Eskola kiroleko eta kirol federatuko epaileen egoera larria da. Geroz eta gutxiago dira irainak eta isekak jasateko prest daudenak, eta horietako askok lanbidea uzten dute, jasaten duten presioari eutsi ezinik. Adingabeen eta emakumeen egoera «are larriagoa» dela azaldu du Ainhoa Azurmendi EHUko psikologia irakasle eta kirol aholkulariak. Emakumezko epaileen egoera aztertu zuen bere doktore tesian —bereziki futbolean—, eta, indarkeria arruntaz gain, emakumeek indarkeria matxista ere jasaten zutela ondorioztatu zuen: «Haien egitekoa zalantzan jartzen da beti, eta autoritatea dutela frogatu behar dute».
Eskola kiroleko eraso gorakadari buruz hausnartu du: «Ezdakit gurasoek euren desirak proiektatzen dituzten umeengan, edo frustrazioa kanporatzeko aprobetxatzen duten». Nola edo hala, argi dauka epaileenganako irain eta errespetu faltak sarri gertatzen direla, eta «irmoki» eten behar direla horiek, «berandu izan baino lehen»: «Ezin da hasi gauzak prestatzen soilik erasoak oihartzun handia hartzen duenean. Neurriak abian eduki behar dira aldez aurretik; jarduteko plangintza bat».
«Kirol hastapenaren pentagonoa» datorkio burura Azurmendiri. Pentagono horren goialdean daude haurrak eta gazteak, hots, jokalariak, eta «haiek dira protagonistak». Beherago, entrenatzaile eta gurasoak ageri dira, haiek baitute lotura estuena gazteekin. Azkenik, azpiko erpinetan, epaileak eta zuzendaritzak daude —federazioak, taldeen zuzendaritzak, batzordeak, instituzioak—. Jokalariekin duten harremana askoz apalagoa da, baina «hor dago hori ere».
Erasoak eteteko baliabideak izan behar dituzte federazioek, baita haiek prebenitzeko modua ere. Hala ere, entrenatzaileek trebakuntza egokia izan behar dutela azpimarratu du Azurmendik, eta jokalariek gai izan behar dutela indarkeria egoerak identifikatzeko. Partida ahalik eta modu egokienean joatea da epaileen betebeharra. Gurasoena, berriz, partidak ikusi ahal izateko «baldintza» batzuk betetzea. «Denon lana da».
Gurasoen kontzientzia falta
Azurmendik dio gurasoen formakuntzaren gaiak ez duela amaierarik: «Uste dut kontzientzia falta izugarria dagoela, eta norbere interesak eta nahiak besteenen gainetik jartzen dituztela guraso batzuek». Haien emozioak «kontrolatzeko» baliabideak behar dituztenei ikastaroak egitea proposatzen die; eta etxean komunikazioa sustatzea: «Seme-alabekin hitz egin beharko lukete guraso askok». Gurasoei partidetara ez joateko eskatzen dieten ume asko daudela gaineratu du Azurmendik, hain zuzen, eta umeengan duten eragina «sekulakoa» dela: «Gurasoei ahaztu egiten zaie eurak ez direla protagonistak, eta seme-alaben eredu direla».
Eskola kirolak eta kirol federatuak «espazio hezitzaile» bat izan behar dute, Azurmendiren ustez, eta epaileek jasotzen dituzten irainak eta umiliazioak «oztopo bat» dira horretarako. «Harmailetatik datozen irainak mingarriak dira epaileentzat, baina baita umeentzat ere».
Tolerantziarik ez
Azurmendik azaldu duenez, «irmotasun osoz» jardutea «ezinbestekoa» da erasoak amaitzeko: «Zenbat eta tolerantzia handiagoa izan, orduan eta arazo gehiago sortzen dira». Askotan, erasoei dagokien garrantzia ez ematera jotzen da. Horrek, ordea, «indarkeria larriagoak» gertatzeko modua ematen du.
Indarkeria mota asko daudela adierazi du Azurmendik, eta, horiek tipifikatzeko joera badago ere, uste du hori ez dela eztabaidaren erdigunean jarri beharrekoa: «Zer biolentzia mota jasaten ari diren jakiteak baino gehiago kezkatu behar gaitu erasoari nola aurre egingo diogun erabaki eta epaileak babesteak».
Berandu izan baino lehen
Eskola kiroleko eta kirol federatuko epaileek indarkeria eta erasoak jasaten dituzte asteburuero. «Erasotzaile nagusiak» gurasoak dira, baina entrenatzaile eta jokalariek ere jarrera oldarkorrak izan ohi dituzte haiekin. «Espazio hezitzaile» bat sortzea «denon lana» dela uste du Ainhoa Azurmendik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu