«Sexua, dirua eta abentura amaigabea; hala dio Feud: Capote vs The Swans telesaileko goiburuak. Baina nortzuk ziren Capoteren Beltxargak? Zenbateko boterea zuten New Yorkeko eliteetan?
Glamour handiko emakumeak izan ziren, 1960ko hamarkadako goi klaseko socialite distiratsuak... Manhattango La Cote Basquen elkartzen ziren, Henri Soule baionarra jabe zuen jatetxe seinalatuan. Hasieran, Capote beltxargen konfiantzazko lagun bihurtu zen bertan, eta, azkenerako, traidore. Izan ere, hamarkada bat geroago, 1975ean haien sekretuak eta bizitza pertsonala haizatu zituen Esquire aldizkari ezagunean. Marilyn Monroe, Jackie Kennedy eta Frank Sinatra ere joaten ziren hara, baina Capoteren eta beltxargen artekoa izan omen zen eskandalurik sonatuena.
Gosaria Tiffany’s-en, Odol Hotzean, Mojave... aski ezagunak dira erreferentziazko idazle estatubatuarraren literatur lanak, baina telesailak ezer gutxi du esateko haien prosaz. Ryan Murphyk eta konpainiak nahiago izan dute Capoteren B aldea esploratzea, orrialde tindatuetatik kanpo geratu ziren istorio konfidentzial bezain deigarrietan murgiltzea.
Tom Hollander ezagutezin ageri da Capoteren azalean, eta kontu handiz antzeztu du itxurazko celebrity zalapartatsuaren azpian ezkutatzen den gizon hauskorra.
Dena den, literatur lan garaikide bat da fikzio honen iturburu nagusia: Laurence Leamer kazetari estatubatuarraren Capote’s Women (2021) best seller-a. Jon Robin Baitzek jardun du testua pantaila txikirako gidoi formatura egokitzeko lanetan; eskarmentu handiko idazlea da, eta, telesailen lehen lerrora orain heldu den arren, dagoeneko birritan izan da Drama Onenaren Pulitzer Sariko finalista.
Gus Van Sant zinemagilea aritu da, berriz, irudiei autorezko estiloa emateko ahaleginetan. Tokitan geratu dira My Own Private Idaho (1991) eta garai hartako New Queer Cinema mugimendua, baina, telesaileko zortzi ataletatik sei gidatuta, Good Will Hunting (1997) eta Milk (2008) film laudatuetako zuzendariak osotasun formal bat eman dio kontakizunari, eta, beste behin ere, lortu du alboan zituen aktoreak zukutzea.
Tom Hollander ezagutezin ageri da Capoteren azalean, eta kontu handiz antzeztu du itxurazko celebrity zalapartatsuaren azpian ezkutatzen den gizon hauskorra. Emakumezkoen aktore zerrenda ere sekulakoa da: Naomi Watts eta Diane Lane, Hollywoodeko bi izar distiratsu dira beltxargen buru.
Ikusmina sekulakoa izaten da literatur maisua pantailara itzultzen den bakoitzean. 2005eko Truman Capote film biografikoa da orain artekoen artean sonatuena; Philip Seymour Hoffman zenak aktore nagusi onenaren Oscar saria irabazi zuen, Capoteren rola jokatuta. Toby Jones aktore britainiarrak hartu zuen haren lekukoa, urtebete eskasera, Infamous filmean. Biak ala biak 1966ko In Cold Blood nobelaren idazketa prozesua bildu zuten, Capoteren ibilbidean giltzarri izan zen lana.
Ehun urte joan dira Truman Capote jaio zenetik, eta datozen hilabeteetan helduko dira hari buruzko erreportaje, saio berezi eta fikzio gehiago. Oraingoz, Feud: Capote vs. The Swans Euskal Herri luze-zabalean dago ikusgai; HBO Maxek estreinatu du Hegoaldean, eta Canal Plusek Iparraldean.
fitxa
- Sortzaileak. Jon Robin Baitz eta Gus Van Sant.
- Aktoreak. Tom Hollander, Naomi Watts, Diane Lane, Chloe Sevigny eta Demi Moore.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2024.
- Non ikusi. HBO Max eta Canal Plus.
- Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
- Generoa. Drama.