Udako proposamenak

Beltza ez baita kolorea bakarrik

Soul eta rhythm and blues doinuek hartuko dute Iruñea ostegunetik larunbatera. Beltza Weekend jaialdiaren seigarren ekitaldia egingo dute.

Stone Foundation taldea izango da aurtengo Beltza Weekend jaialdiko izarretako bat. BELTZA WEEKEND
Stone Foundation taldea izango da aurtengo Beltza Weekend jaialdiko izarretako bat. BELTZA WEEKEND
enekoitz telleria sarriegi
Iruñea
2024ko irailaren 3a
05:00
Entzun

Bada kolorea, baina ez kolorea bakarrik. Musika ere bada beltza, eta baditu bere historia, jatorri soziala, estetika, kultura eta testuingurua. Eta horiek aztertu eta horien berri ematea ere bada Beltza Weekend jaialdiaren helburua, sortu zenez geroztik. Seigarren ekitaldia du aurtengoa, eta orain arteko «nazioartekoena» izango dela iragarri dute antolatzaileek.

Ostegunean hasiko da, eta larunbatean amaitu. Lau talde nagusi ariko dira Zentral aretoko eszenatokian, eta askotarikoak dira horien musika estiloak, soul eta rhythm and blues soinu esparru horren barruan, betiere. Guztien artean nabarmendu dutena: Ingalaterrako Stone Foundation taldea. 25 urte bete ditu taldeak aurten, atzera begirako antologia bat argitaratu dute (Standing in the Light) eta Europan zehar ari dira bira bat egiten. Iruñean ere egingo dute geldialdia. Soul eta funk doinuak dira haienak. The Mirroregunkariaren arabera, «soul bikain eta baikorra» islatzen dute haien abestiek. «Zalantzarik gabe, Europako soul garaikide onena ekarriko digute, eta gaualdi magikoa eskaini», iragarri dute antolatzaileek —larunbatean da Stone Foundation taldearen kontzertua, Zentral aretoan, 20:00etan—.

New Yorketik (AEB) iritsiko da Daddy Long Legs laukotea, Brian Hurd abeslaria eta haren harmonika frenetikoa buru dituela. Haiena rhythm and blues «basatia» dela azaldu dute antolatzaileek: «Koktel lehergarria eskainiko digu». The Tibbs, berriz, Europako talderik onenetakoa da soul klasikoan, azaldu dutenez, eta abesti «sofistikatuz eta hunkigarriz» osatutako disko berria aurkeztuko du: Keep it to Yourself. Herbeheretakoak dira.

Doako bi kontzertu

The Rajahs izango da nazioarteko beste taldea. Aisha Khan abeslari ezagunaren taldea da —Erresuma Batuan, rhythm and blues, jazz eta blues taldeetako erreferentziazko abeslaria da Khan, ezinbestekoa 40ko eta 50eko hamarkadetako zirkuituan—. Ostiralean eta larunbatean joko dute nazioarteko talde horiek, Zentral aretoan.

Baina aurten ere doako bi kontzertu izango dira. Ostegunean, Moises No Duerme Live Band taldeak joko du Zaldi Zuriaren ostatuan, 20:00etan. Jazz eta rap doinuak nahasten ditu proiektu horrek, eta musikari nafarrez osatuta dago, hein handi batean. Ostiralean, toki eta ordu berean, Les Testarudes taldearen txanda izango da. Taldea Kataluniakoa da, eta Jamaikako musika egiten dute. Bederatzi emakumezkok osatzen dute Les Testarudes: «Musikaren munduan ahalduntzeko eta estilo maskulinizatuetan —hala nola skan eta rocksteadyan— gure lekua hartzeko sortu genuen taldea».

Kontzertuez gain, DJ saioak egingo dituzte Tarantula eta Keops tabernetan. Dari Guadasoul, Lorena Mystar, Mikel P. eta Luc Luyckx ariko dira, besteak beste. Bihar, 20 Feet from Stardom dokumentala proiektatuko dute Nafarroako Filmotekan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.