Txupinazoaz geroztik, ez du flauta ahotik kentzerik izan ia. Pamplonesa udal bandako musikaria ez ezik, lehendakaria ere bada Nekane Sola (Iruñea, 1978). «Pribilegiatuak» direla uste du, sanferminak bestaren muinetik bizi dituztelako. Urduri eta gogotsu dago, aurretik zazpi egun geratzen bazaizkio ere.
Zer moduz hasi dituzu bestak?
Txupinazoa gogo handiz bizi genuen. Ezin hobeki hasi ditugu bestak, eta jendetza izan dugu inguruan jotzen genuen bitartean.
Gainzaren biribilketa da Pamplonesak jotzen duen lehenbizikoa. Nolakoa da une hori?
Super berezia: bestaren eztanda bertatik bertara ikus dezakegu udaleko ezkaratzean, txistulariekin batera, eta atetik bestaldeko besta giroak kutsatu gintuen txupinazoan.
Iaz karrikan jo zenuten, baina aurten ezkaratzean berriz. Zergatik?
Txistularien elkarteak hasierako tradizioa berreskuratu nahi izan zuen, garai batean Udaletxe plazan egiten baitzen. Oso polita zen, baina gaur egun jendetza dago, eta zarata handia. Saiatu ginen, baina poliziek ez zuten lortu behar genuen lekua egiterik. Artistikoki ez du zentzurik; ia ordu erdi berandu jo genuen, eta ez genuen elkar ikusten eta aditzen.
Uztailaren 14ra arte lan eta lan ariko zarete. Nola bizi duzu?
Nekatuta ailegatzen gara, lan handia baita. Sanferminetan, lasaienak ere, lo orduak gutxitzen ditu egunez egun. Baina pribilegio bat da bestak barrutik bizitzea. Nik asko bizi ditut, asko gozatzen dut bandan joz.
Baduzu trikimailurik nekeari aurre egiteko?
Ospatzeko eta partekatzeko gogoa izatea da funtsezkoena. Horrela biziko ez bagenu, etsipenean eroriko ginateke. Adibidez, dianetan: jendea besta eginda etortzen bada, rol horretan sartu behar duzu. Bestela, nekagarria litzateke.
Dianena da sanferminetan izaten duzuen unerik surrealistena?
Bai, dudarik gabe, baina ederra da. Urteak pasatu ahala, jendea berreskuratzen dugu; adibidez, haurrak izatean etortzeari utzi zion jendea. Bitxia da pandemiaren ondotik inoiz baino gazte gehiago etortzen direla, eta dianetako giroa aldatu egin da. Uste dugu sare sozialengatik izan dela.
Zertan aldatu da?
Ezberdina da, dibertigarria.
Zergatik dizue jendeak hainbesterako errespetua?
Besta hauetako soinu banda gara, eta gureganako atxikimendua dute askok. Adibidez, prozesioan, berdin maite gaituzte Kale Nagusian zein Curian. Banda hau musikarekin lotzen da soilik, eta uste dut horregatik batzen duela hainbeste jende.
Zutik eta oinez jotzen duzue egunotan. Zailagoa da hori?
Desfilatzera ohituta gaude banda musikariak. Egia da egun asko direla, eta bizkarreko minez ibiltzen direnentzat egun zailak direla.
Ez al zarete nekatzen kanta berak behin eta berriro jotzeaz?
Oso ongi daramagu, eta gure artean umorez aritzen gara. Riau-riau-an badakigu melodia bera joko dugula behin eta berriro, baina unea bizi dugu. Dianetan, berdin: lau obra dira, baina egun bakoitza ezberdina da: norbera nola datorren, zuzendariaren inspirazioa...
Noiz hasten zarete melodia hauek buruan kantatzen?
Niri gertatzen zaidana da sanferminak bukatuta oporretara joan eta buruan melodia horiek ditudala.
Noiz hasten zarete entseguekin?
Melodia ezagunak izan arren, entseguak zorrotz egiten ditugu. Maiatza eta ekaina artean berreskuratu ohi dugu errepertorio hau.
Baduzue atseden egunik?
Orain bi diana eta bi zezen arratsalde libratzeko baimena dugu. Horrela eramangarriagoa da. Baina prozesiora denak joaten gara.
Eta baduzue tarterik sanferminez gozatzeko?
Bai. Niri sanferminak asko gustatzen zaizkit; beraz, garrantzitsua da bandatik kanpo ere gozatzea. Alabekin goizeko giroa maite dut, bermuta-eta; kuadrillarekin, gauekoa.
Beraz, gauez ere atera zaitezkete?
Baina gutxi, e! Asko zaintzen dugu geure burua.
Dianetako eguzkitako betaurrekoak eguzkitarako dira bakarrik?
[Irriz] Gehiago daude prozesioan.
ATZEKOZ AURRERA. Nekane Sola. Pamplonesako lehendakaria
«Berdin maite gaituzte Kale Nagusian zein Curian»
Hamelingo txirulariak nola, iruindarrak atzetik eramaten ditu Solak bere doinuekin. «Bestetako soinu banda» da Pamplonesa harentzat. Egunero jotzea «nekagarria» bada ere, «pribilegiotzat» dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu