Teknologia berriak

Benetan babesten al dute betaurreko babesleek?

Pantailen argi urdinetik begiak babesteko betaurrekoek ez dute frogatu begietako nekearen aurkako propietaterik, ezta loaren kalitatearen aldeko propietaterik ere. Melbourneko Unibertsitateko ikertzaile talde batek azterketa zientifikoa egin du, eta aldizkari batean publikatu dituzte ondorio horiek.

Emakume bat babesteko betaurrekoekin. CC0.
unai etxenausia
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Zientifikoki frogatua», «hamar aditutatik bederatzik gomendatzen dute», «galdu ezin den aukera»... Ez da ezer berria, marka askok zientziaren babespean egiten dute publizitatea; batez ere osasunarekin zerikusia duten produktu saltzaileek. Egia esaten dute? Erdizkako egiak beharbada? Fidagarria da ikerketa? Ikerketa errealik al dago atzean?...

Jende andanak pantailaren aurrean orduak ematen dituen garaian, hazten ari da begien zainketaren industria. Azken urteotan, eta batez ere pandemiaz geroztik, gora egin du pantailek igortzen duten argi urdinetik begiak babesteko betaurrekoen salmentak. Optiketan saldu eta gomendatzen dituzte, begietako nekea murriztu edo erretina babestu dezaketela sinistuta. Zientzialari talde batek kontrakoa frogatu du, ordea, uste baitute ez dagoela «ebidentzia zientifiko nahikorik» baieztapen horiei eusteko.

Hala adierazi dute Cochrane Database of Systematic Reviews aldizkarian argitaratutako hamazazpi azterlanek osatutako Blue?light filtering spectacle lenses for visual performance, sleep, and macular health in adults berrikuspen artikuluan. Ondorioztatu dute argi urdineko iragazkidun betaurrekoek ez dituztela begiak babesten.

400-495 nanometro arteko uhin luzera duen argi ikusgaiaren espektroaren tarteari esaten zaio argi urdina. Energia handiko argi mota bat da, bioleta eta indioa bezala. Argi urdinarekiko esposizioak logura murrizten du zuzenean, estimulazio entzefalikoaren efektuagatik.

Melbourneko Unibertsitateko (Australia) ikertzaileek literatura zientifikoa —aurretik egindako azterketa zientifikoak— berrikusi zuten. Betaurreko normalak dituztenak argi urdinetik babesten zituztenekin alderatu zituzten: ikusmen errendimendua hobetzeko, erretina babesteko eta loaren kalitatea hobetzeko orduan ea hobeak ziren frogatu nahi zuten.

Guztira, 2009 eta 2021 bitartean egindako hamazazpi saiakuntza berrikusi zituzten; sei herrialdetan eginak eta guztira 619 pazienteren datuekin. Azterketa horiek argi urdinetik begiak babesteko betaurrekoak erabiltzearen ondorioak aztertzen zituzten: egun bat baino gutxiagotik bost aste baino gutxiagorako tartean saiakuntza guztiak.

«Pantailen erabilerarekin lotutako ikusmen nekea murrizteko argi urdineko iragazkia duten betaurrekoak erabiltzeak ez du abantailarik epe laburrean. Era berean, ez dago argi betaurreko horiek ikusmenaren edo loaren kalitateari eragiten dioten», azaldu du Laura Downie Melbourneko Unibertsitateko optometriako irakasle eta berrikuspen zientifikoaren egileak. Downieren ustez, erabiltzaileek «aurkikuntza hauek kontuan hartu beharko lituzkete betaurreko hauek erosi ala ez erabakitzeko orduan».

Guztia ez dago frogatuta, ordea. Adibidez, ez dute aztertu adinak eraginik izan dezakeen. Beraz, Downiek gaineratu du funtsezkoa litzatekeela hori zein bestelako aldaerak aztertzea.

Batez ere luzera begirako ondorioak aztertuko lituzkeen azterlan baten beharra ikusten du ikertzaileak. «Bereziki interesgarria izango litzateke erretinan izan ditzakeen ondorioak ebaluatzeko, aldaketa horiek hainbat urte eman baititzakete». Orain arteko saiakuntzetan aztertutako aldirik luzeena bost astekoa zen. Beraz, «garrantzitsua da urte batzuk barru berriro aztertzea», azpimarratu du Downiek.

Ikertzaileak zinez uste du emaitza horiek «garrantzitsuak» direla gizartearen zati handi batentzat. Hala nola begien zaintzan diharduten profesionalentzat, paziente zein bezeroentzat, ikertzaileentzat eta, oro har, gizarte osoarentzat.

Erantzun baten zain

Blue?light filtering spectacle lenses for visual performance, sleep, and macular health in adults artikuluan zorrotzak izan badira ere, tentuz hartu dute berria optiketako saltzaileek eta begien zainketan diharduten adituek. Oñatiko (Gipuzkoa) Itziar optikako Itziar Altuna optometrista eta jabeak orain arte bezala jarraituko du, behar duten pazienteei betaurreko babesleak gomendatzen. «Graduazio askorik ez duen pertsona batek astenopia sintomak —nekea eta begietako karga— dituenean jartzen dizkiogu babes betaurrekoak», zehaztu du Altunak.

Bezeroak denbora bat izaten du betaurrekoak eragiten dioten ala ez probatzeko. Izan ere, bezeroei behar duten denboran uzten dizkiete optikan dituzten bi betaurrekoak. Ondoren, bezeroak erabakitzen du zer egin: «Betaurrekoekin denboratxo bat egon ondoren ikusiko dugu ea arazoa konpondu zaion ala ez».

Altunak ez ditu ikerketaren emaitzak arinki hartu, eta babes betaurrekoak erosten dizkieten enpresara deitu du, ikerketari buruz ezer ba ote dakiten galdetzeko. Optometristak argitu du fabrikatzaileek oraindik ez dutela ezer aurreratu nahi izan: «Fabrikatzaileek bazeukaten azterketaren berri deitu diedanean. Ez didate ezer gehiago aurreratu, baina gaiari buruzko komunikatu bat prestatzen ari direla konfirmatu ahal izan didate».

Betaurrekoetatik harago

Badaude begiak pantailetatik babesteko beste modu batzuk, babes betaurrekoen eraginkortasunaz edo eraginkortasun faltaz harago. Izan ere, prebentzio neurri erraz batzuek begiak ordenagailu zein sakelako pantailetatik babesten laguntzen dutela frogatu da.

20/20 araua da profesional gehienek gomendatzen dutena: 20 minutuz pantailari begiratu ondoren, gutxienez begiengandik 6 metrora dagoen zerbaiti begiratu behar zaio 20 segundoz. «Garrantzitsua da noizean behin pantailatik kanpora begiratzea. Pantailarekiko distantzia egoki bat mantentzea ere bai», gomendatu du Altunak. Horretaz aparte, funtsezkoa da ongi argiztatutako gela batean egotea. Baina, ahal dela argi naturala izan behar dela nabarmendu du optometristak.

Pantaila baten aurrean izan ala ez, distantzia motzean begirada finko mantentzen bada, nekatu egiten dira begiak. Adituak ados daude horretan. Beraz, gauza guztien gainetik, noizbehinka espezialista batekin begien osasuna zaintzea eta nola dauden ikustea gomendatu du Downiek. «Litekeena da begiak ahuldu izana, eta, ondorioz, neurriak hartu behar izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.