Datorren larunbatean egingo da XVI. Berdel Eguna Mutrikun (Gipuzkoa). Herriko talde eta gizabanakoen artean prestatutako eguna izaten da berdelarena, eta aurten ere ez dira motz gelditu; egitarau mamitsua antolatu baitute.
Goiz osoan berdelaren pintxoak egongo dira musu truk tabernetan, jan nahi dituenarentzat. Bertan merkatarien elkarteak Merkatu Txikia ere antolatu du, 10:00etatik 14:00etara bitartean, Txurruka Plazan. Gainera, Mutrikuko VII. Belaontzi Txapelketa ere orduan hasiko da Kalatxori bela elkartearen eskutik.
Eguerdian, kaleko giroa alaitzeko, trikitilariak ibiliko dira batera eta bestera, eta 13:00etan, herriko abesbatzak kontzertua emango du Zabiel plazan. 17:00etan amaituko da belaontzi txapelketa; 18:00etan, berdel pintxo dastatzea izango da moilan.
Berdel aipamena
Berdel Egunaren harira, Berdel Aipamena egin zieten Jesus Maria Narbaez eta Esperanza Azkarragari martxoaren 24an. Mutrikuko haitzetan amoniteak eta bestelako fosilak bildu izan dituzte. Ondoren, zeukaten bilduma osoa Udalari eman zioten.
Egun handia larunbata izan arren, dagoeneko martxan da egitaraua; Igandera arte, adibidez, Acuifoto erakusketa dago ikusgai Zabiel kultur etxean. Astegunetan, 18:00etatik 20:00etara, egoten da irekita; larunbat eta igandeetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara. Horrez gain, seigarrengo urtez jarraian Akuakultura jardunaldiak ere antolatu dituzte. Akuakultura uretako izakien ekoizpena da, besteak beste: arrainak, moluskuak, krustazeoak eta algak aztertzen ditu. Gaur eta bihar izango dira 09:00etan hasita 14:00ak arte. Aurtengoan algak aztertuko dituzte, algak baliabide iturri izenpean. Bihar 14:00etan, jardunaldia amaitzen denean, akuakulturako produktuen dastatzea izango da gerturatzen direnentzat.
Herriko Zine Forum Taldeak ere parte hartu du Berdel Egunaren atariko prestaketa lanetan. Atzo The End of the Line dokumentala eman zuen, eta bihar, La pesadilla de Darwin emango du. Globalizazioaren eragina aztertzen du dokumentalak. Victoria aintziraren inguruan bizi diren 25 milioi pertsonen egoera latza erakusten du. Niloko karpa arrantzatzen dute, baina, garatutako herrialdeetara bidaltzen dituzte guztiak; ez daukate inongo baliabiderik hura erosteko.
BERDEL EGUNA
Non. Mutrikun (Gipuzkoa).
Noiz. Larunbatean.
Asteburuko proposamenak
Berdelarekin ibiliko dira festan
MutrikuLarunbatean izango da festa nagusia; ez da berdel pintxorik faltako, eta Merkatu Txikia ere egingo dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu