuztuaren 17ra arte etenik izango ez duen festan murgildu ziren piratak. 3Gabe2 taldeak jo zuen La Flamenkan eta Gus Van Sound izan zen Nautiko gunean. Motz geratu zitzaien batzuei gaua, eta gaur batzuek atzoko parrandaren ondorioak nabarituko badituzte ere, ziur datozen egunetarako prest jarraituko dutela. Indarrak berpizteko gosari pirata prestatu du gaur goizeko zortzietarako Ubarroiak kofradiak. Pirata guztiek gogoan izan beharko dute bihar abordatze eguna izango dela, eta zortzietan hasiko direla txalupak muntatzeko txandak.

Hurrengo zazpi egunetarako aukera zabala dago, eta bakoitzak bere gogora hoberen egokitzen diren jarduerak hautatu ahal izango ditu. Ez dago etxean geratzeko aitzakiarik: festa denon zain dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.