«Irribarre konplize bat, eta haurtzaroko oroitzapenen bat». Horixe ei da pedalontzia aipatu orduko jendeari oroimenera datorkion lehen gauza. Hala azaldu du Unai Elizasu Arrauning enpresako arduradunak, eta irribarre hori nahi dute berreskuratu Urumean, asmakizuna sortu zen ur haietan, baina 130 urte geroago.
Denak egin du bat: Elizasuren ideiak eta Barea sendiaren borondateak. 11 urte daramatza Arrauning enpresak Urumea ibaian kanoetan txangoak antolatzen: «Urumea erakusten, Urumea zaintzen, eta Urumeatik begiratzen». Baina arraunean egin behar da kanoan, eta jendeak sentsazioa omen dauka «zerbait zaila» dela han barruan aritzea. «Eta bururatu zitzaidan: zergatik ez pedalontziak ekarri?». Diru bilketa kanpaina bat abiatu zuen, eta lau dituzte, oraingoz. «Baina hasi nintzen pedalontzien inguruan apur bat ikertzen eta orduan egin nuen topo: duela 130 urte, ekainaren 3 batean, Ramon Barea izeneko donostiar batek patentatu zuela pedalontzia». Datorren larunbatean da ekainaren 3a.
Elizasu ez zen horretan gelditu. «Eta Ramon Bareak senitartekoren bat balu?». Jarraitu zuen «kuxkuxeatzen»: sare sozialak arakatzen, webguneak begiratzen... «Telefono zenbaki bat han, beste bat hemen... Lortu nuen bere birbiloba Ramonen zenbakia, eta batere lotsarik gabe, deitu egin nion. Ezustean, benetan ondo hartu zuen ekinbidea, eta babes eta informazio guztia eman zizkidan».
Ramon Barea Unzueta historialaria baita izatez, eta asmatzailearen birbiloba: «Sekulako poza hartu genuen Unai gurekin harremanetan jarri zenean. Izan ere, Arrauning enpresak, Urumea ibaia berreskuratu eta aldarrikatzeaz gain, erabat bat egiten du gure birraitonaren asmakizunarekin eta haren filosofiarekin».
Eta zein da, bada, asmakizun hori? Pedalontzia da gurean, baina beste hainbat izen ere hartu izan ditu: pedalo, velomar... eta asmatzaileak berak eman ziona: belozipedonautikoa.
Merezi baino oihartzun txikiagoa izan duen ekintzaile, asmatzaile eta enpresaria izan zen Ramon Barea (Mutriku, Gipuzkoa, 1863-Donostia, 1933). Berak hartu zuen familiak Donostiako Aldamar kalean zeukan latorritegiaren ardura, eta han landu zituen bere asmakizunetatik asko. Gerra Ministerioarentzat lan egin zuen: Kubako eta Filipinetako gerretarako kamuflaje sistemak egin zituen; XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran zepelinetarako nabigazio sistemak ere sortu zituen; aeronautikako sistemekin lan egin zuen; hegazkinak modelatzeko sistemekin; suteak itzaltzeko sistemekin... «Baina patentatu zituen asmakizun guztien artean, pedalontziak gainditu ditu muga guztiak, eta jaio zen lekura itzuliko da orain: Urumea ibaira», azaldu du birbilobak.
Ramon Bareari buruzko ilustrazio bat: Kontxan, bere asmakizunarekin. BERRIA
Erregina balkoitik begira
Ramon Barea birraitonak, izan ere, Urumea ibaian probatu zuen lehen aldiz bere asmakizunaren prototipoa. «Ingurune seguru eta egonkor batean egin behar zituen lehen proba horiek, eta horregatik aukeratu zuen Urumea ibaia. Ziur aski, zubien artean arituko zen, gunerik seguruenean», azaldu du Barea Unzueta historialariak. Hain justu, Donostiako Jose Antonio Agirre zubiaren alboko arrapala aukeratu zuten atzo aurkezpena egiteko.
Ibaian egindako proben emaitza ona izan zen nonbait, eta Kontxako badiara mugitu zen handik. 43 kilokoko tramankulua zen aurreneko hura —gerora, hasierako hartan oinarrituta eraiki dituztenetatik oso ezberdina—, eta hiru minutuan muntatu eta desmuntatu zitekeen. 1893ko maiatzaren 14tik 15era bitartean egin zituen probak badian, eta ingeniaritzako hainbat aldizkarik eman zuten aurkezpenaren berri —La Ilustración Española y Americana aldizkariak, esaterako—.
Garai berezia zen. Kantauri itsasoko urak osasunarentzat zituen onurak famatzen zituzten garaia, eta Maria Kristina Espainiako erreginak Alfontso XII.a senarrarekin udak Donostian igarotzen zituen garaia. «Aitak kontatu zidanez, eta berari bere aitonak hala kontatu omen zion, maiatzeko egun horietako batean, Miramar jauregiko balkoira atera zen erregina, eta hara non ikusten duen gizon bat trajea eta txapela jantzita, uraren gainean oinez. Harrituta, audientzia eman omen zion gizon hari, eta Errege Etxearen zigilua ere bai bere latorritegiari. Hori dela eta, ordutik aurrera Miramar jauregian egin ziren lan guztiak Ramon Barea latorritegiak egin zituen».
Barea familiaren latorritegia, Dononostian. BERRIA
Domina eta diploma, Parisen
Ramon Barea historialariak dio pedalontzia izan dela bere birraitonak asmatutako gailu guztien artean «lau haizeetara» zabaldu dena, eta garbi dauka zergatik: «Denboraren poderioz, doituz joan delako». Munduan gehien hedatu den euskal asmakizunetako bat dela dio: «Berak nahi zuena zen asmakizunak egonkortasun handia izatea, muntatzeko eta desmuntatzeko erraza izatea, pisu gutxikoa eta abiadura hartuko zuena —hamar kilometro orduko abiadura har dezake—». Birraitona garai hartarako «oso aurreratua» izan zela nabarmendu du: «Itsasoa bizikletarekin, ariketarekin lotzea erabaki zuen, garai hartan ia inork ez zekielako igeri egiten, arrantzaleek eta kaiko jendeak izan ezik. Belozipedo nautikoa garapen fisiko gutxiko pertsonentzat zela zioen».
Pedalontziaren patentea, Parisen. BERRIA
Parisen patentatu zuen asmakizuna, 1893ko ekainaren 3an. Barearen asmakizunak oihartzun handia izan zuen nazioartean, eta Parisko Erakusketa Unibertsalean partea hartzera gonbidatu zuten, 1900. urtean. Urrezko domina eta diploma eman zizkioten, nabigazio sailean egindako asmakizun berritzaileena izan zela nabarmenduz. Ordutik aurrera hasi ziren Barearena oinarri zuten modelo ezberdinak sortzen. Elizasurena da aldarrikapena: «Urumea aldarrikatzen dugun moduan, Ramon Barearen gisako pertsonaia bat ere aldarrikatu behar dugu. Haren izena jarri diogu pedalontzi bati, baina beste toki bat izan behar luke Donostian».