Egin-en ikerketa taldean, Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkarietan eta kazetaritza beste hainbat proiektutan aritutakoa da Ahoztar Zelaieta (Bilbo, 1972).
Liburu berrian aipatu duzu Panamako paperen merkantilizazio bat dagoela. Zer interes ezkutu egon ziren paperak iritzi publikoari zabaltzeko?
Filtrazio guztiak norbaiti min egiteko dira. Filtrazio kazetaritza ikerkuntza kazetaritzaren bide bat da, baina ez du inoiz helburua izan behar. Ikerkuntza kazetaritzaren funtzioak ez luke izan beharko interes politiko jakin batzuen alde. Filtrazio horiek testuinguru batean gertatu dira, eta interes politikoak zeuden.
Liburuan jasotzen duzunez, EAJrekin lotutako hainbat pertsona daude Panamako paperetan.
Zerrenda batzuk gurutzatu ditut. Aberats handienena da zerrenda bat, eta EAJrekin harreman zuzena duten dezente daude hor. EAJrekin kargua izan dutenak ere badira paperetan. Beste zerrenda bat moroso edo berankorrena da. Panamako merkataritza erregistroan, ez bakarrik filtrazioan, aurkitu ditut izen batzuk. Castellanako paperetan agertzen diren bulego batzuk ere jaso ditut, eta bulego horien bezeroak izan dira euskal herritar batzuk.
Euskal Herrian ustelkeriarik ez dagoela diote zenbait agintarik. Baina ez da horrela, ezta?
Literatura juridikoa badago horren inguruan. Azkeneko bospasei urteetan ustelkeria kasuen ikerketak %23 igo dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak gorakada hori nabaritu du, baina atzerapenak salatu ditu. Ohiko delituetan ikerketak egiten dira, salaketak epaitegietara eramaten dira, eta zigorrak izaten dira. Baina ustelkeria kasuetan, ikerketak ugaritu arren, zigor kopurua ez da igo. Kalte-ordainketa eta proportziorik eza dago hor. Justiziak ez du independentziarik; ez daukagu ustelkeriaren aurkako fiskaltzarik; hemengo fiskalak kexu dira ez dutelako baliabiderik ustelkeriaren aurka txukun lan egiteko.
Iaz Kutxabanki buruzko liburu bat atera zenuen. Euskal Herrian egoitza duten beste banku batzuk ere ageri dira zure lan berrian. Bankuek zer ardura dute delitu fiskaletan?
Ardura handia. Panamako paperetan Euskal Herriko bankuek izan dute zer esana, Bizkaiko Gotzaindegiaren bedeinkapenaz. Panamako paperetan, adibidez, BBVA agertzen da, eta banku horren ahotsa Vocento da. Vocentok eta Prisak komunikazio munduaren %80 kontrolatzen dute. Eta Prisako Juan Luis Cebrian ereagertu da paperetan. Alboko kalte batzuk gertatu dira Panamako paperetan, eta horietako batzuk bankuei egokitu zaizkie.
Nafarroa Garaiko auziak ere ikertu dituzu: UPN, Opus Dei...
Liburuan atera ditut Opus Deiren obrak finantzatzen dituzten izenak. Gainera, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiaren bi senideren enpresa bat aurkitu dut Panamako merkataritza erregistroan.
Euskal Herriko aberatsen jokabideen inguruko zentsura al dago hedabideetan?
Aberats horiek anonimoak dira, eta ez dago interesik. Benetako zentsura topatu dut orain. Uler dezaket nire edukiek hedabide batzuen interesa ez piztea. Baina betoa jartzen ari zaizkit. Mundakako (Bizkaia) liburutegi batean eta Gasteizko beste batean saiatu naiz liburua aurkezten, eta betoa jarri didate, edukiagatik. Ez dut asmorik La Sextan agertzeko. Baina EITBk iritzi aukera ezberdinak egotea bermatu behar du.
Txisko Espinosarekin eta Nuño Santillanarekin batera Gabe aldizkari digitala sortzeko proiektuan lanean ari zinetela plazaratu zenuten iaz. Zertan da?
Inkesta bat egin genuen proiektuaz. Informazio erauntsia egon da, baina ez dago konpromiso zehatzik zerbait artikulatzeko. Ikusi dugu frustrazioa dagoela; hedabideetan ere saturazio bat dago. Sinergiak ez galtzeko beste zerbaitetan ari gara pentsatzen. Arlo juridikoan lan egiteko asmoa dugu. Gure asmoa ez da jendea kartzelan ikustea; hori porrota da. Gure ustez, formakuntzan egin behar dugu lan.
Ahoztar Zelaieta. Kazetaria
«Benetako zentsura topatu dut, eta betoa ari zaizkit jartzen»
'Evasores, morosos y millonarios vascos' liburua aurkeztu berri du Zelaietak, 'Hincapié' aldizkariari esker. Askok entzun nahi ez dituztenak plazaratzen ditu, ahoan bilorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu