Belztutako aurpegia ezin zuritu

Pertsona zuriek pertsonaia beltz bat irudikatzeko aurpegia belztearen atzean arrazakeria dagoela ohartarazi dute behin baino gehiagotan arrazakeriaren kontrako taldeek. Kanadan polemika piztu da Justin Trudeau jarduneko lehen ministroa aurpegia belzturik ageri den argazki batzuengatik.

Belztutakoa, etxean. Iruñean, polemika iturri izan da Baltasar, bisaia belztua zuen gizon batek irudikatua orain gutxi arte. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Beltz-beltza eta ezpain gorri-gorriekin. Horrela irudikatzen dituzte pertsona zuriek askotan pertsona beltzak. Blackface edo aurpegi beltza deitzen diote pertsona zuriek pertsonaia beltzez mozorrotzerakoan aurpegia belzteari. Luzea da fenomeno horren soka, baina oraindik ere irauten du, eta askorentzat mingarria da. Berriki, polemika iturri izan da Kanadan. Hauteskunde federalak izanen dituzte urriaren 21ean, eta Justin Trudeau jarduneko lehen ministroa berriz aurkeztu da. Testuinguru horretan, garai bateko argazkiak argitaratu dituzte: Trudeau ageri da, aurpegia belztuta mozorroturik.

Dagoeneko barkamena eskatu du: «Garai hartan, ez nuen uste egindakoa arrazista zenik, baina, orain, onartzen dut arrazista izan zela, eta asko sentitzen dut». Time aldizkariak argitaratu zuen lehenbiziko argazkia: Trudeau 2001. urteko mozorro besta batean ageri zen, Aladinoz mozorroturik. Aurpegia belztu zuen horretarako —nahiz eta pertsonaia arabiarra den—. Ez da bere blackface bakarra, aitzitik: beste argazki batean, bigarren hezkuntzan aurpegia belztuta egindako emanaldi bat ikus liteke, eta Global News telebista kanadarrak plazaratutako bideo batean, Trudeau ageri da, goitik behera beltzez tindaturik, eta jantziak urraturik, keinuak eta irri egiten.


Irudiaren erdian, Justin Trudeau, aurpegia belzturik, Aladinoz mozorroturik. / BERRIA

Hauteskunde kanpainaren zurrunbiloan agertu dira argazki eta bideoak, seguruenik, kanpainan eragiteko asmoarekin. Hala ere, auzi bat paratu du mahai gainean: blackface-aren atzean ezkutatzen den arrazakeria. Inauterietan eta mozorro besta askotan ikus litezke horrelakoak: beltza den pertsonaia baten itxura hartzeko, aurpegia beltzez margotzen duten zuriak. Jarrera horretan txantxa eta josteta ikusiko dute askok, baina arrazakeriaren kontrako taldeek urteak daramate jokaera hori salatzen.

Desiree Bela-Lobedde arrazakeriaren kontrako ekintzailea ez da harritu Trudeauren argazkiekin: «Pertsona zuri asko mozorrotu dira noizbait pertsona beltzez, eta horretarako aurpegia belztu. Hori egiteko arazorik ez dela uste dugunean, zergatik ez dugu eginen?». Hala ere, jarduneko lehen ministroaren jarrera txalotu du: «Ez da ezkutatu, eta ez du agerikoa ukatu; gainera, jarrera arrazista izan dela onartu du. Eredu gisa balio beharko luke». Haren aburuz, «ez dago aitzakiarik» zuriek aurpegia belzten jarraitzeko. Batzuek esan dezakete beren asmoa ez dela inor iraintzea. Horretarako erantzuna du Bela-Lobeddek: «Aitzakiak dira. Asmoak onak izan arren, horrek besteengan eragina du, eta hori da garrantzitsuena». Gogorarazi du komunitate arrazializatuek denbora dezente daramatela egoera salatzen.

Bestearen irudiaz jabetzea

SOS Arrazakeriaren arabera blackface-ak beltzen kontrako arrazakeria «betikotzen» du. Izan ere, zuriek azal beltza irudikatzen duen makillaje beltza, ezpain gorriak eta peluka afroak erabiltzen dituzte horretarako, beltzen ezaugarriak handizkatuz eta irrigarri utziz. Zuriek sortua da, zurientzat. Hori da gakoetako bat. Ricardo Feliu NUPeko soziologoak uste du «Mendebalde osoa zeharkatzen duen tentsioaren» zantzu bat dela gertatutakoa. «Tradizioz kolektibo sozial batzuez egin den irudikapenean geroz eta nabarmenagoa da arrazakeria edo desberdinkeriaren diskurtsoa». Tradizioz jasotako elementu kultural batzuk «naturaltzat» eta «begi bistakotzat» hartu badira ere, gaur egun bestela ikusten dira.

«Naturaltzat edo begi bistakotzat jotzen diren irudikatze horiek, berez, prozesu historiko eta sozial bat dira, eta gakoa galdera hau egitea da: nork zehaztu ditu irudikatze horiek, eta zein botere posiziotatik eraiki dira?». Gaiari heltzeko, bestea irudikatzeko marko orokorra kontuan hartu behar dela uste du Feliuk. Hiru dimentsio banatu ditu berak kasu honetan: abatetik, bestea ezberdintasun biologiko gisa: «Arrazializazio prozesua agertuko litzateke hor». Bigarrenik, generoari lotutako irudikatzea, eta, azkenik, kokapena gizarte egituran. «Irudikatze joko hauetan errazagoa da menpekoak diren giza taldeak irudikatzea, hau da, irudien ekoizpena kontrolatzeko ahalmenik ez dutenak». Beraz, ez soilik blackface: berdin yellowface, japanface edo brownface. Eta berdin, emakumeen irudikapenaz: «Antzerki klasikoan emakumeek ez zuten parte hartzen: gizonek jokatzen zuten emakumeen rola, eta hor ere bazen irudikapenaren jabetze bat. Femeninoari lotutako adierazleak gizonek eramaten zituzten».


1900eko kartel bat, ikuskizun bat iragartzekoa; 'blackface' egina du. / BERRIA

Bisaia belztuen soka luzea

Blackface fenomenoa XIX. mendeko AEBetan kokatzen bada ere, soka luzeagoa da, eta baditu aurrekariak. XV. mendean, Europa esklaboen merkatuan sartzen den garaian, beltzen komunitatearen irudikapena ere agertzen da, Feliuk azaldu duenez. Nolakoa da irudikapen hori? Bada, basatia eta Mendebaldeko gizartearen kontrako balioak dituena. Kasu historiko bat Otelo obra da. Protagonista beltza da, eta, aktore zuria beltzez margotzen zen rol hura jokatzeko. Beste pertsonaia batzuk ere beltzez janzten ziren, eta horiek basatiak ziren, mehatxua irudikatzen zuten. «Beraz, XIX. menderako, badago testuinguru kultural orokor bat, batez ere mundu anglosaxoian».

Antumi Toasije historialari eta aktibista panafrikarraren arabera, XVI. mendean dagoeneko baziren blackface-ak. Espainiako Urrezko Mendean zuriek aurpegia belztuta jokatzen zuten beltzen rola: «Esklabo bihurtutako pertsona beltzek ustez egiten zituzten pailazokeriak egiten zituzten», azaldu du Africanidad webgunean idatzitako testuetan.

Estereotipoak sortuz eta esajeratuz, beltzak irrigarri uztea izaten zen helburua. Historialariaren arabera, tradizio hori Amerikeriketako lurralde okupatuetara zabaldu zen, Kubara kasurako. «Litekeena da bide horretatik ailegatu izana AEBetara». Bela-Lobeddek nabarmendu du aurpegia beltzez tindatzeaz gainera, beltzen irudi bat eraiki zutela zuriek: «Pertsonaia beltzak alferrontzi gisa irudikatzen zituzten; beraz, gizon beltz ezjakin eta nagiaren irudia sustraitzen hasi zen iruditerian».

Ipar Amerikan 1830eko hamarkadara jotzen dute blackface-ari buruz hitz egiteko orduan, garai horretan aurpegia beltzez margotzen duten aktoreen errepresentazioa sortzen baita. «Basatiaren irudia alde batera uzten da hein handi batean, eta beltzak beste modu batera irudikatzen hasten dira: zoriontsuak, beti irribarrez, infantilak eta oinarrizko moralarekin», aipatu du Feliuk. Horretarako, ezaugarriak esajeratzen dira, ezpain haragitsu eta gorriak irudikatuz. «Mendebaldekoek izan duten garapena ez dutela izan adierazten dute mezu horien bidez».

Aktoreek beltzen espresioez, hizkerez eta itxuraz irri egiten zuten, eta, normalki, beltzek ezin zituzten ikuskizun horiek ikusi. Zuriek, zurientzat. Modu horretan, ideologia arrazista indartzen zen, Toasijek zehaztu izan duenez. Aurrerago, zinemara egin zuen salto blackface-ak: 1927an, The Jazz Singer filmean Al Jolson aktorea aurpegia belztuta agertzen zen. Telebistan ere saio askotan ikusi ziren horrelakoak. Amerikan ez ezik, Erresuma Batuan ere ikus zitezkeen.

Esklabotzan oinarritutako eredua desagertu arren, beltzen irudikapen horrekin jarraitu zuten 1960ko urteak arte. Garai horretan giza eskubideen aldeko eta arrazakeriaren kontrako mugimendu zibila martxan jarri zen. Mugimendu hori indartu ahala ahulduz joan zen blackface delakoa, eta kontzientzia sortzen hasi zen gizartean.

Ikuskizun mota hori bukatu arren, zuriek beltzak irudikatzeko zuten moduak jarraitu du. «Pertsona beltzek ez zuten eskubiderik hitz egiteko, ezin zuten esan hori gaizki zegoenik. Horregatik betikotu eta naturalizatu zen, eta horregatik egiten da gaur egun ere. Dena den, ez dut ikusten beste arraza bateko pertsonaia batez mozorrotzeko beharra, eta, halakorik balego, badira beste aukera batzuk aurpegia belztu gabe», esan du Bela-Lobbedek.

Iruñean, polemika iturri izan da Baltasar, bisaia belztua zuen gizon batek irudikatua orain gutxi arte. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Tradizio belztua

Amerikan argiago ikusten dena, Europan ez da hain argi ikusten, nonbait. Izan ere, tradizio askotan agertzen dira blackface-ak. Euskal Herriko herri askotako errege kabalgatetan ikusi dira aurpegia belztutako eta ezpainak gorriz margoturiko Baltasar zuriak. Iruñean erresistentzia handia izan zen blackface-a uzteko, baina, azkenik, beltz batek jokatzen du Baltasarren rola 2016. urteaz geroztik. Herrialde Katalanetan Els negrets pertsonaiek hartzen dituzte Alcoiko kaleak Errege magoen kabalgatan, Herbehereetan San Nicolasek Zwarte Piet zerbitzari beltza du eta Belgikan noriauds errege beltzen kalejira egiten dute. Blackface tradizioak ere badaude Perun eta Kolonbian, adibidez.

Tradizio hitza ageri da askotan aipatutako kasuetan. «Tradizio horiek nola sortu diren aztertzean, berehala ageri dira boterea, desberdinkeria, estigma eta estereotipoen irudikapenak...», esan du Feliuk. «Tradizio guziak prozesu historiko baten emaitza dira; beraz, beti badago aukera haiek aldatzeko edo eraldatzeko. Baina, gaur egun, horrek beldurra ematen du».

Toasije askotan mintzatu da tradizio horiek aldatzeko beharraz. Aho bilorik gabe, gainera: «Burla horrekin jarraitzeak afrikarren ondorengoen duintasuna eta gizateriaren memoria historikoa zapaltzea dakar». Bela-Lobeddek uste du jendeak nahiago duela beste aldera begiratu, baina arrazializatuak diren pertsonak nola sentitzen diren kontuan hartu behar da: «Blackface bat ikustean gaizki sentitzen naiz, noski. Ez zait gustatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.