Berba edertzeko harribitxiak

Diskurtsoa apaintzeko elementuak dira esaera zaharrak, eta ezberdinak dira toki bakoitzean, testuinguru sozialak baldintzatzen baititu. Adolfo Arejita euskaltzainak ehun atsotitz bildu ditu liburu batean. Euskaraz tradizio oparoa dago, haren esanetan.

Errefrau sorta bat. BERRIA
Errefrau sorta bat. BERRIA
amaia igartua aristondo
Bilbo
2024ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Hil ostean egindakoak alferrekoak direla, eta kontuak eta faboreak heriotza baino lehen gauzatu behar direla. Hala esan liteke, luze eta esplizitu. Edo metafora erabil liteke ideia bera transmititzeko, baita ironia ere. Laburrago eta, agian, eraginkorrago, esaera zahar batekin adieraziz gero. «Hil eta gero, salda bero», ebakita, esaterako. Edo Azkuek Euskalarriaren yakintza (1945) bilduman jaso zuenez, «Hil eta, salda beharrik ez». Ñabardura egin dakioke, Gotzon Garatek atzemandako aldaera bat erabilita: «Hil eta gero, oilo-salda». Eta saldaren faltan, ona da medikua. «Hil eta gero, medikua atetara».

Antzerakoa da ideia, baina hamaika dira hura helarazteko manerak. Zer da, baina, errefraua? Metaforara jo du, halaber, Jabier Kaltzakorta euskaltzainak deskribapen bat emateko. Han-hemen ipinitako harribitxiak dira, esaten dena apaintzeko elementuak. «Esaerak bere distira daukanez gero, halako kolore bat ematen dio diskurtsoari. Bai idatzizkoari, bai ahozkoari, nahiz eta berez ahozko bitxiak izan», gaineratu du.

«Hizkuntza bateko hainbat paremiak [esaerak] hizkuntza bereko kulturarekin lotura zuzena dute. Askotan ezin dira ondo ulertu herriaren beraren kultura ulertu gabe»

JABIER KALTZAKORTAEuskaltzaina

Bitxi horietako ehun bildu ditu Adolfo Arejita euskaltzainak Esaera goikoaz behera irauliak liburuan, hautatutako errefrau banari atal bat eskaini dio, eta hala nola aldaerez, bitxitasun gramatikalez eta jakingarri lexikalez jantzi du ataletako bakoitza. Errefrauon oinarrizko mezua ere argitzen ahalegintzen da egilea, esplikatu duenez. «Errefrauak ikasgairen bat transmititzeko erabiltzen ditugu. Alde horretatik, hizkuntzaren egitura aberatsak dira esaera zaharrak». Euskaltzaindiak argitaratu du lana, eta Bilboko Udalaren, Labayru fundazioaren eta Bizkaia Irratiaren laguntza jaso du; hain justu, irrati horretan xehatu zituen aurrena esaerok.

Tradizio emankorra

Herri literatura dute jatorri errefrauek, ahozko transmisioak jagon du formatuaren aberastasuna, eta tokian-tokian txertatutako ñabardurek oparoago bilakatu dute euskal atsotitzen bilduma. Gertuko esamoldeak jaso ditu Arejitak —Bizkaikoak dira asko—, iturri pertsonaletara joz, baita zenbait argitalpenetara ere. 1596koa da euskal errefrauen lehen bilduma: Refranes y sentencias. Bilketa lan bat da, ez du esamoldeez informazio osagarririk ematen.

Esteban Garibaik ere bildu zituen euskal errefrauak, XVI. mendean, orobat. XVII.enean, Oihenartek atsotitzen beste bilduma bat argitaratu zuen. Gerora, Julio Urkijok, esate baterako, atsotitzon azterketa lan bat egin zuen Revista Internacional de Estudios Vascos aldizkarian —1907tik 1936ra bitartean argitaratu zen—. Eta Gotzon Garate hizkuntzalaria ere ibili zen horretan: 1967tik aurrera hasi zuen bilaketa, eta 2004an argitaratu zuen uzta, Atsotitzak liburuan.

«Errefrauak ikasgairen bat transmititzeko erabiltzen ditugu. Alde horretatik, hizkuntzaren egitura aberatsak dira esaera zaharrak»

ADOLFO AREJITAEuskaltzaina eta liburuaren egilea

Literaturaren bidetik, Jose Antonio Mogelen Peru Abarka (1881) lanean ere hizpide dira errefrauak, Kaltzakortaren esanetan. Laugarren kapituluan, horien inguruan solastatzen dira Peru eta Maisu Juan. Ordubeteko bidea abiatzear dira biak, eta Peruk makila eskuan eraman dezala aholkatzen dio Maisu Juani, txakurrek jazar diezaieten saihesteko. Eta esaera bat botatzen dio Peruk, horrekin lotuta: «Txakurrak egiñiko zaurija, osatuten da txakurraren uliaz». Juanek erantzuten dio: «Peru, errepranak bere badakizuz?», eta hura ere saiatzen da gogoratzen. «Errementarijaren etxian, zotza burduntzi». Segidan, atsekabetuta esaten dio euskaraz hori baino ez dakiela, eta erdaraz badakizkiela gehiago. Peruk konpontzen du haren ezjakintasuna, hein batean, hirurogei atsotitz baino gehiago esanda, baita horietako batzuen esanahiak ere: «Bakotxa bere zoruak bizi; Katubak daruan sardiniari, oratu egijok; Ibiltari gabian, logura goissian...», besteak beste.

Peru Abarkak legez, Arejitak ere argibideak eskaintzen ditu. Egin beharrekoak hil aurretik konpondu behar direla adierazteko: «Hil eta gero, salda bero» da, hain justu, atsotitzaren aldaerarik ezagunena, euskaltzainaren arabera. Baina zergatik salda? «Gaixorik dagoenari salda beroa ematea, edo seina egin duen emazteari oilo salda opatzea, tradizioko sendabide naturalak izan dira gure herri gizartean, hamaikatxo aldiz entzun izan ditugunak», xehatu du Arejitak. «Bizirik dagoenari opatzen zaio edozelan ere salda beroa, ez behin hilda dagoenari».

Erabilera gaurkotzea

Luzeagoa da hil ostekoaz mintzo diren errefrauen zerrenda. Azkueren beste bat jaso du Arejitak: «Gu hil ta gero be, astoak errotara joango dira». Kaltzakortak zera nabarmendu du: «Hizkuntza bateko hainbat paremiak [esaerak] hizkuntza bereko kulturarekin lotura zuzena dute. Are gehiago, askotan ezin dira ondo ulertu herriaren beraren kultura ulertu gabe». Eta lotura estu hori dela kausa, hornitu dira figura batzuk heriotzaren inguruko esanahiarekin. Kaltzakortak xehatu du zergatia: garai batean, nagusia eta astoa joaten ziren errotara, zakuak gari artoz beterik. Baina, astoak bidea ikasi ondoren, ez zuen nagusiaren beharrik errotara heldu eta handik itzultzeko. «Garai bateko bizierarekin du zerikusia».

Bide beretik mintzo da Arejita bera: haren ustez, errefrauak herri baten ispilu dira; kasu honetan, euskal gizartearen ispiluak. Baina, hala ere, ez dago zertan garai edo testuinguru berekoak izan haietako askoren esanahia ulertzeko, ez dago zertan errotarik ezagutu errotaz mintzo den esaera bat erabiltzeko. «Badira kaletar jendeak erabiltzen dituen errefrauak, nahiz eta mundu tradizionala ezagutu ez. Azken batean, hizkuntza halakoekin edo horien antzekoekin birmamitu behar da», Arejitaren ustetan.

Badago nondik edan, euskara emankorra izan baita literatur genero horretan, liburuaren egilearen irudiko. «Euskal hizkuntzaz garatu den literatura ez da Europako hizkuntza nagusietakoaren edukoa: eleberri, olerki, antzerki, saio ez beste ezein literatura genero. Gure iturriari darion txirristadatxoa beste hizkuntza nagusiotan txorrotada sendo eta oparo bihurtzen da». Guztiz bestelakoa da, ordea, atsotitzekin jazo dena. «Errefrauetan ez gabiltza horren atzera, ez edukiz, ez adierazte formulaz».

esaera zaharrak

  • Aita eta seme tabernan dagoz, ama eta alaba jokoan. Oskorri taldearen abestiak egin du ezagun esamoldea, baina askoz zaharragoa da. Peru Abarkak ere aipatzen du, esaterako, eta Azkuek ere jaso zuen. Adolfo Arejitaren azalpenari erreparatuta, jarrera okerra da hala aita-semeena, nola ama-alabena. «Jokoa adjektibo mota diferenteekin lotua da: etxekalte izatearekin, etxea galtzearekin edo etxea hondatzearekin; etxearen hondamendiarekin, azken finean».
  • Buztana lastozkoa duana, suaren bildur. Arejitaren arabera, «buztanaren edo isatsaren irudia mintzagai hartzen duten errefrauak ugariak dira, bai euskaraz, bai beste hizkuntzetan». Euskaraz, gainera, tradizio zaharra dauka. XVI. mendeko Refranes y sentencias bilduman ageri da. Aldaera bat ere jaso zuten lan horretan: «Amuzko buztana dauenak, suen bildur».

  • Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen. Axularrek alferkeriaren kontrako esamolde gisa erabiltzen du Gero obran. Bide beretik, Arejitak azaldu du goroldioa gelditasunaren irudia dela, eta goroldioak biltzea, geldotasunarena. Hala, alferkeria eta nagitasuna adierazteko erabili ohi da errefrauaren zenbait aldaeratan. «Baina goroldioaren esangura propioan ere, lotaro gozatsuaren egonlekua ere bada goroldioa; etzanda egoteko leku eskertsua, baldin hezerik ez bada».

  • Gatza gatzontzian eta zentzuna auzoan. Herri tradizioan, gatza adimendunarekin batu izan da sarritan, bai errefrauetan, bai beste sinesmen batzuetan, baita onomastikan ere. Gatzaga herri izena ageri da Azkuek jasotako hurrengo ereduan: «Gatzagan da zentzuna; Mariñen Marin, hankak arin». Esamoldea «koherentzia sendoaren adierazgarri» da, euskaltzainaren irudiko. «Gauza bakoitza bere lekuan topatu behar dela aditzera emateko, eta ez okerreko lekuan».

  • Kukuen kantatzean, euri eta eguzki. Kukuaren kantuak udaberriaren etorrera adierazten du, neguaren igarotzea. «Udaberriko eguraldiaren ispilu dizdizaria da: euria lehenik, eguzkia gero; haziak erne, belarrak hazi eta fruitu arbolak ernemindu, loratu eta gero garaupotindu daitezen». Uztaren esperoaz ere hitz egiten du, ordea: «Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan». Beste hainbat esanahi ere eman zaizkio errefrauetan. Zoriona ere iragartzen du, adibidez, baita zoritxarra ere, haren doinuak behar baino goizago entzunez gero.

  • Hamalau ofizio, hamabortz miseria. «Ofizio izena, mailegu hitza den arren, beste edozein baino erabiliagoa da gure tradizioan zein mintzairan», Arejitaren arabera. Esaera zaharretan ere, berba arrakastatsua izan da. Esaterako, lanbide berekoen lehia irudikatzeko ere erabili izan da —«Nor nere ofizioko, hure nere etsai»—, alferkeriaren aurkako sendabidetzat —«Kentzeko bizioa, onena ofizioa»—, eta ogibide txarrenez ere egin dira errefrauak —«Munduan azken ofizioa, ohointza; azkenaren aintzinekoa, eske ibiltzea»—.

  • Bakoitzak bere suari putz. Sorreran behintzat, sukaldaritzari edo jatekoaren prestakuntzari lotuta zegoen atsotitz hori, eta aspaldiko sukaldeen funtzionamenduaren berri ematen du. Sutan dagoen jatekoa ondo berotu edo erre zedin, azpiko suari putz egin behar zitzaion. «Suari putz egitea, ezkaratzari edo sutondoari iluntzean edo gauean argi egiteko ere izaten zen lehenago, argindarrik ez zegoen aldian; behe suari putz egin, egurra bota ostean, hauspoa hartuta; hala, inguruan epeletan zeudenak ere argitan egon zitezen», xehatu du Arejitak.

  • Udabarria, odol berria. Gotzon Garatek jasoa da; beste molde bat ere gehitu zion bildumari: «Udaberrik odola aldatzen dik». «Udaberriaren etorrera lurraren eta naturaren biziberritzeaz estu loturik dago. Eta hala, lurraren ziklo berriaren iragarle modura aipatzen da mezua errefrau bidez ere».

  • Bertzeren buruko zorria dakusa eta ez bere lepoko txerria. Oihenarten jaso zuen esamoldea Atsotitzak bilduman. Dena den, zorriak izan ditu beste adiera batzuk errefrauen munduan: pobreziarekin ere lotuta dago —«Zorridxe ugeri Bartolon etxien»—, lotsagabetasunarekin —«Oraingo umeak zorriak baino lotsagabeaguek datoz»—, eta txiki izatearekin —«Koitadua! Zorriaren koinatua!»—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.