Beldurrezko generoa, euskaraz

'Zure txanda da' websaila egiten ari da A Film To Kill For ekoizpen etxea, eta «odol askoz beteta» egongo da

Zure txanda da euskarazko beldurrezko lehen websaila izango da. JABI ETXEBARRIA.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Rose of Dolls ekoizle, zuzendari eta aktoreak iragarri du Zure txanda da euskaraz egingo den aurreneko slasher-a izango dela. Zer da slasher bat? Beldurrezko generoaren barneko azpigenero bat da, eta, bertan, telesaileko hiltzaile edo psikopata batek hainbat nerabe eta gazte hiltzen ditu. Hain zuzen ere, websailaren argumentua azpigenero horretan kokatzen da bete-betean: hamar ikasle barnetegi bakarti batera joango dira euskara ikastera. Horietako batzuk hilda agertuko dira. Baina nor da hiltzailea?

Grabazioak amaitu dituzte dagoeneko, eta,«okerrik ezean», jaialdietako estreinaldia Bilbon egingo dute, Seriesland jaialdian, urrian. Rose of Dolls eta Oliver Mend dira websailaren sortzaileak eta zuzendariak. Efektu bereziak eta makillajea garrantzitsuak izaten dira halako ekoizpenetan, etaIrantzu Nuñez arduratu da arlo horretaz.

Aktoreak, berriz, Irati Agirreazkuenaga, Izar Aristondo, Sofia Zallio, Iker Zarate, RastaStone Gyal, Ane Lindane, Eneritz Garcia Alonso, Jon Gaubeka, Ander Jimenez eta Saioa Uriarte izango dira, besteak beste.

Rose of Dollsek azaldu duenez, websail berriak beldurrezko zinemaren klasikoen errepasoa egingo du. «Baita pelikula horiei omenaldia egin ere. Zinemaren historiaz hitz egiteko saiakera meta-zinematografiko bat izango da neurri batean, baina bere burua serioegi hartu gabe». Gaineratu du ez direla faltako generoaren zaleek maite dituzten osagarriak. «Ikusleak odol asko, hilketa asko eta akzio bizi-bizia topatuko du. Aldi berean, galdera garrantzitsu bati erantzuten saiatuko da: Nor da hiltzailea?».

Grabaketak abenduan egin zituzten, Uribarri Ganboako urtegiko Zuhatza uhartean (Arratzua-Ubarrundia, Araba). Bilbon ere egin dituzte beste grabaketa batzuk.

Websailaren izenak euskara ikasteko txanda eta eraila izateko txanda uztartzen ditu. Honela dio istorioaren laburpenak: «Euskara ikasteko txanda, barnetegi batera joateko txanda, ikastaro trinko bat egiteko eta egunean egoteko txanda iritsi da. Baina agian ez zenuen pentsatuko hiltzeko zure txanda ere izan daitekeela».

'Otsoen lurraldean', bueltan

Oliver Mendek eta Rose of Dollsek sortutako A Film to Kill For ekoizpen etxea websailetan espezializatuta dago, eta ekoizten duen bosgarren telesail digitala izangoda Zure txanda da. «Aurrekoekin ospea lortu ostean, beldurrezko obra aitzindari honekin mugak hautsi eta nazioarteko jaialdietan urrun iritsi nahiko genuke», esan dute websailaren zuzendariek. Ekoizpen etxe bereko Otsoen lurraldean websaila iazko urrian estreinatu zuten, eta bigarren denboraldia udazkenean estreinatuko dute. Aurten, hainbat jaialditan lehiatzeko hautatu dute euskarazko websaila: Washingtongo DC Webfesten (AEB), Alemaniako Die Serialen, Italiako Sicilywebfesten eta Apulian, Miamin (AEB) eta Buenos Airesen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.