Argazkiz eta ikurrez apainduta daude Kontxa Laspiurren (Bergara, Gipuzkoa, 1924) etxeko egongelako hormak. Senideen lehengo eta oraingo argazkiak, Euskaltzaindiak emandako euskarazko irakaslearen titulua, Euskal Herriko zazpi probintzien armarria... Berriki gehitua da horietako bat, collage teknika erabilita. «Izan zirelako gara, garelako izango dira» du idatzia, eta Laspiur bera agertzen da, gurpil aulkian, Korrikako lekukoa eskuan duela. Joan den martxokoa da, ia 100 urterekin eraman baitzuen euskararen aldeko lasterketako lekukoa, hizkuntzaren alde egindako lana aitortzeko hala eskaini zioten eta. «Ondo goian astindu nuen», esan du, harro. Indarrez heltzen dio bere izena daraman makilari, euskarari ia mende batez eutsi dion bezalaxe. Puzzle baten piezak elkartuz bezala egin du bere bizitzaren kontakizuna.
Hilabete pasatxo igaro da lekukoa hartu zenuenetik. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Ordura arte, urduri egon nintzen. Baina, eguna iritsi zenean, lasaiago nengoen. Inoiz baino jende gehiago egon da aurten, sekulako jendetza. Ilobak eraman ninduen gurpil aulkian, bakarrik ezin naiz-eta ibili. Gero, herrian askok ezagutzen nautenez, bata etortzen zen eta laztan ematen zidan, gero bestea... Nik zeintzuk ziren ere ez nekien askotan. Gehienak nirekin ibilitakoak izango ziren.
Jende askok geratuko zintuen kalean ordutik...
Etorri zitzaidan gizon bat, ezagutzen ez nuena, eta esan zidan, lagunekin nengoela: «Zu Kontxa Laspiur zara, ezta? Bada, nire amak ikusi egin nahi zaitu, hari euskara irakatsi zeniolako». Hurrengo egunean hor etorri zen, amarekin. Ez nuen ezagutu. «Baina, Kontxa, zurekin ibilitakoa naiz!», esan zidan. Eta nik esan nion: «25 urtean, badakizu zenbat jende pasatu zen nire eskuetatik?».
Nola bizitzen duzu normalean Korrika?
Urtero joaten naiz bentanara. Jendeak «Korrika, Korrika!» esaten du. Nik, berriz, «AEK, AEK!» egiten dut oihu [barrez]. Geroz eta indar handiagoa hartuz doa. Aurten, itzelezkoa izan da.
AEK-ko irakaslea izan zinelako omendu zintuzten. Baina AEK sortu baino lehen, nola hasi zinen euskara irakasten?
Francoren garaian hasi nintzen, klandestinitatean. Klub Deportiboan ematen nituen eskolak, ezkutuan, debekatu egin zutelako euskaraz egitea; isuna jartzen zuten. 40 urte-edo nituen orduan. Doan ematen genituen eskolak. Bost bat pisukoa zen eskola, eta udalak argia-eta ordaintzen zizkigun.
Ikasle asko zenituen?
Egunean hiru txanda edukitzen nituen, ordu bi bakoitzarekin. Umeak ziren, 8-10 urtekoak; ondo zegoen. Gure bizimodua horrelakoa izan da: beharra egin eta beharra egin. Behin ere ez nengoen gizonarekin; bankuan behar egiten zuen. Goizeko bederatzietan hasten nintzen, eta azken txanda gaueko hamarretan bukatzen nuen. 20:00etatik 22:00etara nik egin behar izaten nuen lan, beharginei erakusteko, beharretik irteten zirenean, egunez ezin zirelako etorri. Horiei nik ematen nizkien eskolak.
Irakasle zorrotza zinen?
Niri madre superior [ama nagusia] deitzen zidaten; ez nuen uzten gelan berba erdia ere erdaraz egiten. Argi eta garbi esaten nien: «Erdaraz egin behar baduzue, joan etxera».
Arazoren bat izan zenuten noizbait?
Behin etorri zitzaidan komisarioa, beste polizia batekin. Gazteleraz esan zidan: «Zuk, andrea, zer irakasten duzu hemen?». Nik, «euskara» erantzun nion. «Hori bakarrik?», erantzun zidan. Eta nik esan nion: «Zer nahi duzu, bada, nik ematea, gaztelania? Hori guztiek dakite! Beraz, nik euskara klaseak ematen ditut». «Eta niri emango zenizkidake?», galdetu zidan. Baietz esan nion: «Eseri zaitez, ikasiko duzu irakurtzen eta idazten». Irribarre egin zuen, eta joan egin zen.
Ez zizuten isunik jarri?
Ez. Neure artean pentsatzen nuen: «Pentsatu egingo du nik euskara bakarrik erakusten nuela...». Nik dena erakusten nuen: nondik gatozen euskaldunok, zer garen, zelan independenteak garen, ez gaituztela onartzen...
Sortu eta segidan sartu zinen AEKn?
Bai, AEK sortzea pentsatu zuten, eta han sartu ginen, ahizpa eta biok. Orduan esan ziguten etsaminatu egin behar genuela. Nik esan nuen ni ez nindoala etsaminatzera.
Baina azkenean...
Bai, atera nuen, eta hor daukat zintzilik [paretako koadro batean dagoen titulua seinalatu du]; Euskaltzaindiak emandakoa da. Prestatu, nire anaiak egiten gintuen; bera zen euskara batuari buruz gehien zekiena. Gainera, alfabetoa ikasi genuen, h-ak eta s-ak eta z-k non ipini behar diren, eta zelan ahoskatu behar den. Gogorra izan zen anaia erakusteko, baina denok ikasi genuen ondo.
Bertan lan egin zenuen erretiroa hartu arte?
Bai. Erretiroa hartu arte bertan jarraitu nuen. Korrika ere sortu zuen AEK-k, Donostiako AEK-k. Kamisetak-eta saltzen aritzen ginen, oraingo futbolarien moduan. Halaxe ibili ginen. Hainbeste gauza ikusi ditut...
Zer gauza?
Hasi ginenetik urtebetera, gure aldamenean, beste eskola bat jarri zuten. EAJk jarri zuen, HABE [Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea]. Haiei soldata ordaintzen zieten, eta guri, dirurik ez. Orduan, kobratzen hasi behar izan genuen. Argia zelan pagatuko dugu, telefonoa, eta gauza horiek guztiak? Gu ere klaseak euskaraz ematen ari ginen... Desilusioa hartu nuen orduan.
Gero, klaseak ematen genituen etxea bota behar zutenean, EAJkoei eman egin zieten lokala. Eta guri, ez. Protestan aritu ginen, AEKrako lekua behar genuela esanez. Ez ziguten eman, eta alokairuan hartu behar izan genuen, geuk ordainduta.
Baina euskara irakasle hasi aurretik ere aritu zinen lanean...
14 urte nituenerako, tailerrean beharrean sartu nintzen. Ni zazpi hilabetez egon nintzen Beistegin, eta beste zazpi hilabetez, Orbean. Gero, ezkondu egin nintzen. Ezkondu ondoren hasi nintzen euskara eskolak ematen.
Gustuko lana zenuen?
Gustatzen zitzaidan, baina kendu egin ninduten Orbeatik, nikelagatik. Medikuak esan zion nire amari: «Neskato hori ez bada nikeletik aldentzen, berehala eroriko zaizkio bi birikak». Nikelak jan egiten du, azidoa delako. 14 urterekin hasi eta 27 urte bete arte nikelarekin lanean... Goizeko txanda neukan, 06:00etatik 14:00etara. Kartutxeriara mugitu ninduen enkargatuak, eta, gero, handik, muntatze atalera.
Bergaran jaioa zara, baina 4 urte zenituela joan zineten Eibarrera bizitzera, ezta?
Frontea sartu zenean, aitak udalean lan egiten zuen, eta udalekoekin batera joan ginen; lehenengo Negurira [Bizkaia] joan ginen, eta gero Torrelavegan [Espainia] egon ginen gu. Nik 11 urte nituen orduan. Gerra amaitu zenean etorri ginen erbestetik. Gero, Bergaran, amamaren etxean, eta, azkenean, berriro Eibarren. Eibartarra sentitzen naiz ni.
Etxean beti egin duzue euskaraz?
Gure etxea beti izan da abertzalea. Gure etxean ikurrinik ez da falta. Aberri Egunean beti jartzen dut, hor daukat gordeta. Eta ilobari ere esanda daukat: «Ni hemen ez naizenean, zuk ipini ikurrina, balkoiaren beste aldetik gehiago ikusten da eta». Berba erdi ez da egin erdaraz gure etxean. Pentsa, maisua da gure ahizpa gazteenaren —ni baino hamar urte gazteagoa denaren— semea ere. Euskaraz, noski. Nire ahizpa ere nirekin ibili zen, AEKn. Nire anaia Imanol Laspiur zen.
Eibarko euskarari buruzko liburuak atera zituen, ezta?
Bai, eta anaiak lau urte egin zituen kartzelan. Manifestazioa zegoen, tren berezi bat zetorren Madrildik. Herri guztian bota zituzten [Espainiako] bandera nazionalak, kale guztietan. Zerbait egin beharko hor, eta pentsatu zuen horiei su ematea. Bizkarreko azal guztia kendu zioten. Sei hilabetean buruz behera lo egin zuen, ahuspez. Harekin egon zirenek kontatu ziguten, ez hark. Lehen bisitan ez genuen ezagutu ere egin. Aulkian jarrita zegoen; ez zen gauza zutik egoteko.
Sufritutakoak sufrituta ere euskararen alde lanean eta borrokan jarraitu duzu. Zer da euskara zuretzat?
Gauza bat esango dizut: hementxe daukat euskara sartuta [bularrean jarri du eskua]. Mezatara joaten banaiz ere, erdarazko meza ez dut sentitzen. Nik hementxe [etxean] entzuten dut euskarazko meza, domekero. Eibarko abadeak orain gutxi hartu du erretiroa; Aretxabaletakoa [Gipuzkoa] da, eta, azkena, hari esan nion: «Hara, nire hileta hemen izan dadila; jende asko espero dut. Eta bi hizkuntzatan ematen dutenez, nirea euskaraz bakarrik izan dadila, ez erdaraz». Apaizak esan zidan: «Eta beste hileta bat badago zurekin batera, erdaraz?». «Ba niri beste ordu batean ipini; bestela, kaxatik aterako naiz!», agindu nion. Eta erantzun zidan: «Ondo egingo duzu; nik lagunduko dizut tapa zabaltzen!» [barrez].
Euskaraz ez bada, ez du balio.
Larregikoa izango naiz, agian. Baina nik alaitasuna topatzen dut euskaraz berba eginda; eta, erdaraz, mezatan esandakoa ere ez dut sinesten.
Nola ikusten duzu euskararen egoera?
Euskara askok ikasi dute, baina ez dute erabiltzen. Eibar erdalduna da. Guk gurean euskaraz egiten dugu beti.
Pena emango dizu horrek...
Bai, baina ez dira euskaldunak sentitzen. Gainera, ez da lehengo Eibar. Lehen, denok egiten genuen euskaraz, eta hitanoan, gainera. Hitanoa galdu egin da, baina nik oraindik hika egiten diet batzuei: «Noiz etorriko haiz? Noiz joango haiz? Noiz ikusiko gaituk?». Edo «gaitun», neska bada. Baina kuadrilletan dena erdaraz egiten da.
Zer esaten diozu jendeari euskara ikastera animatzeko?
Beti adibide bera jartzen diet: Europako hizkuntzarik zaharrena dela. Hiru milioitik gora urte dauzka.
Zer egin behar da 100 urtez hain indartsu bizitzeko?
Niretzat, beharra ez da inoiz kalte izan; beti egon izan naiz zer edo zerekin lanpetuta.
Eta beti euskararen alde?
Beti [irribarre egin du].