Tako, katu, trufa, truk, fruta eta truko. Zein hizki errepikatzen da guztietan? Berbaxerka jokoak letra bat nabarmentzen du erdian, eta, hizki hori derrigorrez erabilita, ahalik eta hitz gehien sortu behar dira inguruan dituen letrak baliatuz. Egunero aldatzen dira letrak. Bolo-bolo dabil jokoa sarean, eta arrakasta handia izateaz gain, zalantza ugari sortu ditu: Nork sortu du? Nola? Zergatik? Non?
Euskal Herrian eta Katalunian sortu dute Berbaxerka; Marc Font informatikariak programatu du, eta Gorka Salcesek itzuli du euskarara. Izan ere, Kataluniako Paraulogic jokoaren euskarazko bertsioa da. Elkar ikusi gabe egin zutela esan du Fontek: «Whatsapp eta Telegram erabili genituen batez ere, eta dei bat. Bi gau nahiko izan ziren jokoa egiteko».
Bizkaian bizi dira biak, eta, Gabonetan, Fontek jokoaren berri izan zuen Kataluniara familia bisitatzera joan zenean: «Etxera bidean, irratian programatzailea elkarrizketatzen ari ziren. Etxean, aita jokatzen ari zen. Ama normalean ez da aritzen joko horietan, eta bera ere bazebilen. Lagunekin elkartu nintzen, eta lagunek ere jokatzen zuten. Paraulogic jarraika zebilkidala zirudien». Edonora joanda ere, lagunek itzultzeko eskatzen zioten; hortaz, euskarara moldatzea erabaki zuten. «Ez geneukan deus pentsatuta; oso inprobisatua izan zen», azaldu du Fontek.
Euskara ikasten ari denez, ez zen bakarrik egitera ausartu, eta lagun bati, Salcesi, telefonoz hots egin zion. «Jokoan agertzen diren esaldiak itzuli nituen; ez zen lan handia izan. Gainerako hitzak Euskaltzaindiaren Hiztegiak jasotakoak dira», dio Salcesek. Izenak buruhausteak eman zizkion: «Marcek hitza berba erabili nahi zuen, baina esan nion oso zaila zela horrekin jokatzea». Etengabe pentsatzen ibili zen, izen bat sortu nahian: «Azkenean, Berba bizkaitarra delako aukeratu genuen, eta xerka Iparraldekoa delako, eta euskalkiak nahasteko».
Algoritmoen magia
Fontek nabarmendu du hiztegia sortzea izan zela prozesuaren zailtasunik handiena: «Horrelako jokoak egiteko, hitzen zerrenda bat sortu behar da. Horretarako, algoritmo batek, adibidez, o letra duten hitz guztien zerrenda sortzen du». Esan du jokoa jada sortuta zegoenez moldatzea «sinplea» izan zela: «Open Sourcen oinarritzen da, hau da, librea da, eta edonork erabili eta moldatu dezake». Pere Orgak Paraulogic programatu zuen, eta bat dator Fontek esandakoarekin.
Jokoaren erabileran jarri nahi izan dute arreta, eta ez haiengan, Fontek esan duenez: «Guk egin dugu, baina edonork egin zezakeen. Zailena joko bat asmatzea da». Haien helburua euskaraz jokatu ahal izatea da.
Paraulogic jokoaren antzekoa da, baina berrikuntza batzuekin. Esate baterako, hitz bakoitzean klik eginez hiztegiko definizioa agertzen da. Fontek dio ikasteko baliabide bat izan daitekeela: «Euskara ikasten ari naiz, eta oso lagungarria iruditzen zait. Askotan ez ditut aurkitzen ikasteko aplikazioak». Salces irakaslea da, eta esan du irakasle batzuk erabiltzen hasi direla, eta ikasleak ere bai: «Bikotekidea euskara irakaslea da, eta erabiltzen du. Haren ikasleak oso pikatuta daude».
Jatorrizkoa, ingelesez
Jatorrizko bertsioa, Spelling Bee, AEBetan egina da, eta Open Sourcen oinarrituta dagoenez, Paraulogic eta Berbaxerka sortu zutenak bertsio horretan oinarritu ziren. Katalunian, azaroan sortu zuten; Orga programatzailea Paraulogicen arrakastaz mintzo da: «Ez genuen espero jokoak hainbesteko arrakasta izatea. Komunikabideek eragin handia izan zuten. Gainera, Gabonak ziren».
Berbaxerkak egun batetik bestera arrakasta izan zuen, eta oharkabean harrapatu zituela dio Fontek: «Ez genuen espero; ingurukoei bidaltzen hasi ginen. Twitterrek eragin handia izan du, eta, batez ere, euskaraz eta katalanez izateak. Horrelako gauzak sortzen direnean, azkar zabaltzen dira».
Berbaxerka, bat-bateko arrakasta
Letrak elkartuz ahalik eta hitz gehien osatzeko jokoa da Berbaxerka. Bi lagunek euskarara ekarri dute, asmo handirik gabe, baina berehala zabaldu da sukarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu